ELAk eta LABek «erabat» gaitzetsi dute Espainiako errege-erreginen bisita

Salatu dute monarkia «zuritzeko» baliatzen ari direla osasun krisia. Navarra Suma eta PSN ez beste alderdiek ez dute ontzat jo bisita

Makina bat herritar elkartu zen atzoko elkarretaratzean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Azken asteetan hainbat informazio kaleratu dira egungo Espainiako erregearen aitaren, Juan Carlos Borboikoaren, irregulartasunen gainean. Polemikaren erdian, Felipe VI.a eta Letizia Ortiz Espainiako errege-erreginak Euskal Herrian izan ziren atzo, Zizur Txikian (Nafarroa), Aspace elkartearen eguneko zentroan. Kanpoan, ELAk eta LABek deituta, herritar ugarik txistuka hartu zituzten, eta protesta egin zuten irmo, «erabateko gaitzespena» adierazteko. «Ez dira ongi etorriak», nabarmendu zuten Imanol Pascualek eta Imanol Karrerak, ELA eta LABeko Nafarroako koordinatzaileek. Gogorarazi zuten «enegarren ustelkeria kasuaren ondotik» osasun krisia eta gizarte larrialdia erabiltzen ari direla «monarkia zuritzeko».«Onartezina eta zitala» deritzote asmo horri.

Protesta egin zuten tokian, guardia zibil ugari izan ziren. ELA eta LABeko ordezkariek azpimarratu zuten langileek ez dutela halako bisitarik behar. «Ez da kasualitatea Espainiako erregeak Nafarroara etortzen direnean enpresaburu nafarrek gonbidatuta etortzea edo aukera baliatzea enpresaren bat bisitatzeko. Batzuek menekoak nahi dituzte, eta besteek, esklaboak». Gaineratu zuten Franco hil eta bi egunera berrezarri zela monarkia, eta erregearen bortxaezintasuna duela zutarrietako bat.

Parlamentuan, taldeak Felipe VI.aren bisitaz aritu ziren. Navarra Sumak eta PSNk babestu egin zuten. «Lasaitasuna eta normaltasuna» gailendu zirela nabarmendu zuen PSNko Ramon Alzorrizek. Alta, gainerako parlamentu taldeek ez zuten ontzat jo bisita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.