Sarek mosaiko bat egingo du urriaren 24an, espetxe politika aldatzeko

Donostiako Kontxatik «mundu osora» zabaldu nahi dute presoen eskubideen aldeko aldarria

Sare plataformako kideak, atzo, egitasmoa aurkezten. GORKA RUBIO / FOKU.
jon olano
2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Sare plataformak mobilizaziora deitu du urriaren 24rako, egungo espetxe politika alda dezatela eskatzeko. Egun horretan manifestazio bat egingo dute Donostian, eta asmoa da martxa Kontxako hondartzan amaitzea, bertan mosaiko bat egiteko. Mezu bat «mundu osora» zabaldu nahi dute: «Madrilgo eta Parisko gobernuetako jaun-andreak: has zaitezte benetako neurriak hartzen egoera hau atzean uzteko». Sarek berak dei egina du urriaren 3an Euskal Herriko 650 menditara joatera.

Espainiako Gobernuari zuzendu diote mezua: «Erakutsi ezazue gobernu aurrerakoia zaretela benetan, eta erabil ezazue gehiengo hori egoera hau aldatzeko. Egiten baduzue, gehiengo sindikal eta politikoaren babesaz gainera, euskal gizarte osoarena izango duzue».

Bakerako eta normalizaziorako bidean izandako mugarriak gogorarazi ditu Sarek, Kontxako hondartzaren aurrean eginiko agerraldi batean: ETAren jardueraren behin betiko amaiera, armagabetzea eta haren desegitea. Beste data bat ere ekarri dute gogora, ordea: 2018ko ekaina. «Lehen aldiz, Espainiako Gobernuko presidenteak konpromisoa hartu zuen, publikoki, espetxe politika sakon aldatzeko. Terrorismoaren aurkako espetxe politikaren ordez euskal presoen giza eskubideak errespetatzen dituen espetxe-politika bat ezartzeko konpromisoa».

Inaxio Oiartzabal bozeramaileak azaldu duenez, adierazpen horretan esandakoa betez gero, «bertan behera geratuko litzateke urruntze politika, aske egongo lirateke gaixotasun larriak dituzten presoak (eta litekeena da Igor Gonzalez bizirik egotea) eta salbuespen araubidearen ordez espetxe araubide arrunta aplikatuko litzateke». Haatik, salatu du promes horiek ez direla gauzatu eta egin diren aldaketak «oso mugatuak» izan direla.

Gobernuak mugiarazteko deitu dute mobilizaziora: «Giza eskubideen alde dauden eta salbuespeneko espetxe politika desagerraraztea eta guk izan duguna baino etorkizun hobea lortu nahi duten guztientzako deialdia da». Izan ere, uste dute egungo egoera ezin dela luzatu: «Igorren [Gonzalez Sola] heriotzak azkena izan behar duelako eta senideen sufrimenduak desagertu egin behar duelako. Bakean eta bizikidetzan oinarritutako gizarte bat behar dugulako».

Larunbatean, bakegileek

Datorren larunbaterako ere antolatuta daude euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak. Izan ere, bakegileek egun osorako dinamika bat prestatu dute. Kondena heriotzaraino? 30 urte aski da! lelopean, hiru ekintza izango ditu: goizean, elkarretaratzeak egingo dituzte Ipar Euskal Herri osoan, 11:00etatik 13:00etara; ondoren, 12:30etik 14:30era, autokarabanak abiatuko dira Maule, Donibane Garazi eta Hendaiatik (Lapurdi). Horiek guztiak Baionako suprefeturaren aitzinean elkartuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.