«Benetako burujabetza» babestu dute, Eusko Legebiltzarra inguratuta

Ehun-ek deituta egin dute mobilizazioa; mugimenduak nabarmendu du egungo eredu autonomikoa «giltzarrapo gisa pentsatu» zutela

Ehunek atzo legebiltzarraren inguruan eginiko mobilizazioa. RAUL BOGAJO / FOKU.
jon olano
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Hainbat herritar batu ziren atzo eguerdian Gasteizen Eusko Legebiltzarra inguratzeko. Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak deitu zuen mobilizaziora, eta 12:00ak pasa zirela hasi zen jendea parlamentuaren inguruan batzen, zinta batekin, elkarren arteko distantzia mantentzeko. Bakoitzak bere lekua hartuta, kolore ugaritako kea zabalduz koloreztatu zuten legebiltzar ingurua. Osoko bilkura zuten eraikinaren barruan, baina protestara atera zen Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea ere.



Etzi 41 urte beteko dira Gernikako Estatutua onartu zenetik, eta, parlamentuko atarian, Unai Apaolaza eta Ainhoa Gutierrez Ehuneko bozeramaileek gogoan izan zuten efemeridea: «Hemen bildu gara, EAEko Autonomia Estatutuaren 41. urteurrenean, esateko autonomia estatutuek eman dutela eman zezaketen guztia». Izan ere, Gutierrezen eta Apaolazaren arabera, «marko autonomiko espainiarrak etorkizun ilunago bat besterik» ezin du eskaini, eta nabarmendu dute horretan jarraituz gero etorkizunak okerrera egingo duela: «Espainiako autonomien mugak onartuz gero, zulora goaz».

1979ko estatutua eta Nafarroako Foru Hobekuntza sortu zireneko giroa eta «sable zaratak» ekarri dituzte gogora, uste baitute lege horiek «burujabetza nahiari topea jartzeko» sortu zirela: «Autonomia estatutu hauek, euskal herritarroi burujabetza emateko baino gehiago, euskal herritarrok burujabetza gehiago ez lortzeko giltzarrapo gisa pentsatu ziren».

Estatutua, «trikimailu»

Horregatik, uste dute iritsi dela «argi hitz egiteko» garaia: «Autonomia estatutuak trikimailuak besterik ez dira izan, txikikerien inguruko erabakiak hartzeko ahalmena oparituz gure bizitza eta lurraldeen gaineko erabakiak hartzen ditugula sinetsarazteko. Horregatik diogu tutoretzapeko autonomia horiek benetako burujabetza giltzapetzeko kaiolak direla. Betiko elite ekonomiko, politiko eta kulturalek irabazten jarraitzeko beharrezkoa duten kaiola».

«Garai nahasiak» datozela iragarri dute, eta, horietatik «onik ateratzeko», Ehunek uste du beharrezkoa dela «gero eta burujabetza handiagoa» izatea: «Espainiako Estatuaren menpe dauden autonomia hauetatik, eliteek gure ordez hartzen dituzten erabakien ondorioz, gero eta soldata baxuagoak, pentsio baxuagoak, osasungintza murritzagoa, hezkuntza kaskarragoa, bizitza ezduinagoak... besterik ezin ditugu espero». Ildo horretan, Apaolazak eta Gutierrezek nabarmendu dute Espainiaren marko autonomikoa ez dela gai «burujabetza herriarengan uzteko». Horrela, ohartarazi dute legebiltzarrak ez dituela herritarrak «salbatuko» eta euskal herritarrentzat «hondamendia» dela: «Horregatik, gaur eta hemen, benetako burujabetza behar dugu. Gaur eta hemen, Euskal Errepublika bat behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.