Jaurlaritzak bere gain hartuko du AHTa hirietara iristeko lanen zati bat

Bilboko eta Gasteizko sarbideez gain, Arkautiko lotunearen zati bat ere hartuko du. Arriolak ziurtatu du sarbideak «lur azpikoak» izango direla

AHTa egiteko lanak, Atxondon (Bizkaia). ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Erredakzioa
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailburu Iñaki Arriolak esan du AHT abiadura handiko trenaren lan batzuk hartuko dituztela, «lan horiek azkartzen laguntzeko». Zehazki, Bilborako eta Gasteizerako sarbideetako zati batzuk, Zaratamotik (Bizkaia) Bilborako tunela eta Arkautiko lotunearen lan batzuk (Araba) bere gain hartuko ditu Jaurlaritzak.

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin ditu adierazpenok Arriolak. Ziurtatu du Bilborako eta Gasteizerako sarbideak «lur azpikoak» izango direla, baina ez du baztertu «behin-behinean» bestelako irtenbideak adosteko aukera, lan horiek egiten diren bitartean zerbitzua eskaini ahal izateko. Esan duenez, behin-behineko irtenbide horiek ez lukete «atzerapenik» edo «lur azpiko sarbideak zalantzan jartzerik» ekarriko.

Bilboko sarbideari dagokionez, Arriolak azaldu du protokolo bat sinatu behar dela, erakunde bakoitzak hartuko duen konpromisoa zehazteko: «Urrats hori ezinbestekoa da».

Lanen egoera

Arriolak esan du Gipuzkoako lan gehienak eginda daudela, Hernanitik Astigarragara joango den tartea izan ezik. Araban eta Bizkaian, berriz, trenbideak hogei atal izango ditu, eta horietatik 11 bukatuta daude; beste zortzi egiten ari dira, eta falta den atal horretan laster hasiko dira lanak.

Arriolak espero du lan horiek 2024rako amaituta egotea. Beste kontu bat da Bilborako eta Gasteizerako sarbideen auzia; hori «zailtasunez beteriko prozesua» izango da, eta luzeago joko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.