Laguntza publikoei esker, autoen salmenta %37 handitzen ari da martxoan

Hilaren 1az geroztik, Jaurlaritzak 2.000 eta 3.000 euro artean ematen dizkie A energia ziurtagiriko autoa erosi eta zaharra botatzen dutenei

Iker Aranburu.
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Diru publikoa bere helburua lortzen ari da: autoen matrikulazioari bultzada bat ematea. Dirua Eusko Jaurlaritzak jartzen du, eta haren eskutik auto berrien salmenta %37 handitu da martxoan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ez dute zabaldu zehazki zenbat autok jaso duten Renove planaren laguntza publikoa, 2.000 eta 3.000 euro artekoa.

Faconauto auto saltzaileen Espainiako patronalak eman zituen atzo datuak. Haien arabera, martxoaren 1etik 19ra 1.747 auto auto matrikulatu dira hiru lurraldeetan, iaz epe horretan baino %37,78 gehiago. Hazkundea handiagoa da erosle partikularren kasuan: 1.509 erosi dituzte herritar soilek, %53,35 gehiago. Haientzat da Jaurlaritzaren laguntza, eta ez enpresentzat.

Lurraldeka, Gipuzkoan handitzen ari da gehien salmenta (+%52), eta ondoren datoz Bizkaia (+%34) eta Araba (+%24).

Igoera handia da, eta arrakasta gisa sal dezake Eusko Jaurlaritzak, merkatua biziberritzea baitzuen helburua, eta, aldi berean, adiskidetasun keinu bat egitea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako autogintza industria boteretsuari. Baina, hein berean, aintzat hartu behar da martxoko salmenta emaitzak puztuta daudela. Izan ere, otsailean %18,7 jaitsi ziren salmentak eremu horretan, balizko erosle askok erosteko erabakia atzeratu zutelako Jaurlaritzaren laguntza jaso ahal izateko. Nafarroan ez da halako laguntzarik, eta %2,4 handitu ziren matrikulazioak otsailean.

A energia ziurtagiria

Itxoin zutenetako asko ohartu dira laguntzarik ez dutelako jasoko, Renove planaren dirua jasotzeko baldintzen artean dagoelako erositako autoak A energia ziurtagiria izan behar duela. BERRIAk galdekatutako kontzesionarioetan erantzun argia eman zuten: «Hamarretik bederatzi ez dira A ziurtagiridunak». Gainera, baldintza hori betetzen zuten gehienak auto handiak dira eta, hortaz, laguntza jasotzeko beste baldintza bat ez zuten betetzen: 25.000 eurotik beherako kostua izatea.

Faconautoren arabera, Renault taldeko bi markak dira planari etekin gehien atera diotenak. Renaultek berak 49 auto saldu zituen 2018ko martxoko lehen hamalau egunetan, eta 139, berriz, aurtengoetan (+%184). Haren kostu txikiko marka, Errumaniako Daciak, 37tik 106ra handitu ditu bere salmentak (+%186). Ez bata ezta bestea ere ez dira izan gehien saldutako hiruren arteanazken urteetan.

Planari esker auto elektriko gehiago eta GLP gasa erretzen dutenak ere saltzen ari direla aitortu dio Bizkaiko auto saltzaileen elkarteak Europa Press berri agentziari. Diru gehien jasotzen dutenen artean daude horiek —3.000 euro auto elektrikoa erosten dutenek, eta 2.250 euro, berriz, GLPa erosten dutenek—. Jaurlaritzak bost milioi euro jarri ditu Renove planean, hau da, 2.000 eta 2.500 autoren erosketa lagunduko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.