Ibilgailu gidaridunen dekretua larunbatean jarriko da indarrean

Eusko Jaurlaritzak ez ditu aintzat hartu Lehiaren Euskal Agintaritzak arauari buruz egindako oharrak, eta Unautok Auzitegi Gorenera jo du

Taxilarien protestak iazko uztailean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Bi hilabete ere ez dira Uber Hego Euskal Herrira iritsi zela. Bilbon eta inguruetan hasi zen zerbitzua ematen, Espainiatik etorritako hogei auto eta gidari erabiliz. Uber eta IG ibilgailu gidaridunen zerbitzua eskaintzen duten gainerako plataformek irizpide berrietara egokitu beharko dute aurrerantzean, ordea. Izan ere, zerbitzua arautzen duen dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak, eta indarrean egongo da larunbatetik aurrera. Dena den, hura onartu bezain laster Unauto elkarteak jakinarazi du Espainiako Auzitegi Gorenera joko duela, eta helegitea jarriko duela dekretuaren aurka. Elkarte horrek uste du Bartzelonako kasu batek jurisprudentzia ezarri duela, eta hura dela erreferentzia arautzean.

Horiek horrela, Jaurlaritzaren arauak jasotzen du zerbitzua aurrez kontratatu beharko dela derrigorrean, eta zerbitzua kontratatzen denetik ibilgailuak zerbitzua hasi arte gutxienez 30 minutu igaro behar direla. Ibilgailu gidaridunek ezingo dute berehalako zerbitzurik eman, beraz, eta ezingo dute bezero bila aritu errepidean. IGak ezingo dira ikusgai izan ere geolokalizazio sistemen bidez. Dekretuak bere egin ditu Espainiako Gobernuak iaz onartutako irizpideak, eta Uberren moduko plataformei ezinezkoa egingo die iataxilariei lehia zuzena egitea.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapeneko sailburuak azaldu du «beharrezko izapide guztiak» betetzen dituela dekretuak, eta «legeak dioena» jaso besterik ez dutela egin. Adierazi du administrazio guztien oniritzia duela arauak, baita sektorearena ere taxilariena eta ibilgailu gidaridunena.

2018ko udan, taxilariek protestak hasi zituztenetik, sektorea arautzeko ahaleginean elkarlanean aritzea erabaki zuen Jaurlaritzak, eta ordutik mahaiaren bueltan elkartu dira gobernua, taxilarien ordezkariak eta IG elkarteak; ez, ordea, plataforma digitalak. Negoziazio horren emaitza dab dekretua, sailburuaren hitzetan. «Hemen ez ditugu beste leku batzuetan dituzten istilurik».

Jaurlaritzak ez du zerbitzua arautzeko legea egiteko eskumena; udalei eta foru aldundiei dagokie legea betearazten dela egiaztatzea. Tapiak jakinarazi du hiru administrazioak elkarlanean ariko direla zeregin horretan, halere. «Koordinazioa erabatekoa izango dugu betetze maila kontrolatu ahal izateko».

Aldaketarik ez

Dekretua atzo onartu bazen ere, orain hilabete inguru ezagutarazi ziren arauaren xehetasunak. Eta orduko hartan Lehiaren Euskal Agintaritzak arauaren kontrako txosten bat igorri zion Jaurlaritzari, esanez bertan jasotzen diren neurriak «baztertzaileak» eta «murriztaileak» direla. Tartean, gehiegizkotzat jo zuen kontratazioa egin eta zerbitzua hasi artean ordu erdiko tartea izatera derrigortzea. Batzordearen hitzetan neurriek merkatuaren lehia mugatzen dute, eta erabiltzaileak kaltetuko dituzte.

Lakuak ez ditu aintzat hartu ohartarazpenak, ordea, eta aldaketarik egin gabe, bere horretan onartu du dekretua. «Legea betetzen du dekretuak», adierazi du Tapiak. Eta gogoratu du batzordearen txostena ez dela loteslea. Horrez gain, adierazi du ez dituela kezkatzen Uber eta antzeko plataformek arauari jar liezaioketen errekurtsoek. «Ez gaude helegiteen beldur».

Sailburuak aitortu du gobernua elkartu dela plataformekin, baina dekretua «onartzear» zegoela ordurako. Azpimarratu du, hala ere, arauak garraio zerbitzuak arautzen dituela, eta ez plataforma digitalen erabilera. «Plataformak beste gauza bat dira; guk ez ditugu haiek arautu». Izan ere, auto gidaridun bat alokatzeok aplikazio digital gisa aurkezten badira ere, Europako Auzitegiak garraio enpresa direla adierazi zuen.

Gaur egun, guztira, 172 lizentzia daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 3.000 taxi inguru. Baina aurrerantzean ez dira IG lizentzia gehiago emango, IG bakoitzeko 30 taxiren araua bete behar delako, eta 2022tik aurrera IGak hiri arteko zerbitzuetarako izango direlako bakar-bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.