EH Bilduk ez du aurrekontuen alde egingo, eta Urkulluk EPri so egin dio

EAJk eta PSEk ez dute babesik behar, baina Jaurlaritzak akordio zabalerako bidea jorratu nahi du

Maddalen Iriarte eta Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
gurutze izagirre intxauspe
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Gobernuak aurrekontuen negoziazio betean sartuta daude. Eusko Jaurlaritzak aise aterako ditu bereak aurrera EAJren eta PSE-EEren gehiengoarekin, baina Jaurlaritzak azaldu du aurrekontuen gaineko «akordio zabala» lortzea dela euren asmoa. Hori dela eta, gobernua oposizioko alderdiekin biltzekoa da. Atzo goizetik, eztabaida mahai gainean zegoen, berriz ere. Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak aurreratu zuen «lehengoari eusteko bada» EH Bildu ez dela egongo aurrekontuen akordioan. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramaileari luzatu zion eskua, «aurreko legealdian egin zuten moduan oraingoan ere» aurrekontuak babestu ditzan. Aurreko legealdian Elkarrekin Podemos taldea Lander Martinezek gidatzen zuen, eta azken orduan erabaki zuten aurrekontuak babestea. Uztaileko hauteskundeen ostean, beste legealdi bati eman zaio hasiera, eta Elkarrekin-Podemoseko taldea Miren Gorrotxategi da bozeramailea orain.

EH Bilduri dagokionez, uste du koronabirusak eragindako egoera batean ezin direla orain arteko formulak baliatu aurrekontuak egiteko: «Betikoa egiteak betiko lekura eramango gaitu». EH Bilduk beste leku batera joan nahi duela azaldu zuen Iriartek, «herritarrak erdigunean jarri eta babesteko».

Inbertitzeko beste era bat

Bozeramaileak uste du herria ataka larrian dagoela, eta ataka horretatik beharrezkoak diren inbertsio publikoak eginez atera ahal izango dela. «Ezin da betiko lekuetan eta beti bezala inbertitu diru publikoa». Hortaz, diru publikoa herritarren gehiengoaren interesak babestera bideratu behar dela nabarmendu du. «Hori da gure lehentasun politikoa eta hori da beti defendatu duguna, aurrekontuen gaineko eztabaidan ere bai».

Miren Gorrotxategik Eusko Legebiltzarreko kontrol saio batean egindako galderari erantzunez, berriz, Iñigo Urkulluk Elkarrekin-Podemosi eskaini dio jarraipena ematea aurreko legealdian lortutako aurrekontu akordioari. Gorrotxategik uste du zaintzaren ereduaren inguruko krisi sakon bat dagoela, eta Urkulluri galdetu dio ea zein den Jaurlaritzaren jarrera gai horren inguruan. Iragan astean Urkulluk alderdiekin irekitako bilera sortan Elkarrekin Podemosek proposamen bat aurkeztu zion «zaintzaren krisia eta bizitza duina bermatzeko». Aurrekontuen negoziazio mahaian proposamen horiek jarriko ditu Elkarrekin Podemosek, eta horri buruzko zein iritzi duen ere galdetu zion Gorrotxategik Urkulluri.

Urkulluk erantzun zion badagoela aurrekontu bat Podemosek babestutakoa, zeinetan «489 milioi gehiago txertatu diren osasunean, 138 hezkuntzan eta 107 babes sozialean». Urkulluk eskua luzatu zion jarraipena emateko hurrengo legealdian ere: «Aurrekontu sozial eta eraginkor bati jarraipena emateko aukera daukagu. Lau eurotik hiru politika sozialetara eta gehien behar duten pertsonetara bideratuta dago. Berresten dugu gure eskaintza ireki eta leiala aurrekontuetarako akordioari jarraipena emateko».

Iruñea, Madril eta Gasteiz

Ostalarien krisiaz gain, atzoko kontrol saioan aurrekontuen negoziazioa izan zen hizpide Eusko Legebiltzarrean. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak EH Bilduri eskatu zion Nafarroako eta Espainiako Gobernuarekin «erakutsi duten konpromiso maila» erakusteko Jaurlaritzarekin ere. Datozen asteetan negoziazioak irekiko dituzte oposizioko alderdiekin, eta «koronabirusak eragindako krisi honi erantzuteko zenbakiei eta neurriei buruz eztabaidatzera» gonbidatu zituen, Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez. Kortajarenak galdetu zion COVID-19ak eragindako krisiari erantzuteko zein inbertsio egiteko prest dauden, orain artekoak «oso gutxi» izan direlakoan. Azpiazuk zuhurtzia eskatu zion datuak ematerako orduan. Esan zuen oraingoz 950 milioi euro bideratu dituztela COVID-19ak eragindako gastuei aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.