De los Toyosek Eibarko alkatetza utzi du, Jaurlaritzan aritzeko

Lurralde Antolaketako sailburuordea izango da: Arriolaren albokoa. Jon Iraola izango da alkatea

Jon Iraola eta Miguel de los Toyos, atzoko agerraldian. EIBARKO UDALA.
jon olano
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Miguel de los Toyos Eibarko (Gipuzkoa) alkateak dimisioa emango du martxoaren 4ko udalbatzarrean, 2023ko udal hauteskundeei begira erreleboa emateko. Atzo eginiko agerraldi batean, iragarri zuen kargua utziko duela eta Jon Iraola PSE-EEko Obra, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi eta sozialisten udal taldeko egungo bozeramaileak hartuko duela alkatetza, bi urte barruko hauteskundeetan hura izan dadin hautagaia. Egun batzuk igaroko dira De los Toyosek kargua uzten duenetik Iraola izendatzen duten arte, eta, bitarte horretan, Alberto Albistegi PSE-EEko zinegotzia izango da jarduneko alkatea.

Aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketarako sailburuordea izango da; hain zuzen, Arriola sailburu eta Eibarko alkate ohiaren azpikoa. Iraolak azaldu du «erronka bat» dela udalaren buruan jartzea, baina «gogoz, arduraz eta, batez ere, errespetuz» hartzen duela: «Nire onena emango dut eibartarrak merezi duten bezala ordezkatzeko».

De los Toyosek sare sozialetan zabaldutako mezu batean aitortu duenez, ez da «erabaki erraza» izan alkatetza uztea: «Ez da erraza nire sentimenduak lerro gutxi batzuetan laburtzea. Baina nabarmendu nahi dut nire bizitzaren aro hau oso eskertuta amaitzen dudala». Oposizioko alderdi politikoentzat ere esker oneko hitzak izan ditu, egindako lana eskertu baitie. Hark udalbatzan utzitako lekua Ander Curielek beteko du, PSE-EEko zinegotzi gisa.

De los Toyosek hamahiru urte egin ditu Eibarko alkatetzan, 2008an Iñaki Arriolaren lekukoa hartuta, eta 26 guztira udalean. 1968an sortua da, eta 1995ean sartu zen zinegotzi, Arriola bera alkatea zela. 2003an, berriz, udal gobernuaren bozeramaile lanetan aritu zen. Abokatua da ogibidez.

Haren agintepean, PSE-EE lehen indarra izan da Eibarren, 2011, 2015 eta 2019ko hauteskundeetan botoen %30-33 eskuratuta. Hain zuzen, Eibarko alkatetza izan da sozialistek azken urteetako apalaldian alkatetzari eustea lortu duten udalerrietako bat. Aurten, Eibarko Udala izan da interesguneetako bat aurrekontuen eztabaidan, PSE-EEk eta EAJk EH Bildurekin adostu baitute 2021erako aurrekontu proiektua.

Hitzartutako aldaketa

Aldaketari buruzko xehetasun batzuk eman dituzte alderdiko arduradunek. Eneko Andueza PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusiak De los Toyosen lana goraipatu du, eta azaldu «herritarrekin eskuz esku eginiko urteetako lana» baliagarria izango zaiola «ardura berria arrakasta handiagoz» bete ahal izateko. Iraolaz, berriz, nabarmendu du udal taldean aritutako urteotan esperientzia bildu duela alkate lanetan jardun ahal izateko. Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz, esan du aldaketa «aurreikusita» zegoela; Onda Cero irratian eginiko elkarrizketa batean, azaldu du De los Toyosek «legealdi asko» zeramatzala udalean eta «aldaketa bat» behar zuela bere bizitzan, «lan handia egin ondoren». Iraolaren inguruan, berriz, esan du «Gipuzkoako PSE-EEko apustu gazte bat» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.