Marea berdera batu da Kolonbia ere. Argentinak eta Mexikok aurretik egin bezala, abortua legeztatzeko urratsa egin du herrialdeak, eta Latinoamerikako legedirik aurrerakoiena izango du. Kolonbiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki du abortua despenalizatzea haurdunaldiaren 24. astera arteko epean. Auzitegiak astelehenean hartu zuen erabakia, eta boto bakarraren aldearekin onartu zuen despenalizazioa: bost epailek bozkatu zuten alde, eta lauk kontra. Epaia «historikoa» da, herrialdeko elkarte feministen esanetan, eta nabarmendu dute atea zabalik uzten duela oraindik abortua zigor kodetik ezabatu eta, hala, delitu gisa ez hartzeko.
Ehunka emakumek ospatu zuten epaia auzitegiaren parean, zapi berdeak airean astinduz. «Lorpen handia da emakumeentzat. Historikoa da Kolonbiarentzat eta Latinoamerikarentzat. Aurrerapauso handia da aurrerantzean ere bizitza, osasuna, askatasuna eta emakumeen erabakitzeko eskubidea bermatzeko», adierazi zion Mariana Adrila Causa Justa mugimenduko bozeramaileak Efe albiste agentziari.
Causa Justak ehun elkarte feminista baino gehiago biltzen ditu, eta hura izan zen despenalizazioa ekarri duen auziaren bultzatzailea. Duela urte eta erdi, salaketa bat aurkeztu zuen Konstituzionalean, abortua zigor kodetik kentzeko. Mugimenduak ez du lortu abortua delitu gisa ez hartzea, baina garrantzitsutzat jo dute emakumeek sei hilabeteko abortatzeko eskubidea aitortua izatea. Hala ere, Konstituzionalak beste salaketa bat aztertu behar du oraindik, eta abortuak aurrerantzean ere delitu izan behar duen ala ez erabaki.
Orain, legediak islatu beharko du Konstituzionalak ezarri duen irizpidea. Auzitegiak dei egin die parlamentuari eta gobernuari, epaia betearaziko duen lege bat prestatu eta onar dezaten, ahalik eta azkarren.
Kolonbian abortua legez kanpokoa da, hiru kasutan izan ezik: haurdunaldia bortxaketa baten edo intzestu baten ondorio denean, amaren osasuna arriskuan jartzen duenean, edo umekiak malformazioren bat duenean. Legediak 2006an jaso zituen salbuespen horiek, eta, ordutik, abortuen kontrako salaketak nabarmen ugaritu dira.
Urtean 400 kasu inguru iristen dira epaitegietara, eta, 2006tik 2019ra bitartean, 5.700 emakumek aurre egin behar izan diete abortu salaketei. Lau urte eta erdira arteko kartzela zigorrak jasotzen ditu legediak. Causa Justak fiskaltzaren datuetan oinarrituta osatu duen txostenaren arabera, abortu kasuak judizialki jazarriagoak daude bortxaketa kasuak baino.
Legezkoa izan arren, izututa
Kolonbian, 10 eta 14 urte arteko 4.200 neska baino gehiago erditu ziren iaz, nahiz eta abortatzeko eskubidea izan haien kasuan sexu harremanak bortxaketatzat jotzen direlako. Elkarte feministek salatu dute legeak zenbait salbuespen bildu arren emakume askok ez dutela abortatzen, salatuko dituzten beldurragatik.
Abortatzen duten gehienek bide informalak erabiltzen dituzte, osasun sistematik kanpo, horrek dituen arrisku guztiekin. Izan ere, salaketa gehienak—%60 eta %70 artean— osasun langileek jarritakoak dira. Amen heriotza kausetan laugarrena da abortua. Causa Justaren arabera, urtean izaten diren 400.000 abortuetatik %10 egiten dira bermeak dituzten osasun erakundeetan. Mugimenduak salatu du kriminalizatzeak ez duela bizia babesten, ezta abortuak geldiarazten ere.
Argentinak 2020. urtearen amaieran despenalizatu zuen abortua, haurdunaldiaren lehen 14 asteetan. Gauza bera egin zuen Mexikok iazko irailean, baina haurdunaldiaren 12. astera arte. Latinoamerikan, epe bera despenalizatuta daukate Uruguaik, Guyanak eta Kubak.
Munduan, sei herrialdek guztiz debekatuta daukate abortua. Horietatik lau daude Latinoamerikan eta Kariben: Nikaragua, El Salvador, Haiti eta Dominikar Errepublika. Abortua salbuespenik gabe delitutzat daukaten beste bi herrialdeak Malta eta Vatikanoa dira.
Kolonbian abortua despenalizatu dute, haurdunaldiaren 24. astera arte
Elkarte feministen esanetan, erabaki «historikoa» da herrialdearentzat eta Latinoamerikarentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu