Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioa. Alderdien hitzartzeak

EAJ. Elkarlan ezinezkoa «ezker abertzalearekin»

Joseba Egibar jeltzaleak EH Bildu eta «ezker abertzalea» kritikatzeko baliatu du mintzaldiaren zatirik handiena. Elkarlanaren alde egin du

Joseba Egibar EAJren taldeko bozeramailea, atzo. RAUL BOGAJO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
«Ezker abertzaleak beti izan du arazo bat herri hau ulertzeko. Nahiago du bere irudimenean nahiko lukeen herria eraiki, eta gero herria bere nahierara ekarri. Hori da errealitatearekin talka egitea. Herriak ez zaitu zu aukeratu, Iriarte anderea». Esaldi sorta horrek ongi laburbiltzen du atzo Eusko Legebiltzarrean EAJko Joseba Egibarrek lehendakarigaiei erantzuteko egindako mintzaldiaren tonua. Izan ere, EH Bildu eta «ezker abertzalea» kritikatzeko baliatu zuen haren hitzaldiaren zatirik handiena. «Herria» hitzari erreferentzia eginez, hasieran: «Hauteskundeak izan dira, eta herriak hitz egin du, hainbeste aipatu duzuen herriak». Nabarmendu zuen «herri horren gehiengoak» Iñigo Urkullu aukeratu duela lehendakari, «diferentziarekin, gainera». EH Bilduk ez bezala, Egibarren ustez, EAJk «beti entzun izan du herria»: «Ez da herria aldatzen saiatu. Entzun eta erantzun. Hor dago diferentzia nabarmena zuen eta gure proiektuaren artean».

Egibarrek salatu zuenez, EH Bilduk ez dauka gaitasun eta borondaterik akordioak egiteko, eta horren adibide jarri zuen Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak EP Elkarrekin Podemosen babesik lortu ez izana. «Oposizioa egin nahi duzue, baina ez eraikitzailea: suntsitzailea». EH Bilduren estrategia «dagoena higatzea» dela nabarmendu zuen Egibarrek, baina EAJk haien beharrik ez duela zehaztuta, PSE-EErekin gehiengo osoa baitu EAJk legebiltzarrean: «Zuekin edo zuek gabe, aurrera egingo dugu». EAJrekin elkarlanean aritu nahi ez izatea ere egotzi zion EH Bilduri: «EAJrekin ez duzue nahi akordiorik, EAJ ordezkatu nahi duzuelako». Oroitu zuen EH Bilduk sozialistei bidea emana diela Nafarroako eta Espainiako gobernuetan: «Eta EAJrekin ez? Pena bat da».

«Esfortzua eta diziplina»

Egibarren ustez, osasun eta ekonomia krisitik ateratzeko «bi gako» daude: «esfortzua eta diziplina». Haren arabera, «guztion lana» da beharrezkoa: «Bakoitzak berea eta guztion artean geurea». Elkarlanaren alde egin zuen atzo horretarako, eta, bertzeak bertze, EPko Gorrotxategiri luzatu zion eskua: «Eraikitzailea den oposizio bat egin nahi bada, gustura esploratuko dugu». Autogobernuaren alde ere egin zuen, Madrili zuzenduta: «Bete behar den egutegi bat dago, eta bete egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.