Koronabirusa

Beste 1.207 kasu positibo atzeman dituzte Hegoaldeko zenbaketetan

Uxue Rey Gorraiz.
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Kutsatuen kurbak lautzera egin duela erakusten dute Hego Euskal Herrian bildutako azken datuek. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dutenez, Osasunbideak eta Osakidetzak 16.951 proba egin zituzten herenegun, eta horien %7,1k eman zuten positibo. 1.207 positibo zenbatu zituzten guztira, bezperan baino bat gehiago.

Lurraldeka, Gipuzkoan atzeman zuten kasu gehien Hegoaldean: 478 izan ziren. Bizkaian, berriz, 432 kasu detektatu zituzten. Nafarroan 138 izan ziren, eta Araban, berriz, 136.

Aipatzekoa da Nafarroako kasuen beheranzko joeraren sendotzea. Bost egunez jarraian, 200 koronabirus kasu baino gutxiago atzeman dituzte foru erkidegoan. Hala eta guztiz ere, herenegun egindako probak aintzat harturik, handitu egin da positiboen portzentajea, bezperako datuen aldean: Osasunbideak egindako testen %6,7k eman zuten positibo. Asteartean, berriz, %5,6 izan zen ehunekoa. Osakidetzak egindako testei dagokienez, herenegun egindako proben %7,18 izan ziren positibo.

Halaber, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du birusarekin eri ziren zazpi pertsona zendu direla azken egunetan; lau herenegun hil ziren, eta aurreko egunetan hildakoak dira beste hirurak. 81 eta 100 urte bitartekoak ziren.

188 lagun ZIUetan

COVID-19arekin eri ziren 66 lagun ospitaleratu zituzten herenegun Hegoaldeko erietxeetan. Horiek aintzat harturik, oraintxe bertan guztira 860 pertsona daude gaitzarengatik ospitaleratuta Hego Euskal Herrian. Zehazki, 672 gaixo gela arruntetan daude, eta 188 lagun daude ZIU zainketa intentsiboak ematen dituzten unitateetan, bezperan baino zazpi gutxiago, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.