Koronabirusa. Iñaki Zulaika. Farmazialaria

«Hemen guk maskarak jaso artean, atzean merkatu beltz bat dago»

Zulaika farmazialariak maskaren falta sumatu du euren burua nahiz gainerako herritarrak babesteko. Iruditzen zaio, jenero nahikoa iritsi ahala, maskarak ezinbestekoak izango direla kalera ateratzeko.

Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Zarautzen (Gipuzkoa) farmazia bat dauka Iñaki Zulaikak (Zarautz, 1960). Esan du herritarrak «oso kezkatuta» joaten zaizkiela, besteak beste maskarei buruz galdezka. Farmazialariak nabarmendu du, prezioaren gorabeherak saihesteko, kostaprezioan saltzen dituztela maskarak. Izan ere, atzo arte, ez zegoen maskara horien salneurriari buruzko inolako irizpiderik. Espainiako Gobernuak erabaki du maskara kirurgikoek behintzat gehienezko prezio bat izango dutela: 0,96 euro.

Farmazian nahiko maskara al dauzkazue?

Ez. Hilabete egon gara maskararik gabe. Aurreko astean hasi ginen jasotzen, eta desastre bat da. Hemen guk maskara eskaerak jaso artean, atzeko aldean merkatu beltz bat dago. Kontua da aurreko aste honetan hasi ginela jasotzen, eta maskara kirurgikoak jasotzen genituela, marka desberdinetakoak prezio desberdinetan. Elkargoan erabakia hartu genuen kostaprezioan saltzeko.

Zein preziotan saltzen dituzue?

1,50 euro inguru —maskara kirurgikoak—. Batzuetan, 1,20 eta besteetan, 1,50, baina pare bat kaxa-edo jaso genituen, eta bakoitza 2,30ean saldu behar izan genuen.

Horiek erabiltzea gomendatzen dute?

Seguruena FFP2 da, baina balbularik gabe. Izan ere, FPP2arekin zuk ez duzu kutsatzen eta besteek ere ez zaituzte kutsatzen. Balbula baldin badauka, zuk bestea kutsa dezakezu.

Honen guztiaren atzean merkatu beltz bat dagoela aipatu duzu.

Bai, izugarria. Bartzelonan, gure biltegiari deitu zioten esanez aduanan zegoela kargamentua, eta begiratzera joan zirenean, ez zegoen aduanan eta ez zegoen inon. Non dago eskaera? 3.000.000 maskara non daude?

Zein bilakaera ikusi duzu?

Eskaera izugarria izan da. Izan dira egun batzuk denbora guztian telefonoan esaten 'ez daukagu maskararik, ez daukagu hidrogelik, ez daukagu eskularrurik'. Momentu honetan, eskularrurik ez daukagu, baina maskarak eta hidrogelak bai. Ostiralean deitu nuen biltegira, eta ez zeukaten ezer, hidrogelak bakarrik.

Jendearen eskaerari dagokionez, aldaketarik ikusi duzue?

Bai. Oraindik ere jendeak maskarak eskatzen ditu, eta uste dut luzerako izango dela. Jendeak kirurgikoak eramaten ditu. Luze xamar erabiliz gero eta hezetasunarekin bustitzen badira, bota egin behar dira. Gaur eskaera dago, baina aurreko astean baino gutxiago.

Eta hasieran handiagoa zen?

Bai-bai. Maskara gehienak hilaren 14an jaso genituen, Aste Santua pasatu eta gero, eta zoramena izan zen: jende guztia deika eta eskatzen. FFP2ak, adibidez, ez dauzkagu. Jaso genituen aurreko astean ehun bat, eta denak agortu dira. Horiek prezio izugarria daukate: hamar euroan maskara bat, eta niri 9,60 euro kostatu zitzaizkidan.

Jendeak hamar euroan maskarak erosten zituen?

Bai. Guretzat hau egoera nazkagarria da. Nahiago genuke gobernuak edo Eusko Jaurlaritzak jarriko balituzkete maskarak dohainik eta guk banatu. Gipuzkoan bakarrik ia 300 farmazia gaude; 300 toki maskarak emateko. Uste dut zerbitzu ona izango litzatekeela.

Beraz, eskatzen duzue zuek izatea banaketarako toki bat?

Izan daiteke. Beste puntu batzuk aukeratu nahi badituzte ere... Kontua da jendea babestea. Dohainik eman nahi badituzte, bale, eta prezio finko bat jarri nahi badute, eta erosten badira maskarak 50 zentimoan eta 50 zentimo kobratu behar badira, gu ados gaude. Baina kontua da horiek edukitzea.

Zuek nola bizi duzue egoera?

Larri samar. Hau martxoan hasi zenean, ez genuen maskararik ezta guretzat ere; ez geneukan metakrilatozko manpararik, eta inork ez zigun ezer bideratzen. Azkenean, bakoitzak egin behar izan dugu geure kontura Internet bidez edo ezagunen bidez lortu manparak. Bezero bat, ikusitanola genbiltzan, prest agertu zenoihalezko maskara batzuk prestatzeko, eta langile guztientzat egin zizkigun. Ez geneukan ezer; arriskuan egon gara lanean. Beste kontu garrantzitsu bat da gu osasun langileak garela, eta Espainiako Gobernua nahiko gaizki portatu dela farmazialariekin: Osasun ministroa eta haren laguntzaile Fernando Simon pandemiaren hasieran —denok beldurrez jota geundenean, maskarak ez zeudenean eta farmazialariak kexatu ginenean— aritu ziren esanez hau gure lanaren arriskua zela. Guretzat ez zen ezer egon. Hau da, zeu konpondu zeure neurriak hartzen, eta agur. Ez da barkamen eskaerarik ere egon, eta horrekin minduta gaude.

Jendea kezkatuta dago?

Oso kezkatuta, eta gehienak adinekoak dira. Ateratzen dira astean behin erosketak egitera eta farmaziara, eta ez dakite zer egin: maskarak ba al ditugun galdezka, hau luzatuko den ala ez...

Zein aholku ematen diezue?

Betiko aholkuak: garrantzitsua dela distantzia mantentzea eta eskuak sarri garbitzeko, batez ere etxetik ateratzerakoan eta sartutakoan. Maskarak orain arte ez ziren gomendatzen, ez zeudelako, baina behin ikusten bada nahiko jenero iristen dela, beharrezkoak izango dira.

Iruditzen zaizu derrigorrezkoa izango dela kalean maskarak erabiltzea?

Bai, bai, seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.