Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ondorena

Iturgaiz: «Ez dugu gure programa aldatuko botoak lortzeagatik»

Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Bozetako emaitzak ikusita, horiez «hausnartuko» dutela adierazi zuen, atzo, Carlos Iturgaiz PP+C's koalizioko lehendakarigaiak. Izan ere, bost eserleku baino ez ditu lortu; hau da, PPk 2016koetan bakarrik aurkeztuta lortutakoak baino lau gutxiago. Ohartarazpen bat egin zuen Iturgaizek Radio Euskadin emandako elkarrizketan: «Ez dugu gure programa aldatuko botoak lortzeagatik». Haren esanetan, beti izango dira «konstituzionalismoaren gotorleku», eta «Espainia barruko» EAE «indartsu bat» izango dute xede.

Emaitzak gorabehera, koalizioren buruak ez du bi indar eskuindarren arteko aliantza zalantzan jarri, eta iruditzen zaio abstentzioak kalte egin diela, baita Voxen «presentziak» ere. «Parte hartze baxua baliatu du Araban jarleku bat lortzeko».

Aurrera begira jarrita, iruditzen zaio EAEko PPk «behin-behinekotasunetik normaltasunerako» bidea egin behar duela, eta iragarri zuen alderdiak «udazkenean» egingo duela, ziurrenik, hurrengo kongresua.

Bost legebiltzarkide lortu ditu PP+C's-ek —hiru Araban eta bana Gipuzkoan eta Bizkaian—, baina beste bat edukitzeagatik «lehiatzen» ari direla azaldu zuen Iturgaizek. Bizkaiko agiriak gainbegiratzeko eskatu diote EAEko Hauteskunde Batzordeari. Boto gutxirengatik ez dute lortu lurralde horretan beste ordezkari bat, eta Raquel Gonzalez Bizkaiko PPren buruak esan zuen agiriak gainbegiratuz eta atzerriko botoaren esperoan —ostiralean kaleratuko dituzte behin betiko emaitzak—, EH Bilduri eserleku bat «kentzeko» moduan direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.