Lau urtean hirukoiztu egin dira Ikusgunen salatutako eraso LGTBIfobikoak

Eraso transfoboen gorakadaz ohartarazi du behatokiak, eta Diputatuen Kongresuan trans legea tramitatzean sortu zen «gorroto giroari» egotzi diote igoera

Ikusgune behatokiak atzo kaleratu zuen txostenaren aurkezpena. RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
LGTBI kolektiboaren aurkako erasoen gorakadaz ohartarazi du Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Sexu orientazioaren eta genero identitatearen aurka izandako gertakariei buruzko V. txostena aurkeztu zuten atzo, Gasteizen, hain zuzen, eta azaldu dute «intzidentziak hirukoiztu» egin direla 2017. urtean informazioa biltzen hasi zirenetik.

Ikusi gehiago:LGTBI kolektiboek «saretzera» dei egin dute

Urte horretan hamar salaketa jaso zituzten, eta 2021. urtean 27 izan ziren.Arabako datuak jaso dituzte. Esan dute transfobiak, batez ere, gora egin duela azken urteetan, eta datu kezkagarriak eman dituzte: 2018. urtean, Ikusgunek bildu zituen gertakarien %23,08 ziren kasu transfoboak, eta 2019an, %5. 2020. urtean, berriz, eraso horiek gora egin zuten (%40), eta 2021. urtean, salatu dutenez, datuek goia jo dute: salatutako kasuen %48,15 izan dira mota horretako erasoak. Behatokiak argi dauka gorakada horren arrazoia: «Ikusten dugu trans pertsonenganako indarkeriak gora egiten jarraitzen duela, hein handi batean Diputatuen Kongresuan trans legea tramitatzean sortutako gorroto giroagatik». Zehaztu dute testuinguru politikoak «trans pertsonenganako areriotasun giroa» eragin duela, «gay, bisexual edo lesbianen kolektiboak baino indarkeria gehiago» jasan duelako. Hala ere, adierazi dute kolektibo horien kontrako indarkeriari buruzko datu zehatzik ez izateak ez duela esan nahi horien kontrako indarkeriarik ez dagoenik.

Gorroto diskurtsoa

Gorroto diskurtsoaren gorakadagatik ere larrituta agertu da behatokia: «Hain da larria, ezen, behatzen ari ginen bitartean, eraso fisikoak egiten baitzituzten. Esan dezakegu, indarkerien mailetan oinarrituta, LGTBIfobia hitzetatik ekintzetara pasatzen ari dela». Esan dutenez, LGTBI pertsonekiko gorrotoa legitimatu ondoren, pertsona horiei gaitzespena adierazteaz gain, «ezabatzea» ere lortu nahi da.

Arabako eremuei dagokienez, Gasteiz da gertakari gehien salatu diren udalerria. Aiaraldeko kopuruak berdintsuak dira oraindik, eta Gorbeialdeko intzidentzien hazkundeagatik «kezkatuta» agertu da behatokia. Bertan «pintaketak eta gayen aurkako jazarpena» egon dela salatu dute. Hala ere, nabarmendu dute LGTBIfobiaren aurkako borrokan ere pauso garrantzitsuak ematen ari direla, batez ere Arabako hiriburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.