LGTBI kolektiboek «saretzera» dei egin dute

Gorroto diskurtsoaren hedapenaz eta komunikabideek kolektiboaren aurkako erasoei ematen dieten trataeraz «kezkatuta» daudela esan dute

jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta LGTBI mugimenduak kezkatuta agertu dira gorroto diskurtsoaren igoeragatik, eta baita komunikabideek kolektibo horien aurkako erasoei ematen dieten trataeragatik ere.

EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak, besteak beste, adierazi du kolektiboko kideei kalte nabarmena egiten dietela hedabide batzuen «beldurra zabaltzeko» joerak: «Komunikabide batzuek morboa sortzeko duten neurrigabeko behar horrek geure bizitzak, geure harremanak, geure gozamena eta geure askatasuna jopuntuan jarri ditu».

Ikusi gehiago:Lau urtean hirukoiztu egin dira Ikusgunen salatutako eraso LGTBIfobikoak

Bilboko azken asteetako gertakarien harira, esan dute oraindik ez dagoela argi hilketak «eraso homofoboak diren ala ez»; baina, hori bai, garbi azaldu dute «egitura homofobo baten baitako erasoak» izan direla, eta egitura horrek berak «ahalbidetu» dituela. Hala nola, nabarmendu dute kolektiboko kide batzuek behartuta ikusten dutela beren burua sexu praktika batzuk «ezkutuan» egitera. LGTBfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira atera duten ohar baten bidez zabaldu dute mezua, eta gehitu dute LGTBI pertsonek bide bakarra daukatela: «Saretzea, artikulatzea, zaintzea, antolatzea; borrokatzearen bidea».

«Lege integral bat»

Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkarteak ere azken urtean ugaritu diren «gorroto gertakari eta delitu kopurua» salatu du, eta Samuel Ruiz gazte homosexualaren hilketa ere gogora ekarri dute. «Halako gertakariak ekiditeko, erasotzaileak eta gizartea berresteko prebentzio politika eraginkorrak sortu behar dira», adierazi dute. Bide horretatik, galdegin dute erasotzaileekin «modu pertsonalizatuan» lan egiteko planak sortzea, baita «gizarte osoa» hezteko bide orri bat marraztea ere. Zehazki, plan «integral» bat egiteko eskatu diete erakundeei: «Funtsezkoa iruditzen zaigu euskal lege integral baten bidez legezko esparru bat egituratzea, funtzio pedagogiko argiak dituena eta kolektiboari aho batez babesa adierazten diona dauzkagun problematika eta biolentzia sistemikoaren aurrean».

Era berean, gizarteari eskertu diote azken erasoak direla-eta babesa eskaintzea, baina gizarteari eta instituzioei eskatu diete mobilizatzen jarraitzeko.

Nafarroako Legebiltzarrak ere gogoan hartuko du LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna, alderdi guztiek adostu duten adierazpen instituzional baten bidez.

Unai Hualde legebiltzarreko lehendakariak proposatu du egitasmoa, eta adierazpenaren bidez «LGTBIfobia eta kolektibo horretako pertsonek jasaten dituzten erasoei aurre egiteko neurriak» hartzeko konpromisoa erakutsi du legebiltzarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.