Suediak lehergailu arrastoak topatu ditu Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan

Stockholmen arabera, «sabotaje larri bat» izan zen jazotakoa. Kremlinek esan du berri horrek «berretsi egiten» duela bere informazioa

Nord Stream 1 gasbidearen isuri bat, Suediako uretan. SUEDIAKO KOSTAZAINA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Suediako agintariek baieztatu dutenez, lehergailuen arrastoak aurkitu dituzte Errusiatik Alemaniara gasa eramateko Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan, eta ondorioztatu dute «sabotaje larria» izan zela irail amaieran jazotakoa. Gasbide horien aurkako «sabotajeak» lau gas isuri eragin zituen; horietako bi, Suediako uretan. «Egindako azterketen arabera, lehergailuen arrastoak atzeman ditugu hainbat objektutan», adierazi zuen atzo Suediako Fiskaltzak, ohar batean. Bide horretan, Kremlinek esan zuen iragarpen horrek «berretsi egiten» duela Errusiaren informazioa.

Mats Ljungqvist fiskala arduratu da kasuaz, eta azaldu zuen azterketak aurrera jarraitzen duela, «ondorio sendoagoak izateko». Haren esanetan, ikerketaren bilakaerak zehaztuko du «susmagarriren bat identifikatu daitekeen ala ez». Suediako Fiskaltzak duela hilabete jakinarazi zuen ustezko sabotaje baten susmoak indartzen ari zirela.

Horrekin lotuta, Kremlineko eledun Dmitri Peskovek atzoesan zuen balioa duela Suediak gasbideetan lehergailuen arrastoak aurkitu izanak, eta gogorarazi zuen «oso garrantzitsua» dela «leherketa horren atzean egon zirenak aurkitzea».

Danimarkak eta Suediak irailaren 27an jakinarazi zuten Nord Stream 1 eta 2 gasbideek kalteak izan zituztela eta bi zulo topatu zituztela gasbide bakoitzean. Hain justu, egun bat lehenago Danimarkako Bornholm uharteko sismografoek bi leherketa atzeman zituzten. Bi gasbideak zerbitzutik kanpo zeuden ordurako. Kopenhagek eta Stockholmek «sabotajetzat» jo zituzten gertakari horiek, baita Moskuk ere.

Kievi laguntza ematea

Ukrainak Errusiako armadaren beste misil zaparrada bat jasan zuen herenegun, eta, besteak beste, bederatzi pertsona hil zituzten Zaporizhia eskualdeko Vilniansk herrian, herrialdeko presidentearen bulegoko buru Kirilo Timotxenkoren arabera. Bestalde, Dmitri Medvedev Segurtasun Kontseiluko presidenteordeak atzo esan zuen Washingtonek «lehenago edo geroago» utziko duela Ukraina, Kievi laguntza ematea gai «toxikoa» baita AEBetan, haren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.