Kontseiluko idazkari nagusia

Idurre Eskisabel: «Oldarraldiaren efektuetako bat da neurri kontserbadoreak hartzea»

GORKA RUBIO / FOKU.
GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun

Euskalgintzaren Kontseilua ozen ari da euskararen gaitasuna egiaztatzeko hizkuntza eskakizunen aurkako «oldarraldi judiziala» salatzen, dituen ondorioez ohartarazten, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Berritzeguneetara begira hartu duen erabakia ere ondorio horien adibide bat dela uste du erakundeko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek.

Euskara gaitasunaren egiaztatzea arautzeko traje estuegia erakusten du honek ere?

Bai, bai. Justu Kontseilutik-eta oldarraldi judizialaz aritzen garenean, horren gaineko kezka adierazten dugunean, horrelako erabakien gaineko kezka bat ere barne hartzen du; nolabait ere, honek guztiak ekar dezakeelako autonomia erkidegoan 40 urtean hizkuntza politika batzuk aurrera eramaten egon eta gero, aurrera begira behar ditugun aurrera urratsetan, urrats kualitatiboetan, kontentzioa. Ikusten ditugu administrazio esparru batzuk borondatez eta gogoz aurrera egiteko; hain zuzen ere, premia ikusten dutelako, eta baldintzak ere ikusten dituztelako. Egokitzapenak egiteko borondatea badago, baina oldarraldi judizialaren efektuetako bat, kasuan kasuko epaiez gaindi, hau ere bada: neurri kontserbadoreak hartzea.

Berritzeguneetan gertatu da orain, hezkuntzarentzat erabakigarria den eremu batean.

Euskararen normalizazioaren eta biziberritzearekin ikuspegitik gune estrategikoak dira, hezkuntzan zuzenean eragiten dutelako, eta, gainera, besteak beste, irakasleen prestakuntzan ere eragiten dutelako. Eta lan hori egiteko hizkuntza gaitasun egokiko langileak behar dira, dudarik gabe. Zentzu horretan, uste dugu probaren defentsa euskaraz egitea berme ezin hobea dela hor behar den gaitasun hori egiaztatzeko.

Beste atzera pauso argi bat da hau, beraz?

Atzerapausoa da iaz posible zelako, eta oraingo deialdian, ez.

Agerian geratu da berriz, beraz, lege esparru seguruago bat eta trinkoago bat behar dela.

Bai, eta nolabait ere esparru horrek erantzun behar die gaur egungo premiei eta gaur egungo errealitateari. Batetik, euskararen komunitateak aurrera begira dituen erronka itzelei erantzun behar die. Erronka handiak dira, eta aurrerabide hori babesteko hizkuntza politikak behar dira. Bestetik, egun dugun zorura begira ere beharrezkoa da, ikusten ari garelako juridikoki zeinen labainkorra den momentuan egiten ari garen gauzak egiteko ere.

Hain justu, horren ondorioz administrazioek kontserbadoreago jokatzeko arriskua dagoela esan duzu, herabe aritzekoa. Halako kasuei erreparatu diezue aurrez ere?

Egia esan, ez dugu azterketa sistematiko bat egin epai hauek iristen hasi direnetik administrazioek nola jokatu duten ikusteko. Baina etortzen zaizkigu tokian tokiko albisteak kezka erakusten dutenak, eta kezka horien ondorioz, kontserbadoreago jokatzeko joera. Nik uste dut hori badagoela, eta hau badela adibide bat.

Jaurlaritza ontzen ari da dekretu berri bat hizkuntza eskakizunak arautzeko. Zer espero duzue?

Oraindik ez daukagu esku artean, ez dakigu edukia zein den, baina Jaurlaritzatik transmititzen dena da, besteak beste, irekiko dela ebaluazioak, hainbat proba, euskara hutsez egiteko aukera. Guk erabat babesten dugu hori, nahiko genuke bidea hori izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.