Bozak Euskal Herrian

Gorrotxategik uste du garaia dela hirukoaz «argi» hitz egiten hasteko

Edurne Begiristain.
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
«Izan gaitezen errealistak eta joka dezagun zintzo hautesleekin: hiruko gobernua eratzeaz hitz egin behar da, lehenbailehen». Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak mezu argia eta zuzena bidali die EH Bilduri eta PSEri: esan die garaia dela ezkerreko koalizio bat eratzea aztertzen hasteko, hauteskundeetan inork ez duelako lortuko «gehiengo nahikorik» bakarrik gobernatzeko. Gorrotxategik uste du gai ugaritan jar daitezkeela ados hiru alderdiak, eta, besteak beste, fiskalitatea eta COVID tasa aipatu ditu.

COVID-19ak ekarri duen krisi sozial eta ekonomikoari aurre egiteko, osasuna eta hezkuntza indartzea, ekonomia jasangarrira jotzea eta zerga sistema egokiagoa izatea proposatu du Gorrotxategik. «Neurri ausartak behar ditugu, eta EAJk ez du halakorik hartuko. Beraz, koalizioan gobernatzeko aukeraz hitz egiten hasi behar dugu», esan du.

Alabaina, Elkarrekin Podemosen proposamenari entzungor egiten jarraitzen du PSEk. Idoia Mendia PSEko lehendakarigaiak neurri ekonomikoak hizpide izan ditu bere agerraldian, eta esan du langileen estatutua eguneratu behar dela, langileen eskubideak eta enpresen lehiakortasuna bermatzeko. «Premiazkoa da langileen estatutua XXI. mendera egokitzea, lan erregulazioa baliagarria eta iraunkorra izan dadin». Edozein akordio egiten saiatzeko, elkarrizketa sozialerako apustua egin du Mendiak, halaber.

«Fronte popular bat»

Carlos Iturgaitz PP+C's koalizioko lehendakarigaiak, bestalde, Pablo Casado PPko presidentearen babesa jaso du Madrilen. Iturgaitzek gogor jo du berriro PSOE, EAJ, Podemos eta EH Bilduren aurka, eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari egotzi dio «konstituzioa eta monarkia kolokan jartzea» EAJ, Bildu, Podemos eta Kataluniako alderdien laguntzarekin. Horiei guztiei autodeterminazioa xede duen «fronte popular bat» eratzea leporatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.