Eskola garraioa martxan jarriko dute berriro bihartik aurrera

Garraio zerbitzuekin batera «hobekuntza proposamenak» egitea adostu dute, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez

Ikasleak autobus batera igotzeko zain. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Erredakzioa
2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eskola garraioko enpresek berriz ere helduko diote beren zerbitzuari astelehentik aurrera. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eman du erabakiaren berri, eta adierazi du garraio enpresekin batera adostu dutela «eskola garraioaren egoera aztertzea eta etorkizunerako hobekuntza proposamenak egitea».

Sailak jakinarazi duenez, enpresek aurreko ikasturteetako zerbitzu bera eskainiko dute, eta baldintza ekonomiko berberetan. Bi aldeen arteko elkarrizketen bidez, baina, eskola garraioaren «baldintzak zehazteko oinarriak» finkatzen ahaleginduko dira.

Horrez gain, «bete gabe geratu diren ibilbideen lizitazio prozesu berri bat abiatuko du laster» Hezkuntza Sailak, 2024-2025eko ikasturterako «ahalik eta egonkortasunik handiena emateko milaka ikaslerentzako funtsezkoa den zerbitzu bati», borobildu dute.

Espedientearen auzia

Eskola garraioen gatazka zeresana ematen ari da ikasturte hasiera honetan. Lehiaren Euskal Agintaritzak espedientea ireki die zenbait garraio enpresari, ustez Jaurlaritzaren lizitazioetara ez aurkezteko elkarrekin ados jarri zirelako. Susmopean daude Arabako 25 enpresa, Bizkaiko 45 eta Gipuzkoako sei.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan zuen «susmoa» dutela garraio enpresa batzuk elkarrekin ados jarri direla Jaurlaritzari baldintza ekonomiko jakin batzuk eskatzeko eta etekin gehiago lortzeko. «Delitu zantzu» horiek frogatzeko, «dokumentazioa» badutela ere gehitu zuen sailburuak. Baina gaur-gaurkoz, ikasturte hasiera «lehenetsi» nahi zuen gobernuak eta enpresen baldintzak hobetzeko aukera zabaldu du Hezkuntza Sailak. Ikasturtea hasieran Arabako eta Bizkaiko ikasle asko garraio zerbitzurik gabe egon dira, baina bihar bertan bukatuko da egoera hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.