Ahmed Ettanji. Equipe Mediako presidentea

«Arrakala bat ireki dugu Mendebaldeko Saharako isiltasunaren harresian»

Marokoren oztopoez gaindi, Mendebaldeko Saharan gertatzen denaren berri lehen pertsonan ematen saiatzen dira Equipe Media berri agentzian. Kazetarien aurkako jazarpena gogortu egin dela dio Ettanjik

BERRIA.
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahmed Ettanji (Aaiun, Mendebaldeko Sahara, 1988) Equipe Mediako kazetariak bideo konexio bidez egin zuen bat Euskadi Saharak atzo goizean Donostian antolatutako ekitaldiarekin, harik eta konexioa eten zioten arte. Ohikoak dira halakoak harentzat, Marokoko Gobernuak etengabe oztopatzen baitie euren jarduna Mendebaldeko Saharako kazetariei. Traba horiei eta blokeo informatiboari aurre egiteko sortu zuten Equipe Media albiste agentzia, eta hango kazetaria eta presidentea da Ettanji.

 

Mendebaldeko Saharako gatazka gertutik aztertzen ari zara, ezinbestean. Nola bizi duzu?

Kezkaz. Bereziki kezkatzen nau Saharako aktibisten bizitzak, indar okupatzaileek edozein momentutan ezar baitezakete haien aurkako errepresioa. Zoritxarrez, munduak odola isurtzen denean soilik entzuten dio herri bati. 30 urtez borroka baketsu bat egin arren, nazioarteak ez die jaramonik egin herri sahararraren eskariei. Orain, berriz, Marokoren okupazioaren aurka armak hartu eta gero, sahararron ahotsa entzungo dela uste dut.

Mendebaldeko Sahara «informazio zulo beltz» bat dela adierazia du Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak. Nola funtzionatzen du zulo beltz horrek?

Marokoko Gobernuak etsaitzat ditu komunikatzaileak eta kazetariak. Giza eskubideak etengabe urratzen dituzte, eta horren berri jendeak izan dezan eragozten saiatzen dira etengabe. Gertatzen dena argitara ematen duen edozeini eraso egiten diote, edo ikaratu, edo espetxeratu. Informazioa ateratzea galarazten dute; ez dago albiste agentziarik, eta atzerriko kazetariek ezin dute sartu herrialdera.

Blokeo horretan zer egiteko dute nazioarteko hedabideek?

Konplize moduan jarduten dute hainbat hedabidek. Hemengo errealitatea erakutsi ez, edo, bestela, Marokoren jarduna zuritzen dute. Marokok dirutza handia bideratzen du informazioa kontrolatzera, eta ordaindu ere egiten du hango erregimenaren irudi on bat emateko.

Gatazkaren alderdi politikoa ezkutatzen dute?

Saharako egoera begirada humanitario batetik aztertzen dute, eta alde batera uzten dute haren jatorri politikoa, Maroko ez haserrearazteko.

Blokeoari aurre egiteko sortu zenuten Equipe Media.

Blokeo informatiboa hautsi eta hemen gertatzen denaren berri ematea da xedea; jazarrien ahotsa izatea, eta ahots hori munduratzea. Marokoren propaganda gezurtatu dugu, eta arrakala bat ireki dugu Mendebaldeko Saharako isiltasunaren harresian, oso baliabide gutxirekin.

Norabide bakarreko informazio jarioari gatazkan bizi direnen testigantzak kontrajarri dizkiozue, beraz.

Biktimentzat garrantzitsua da hori. Etsipen handia zuten haietako askok, ikusten zutelako inork ez zuela gertatzen ari zenaren berri, eta ez zegoela modurik isiltasun hori hausteko. Lortu dugu, behinik behin, nazioarteko hedabideetara eta NBEren moduko instituzioetara lehen eskuko informazioa iristea.

Areagotu egin dira kazetarien aurkako erasoak, tentsio militarrak gora egitearekin batera?

Errepresioa gogortu egin da; egunetik egunera agerikoagoa da. Zenbat eta informazio gehiago argitara eman, jazarpena orduan eta gogorragoa da. Batzuetan, besteetan baino modu xaloagoan egiten dute: esaterako, sabotaje teknologikoak jasaten ditugu. Beste batzuetan, berriz, gordinagoak dira erasoak, eta ohikoak dira mehatxuak, tratu txarrak, atxiloketak eta bestelakoak.

Zu zeu ere atxilotua izan zara behin baino gehiagotan. Beldurtzen zaitu berriz ere antzekorik gertatzeko arriskuak?

Hainbat alditan atxilotu naute, eta torturatua ere izan naiz. Egun, kontrolatuta nauka Poliziak. Kezkatu egiten nau atxilotua izateko arriskuak, eta horren aurrean hartzen ditudan neurriek mugatu egiten dute nire lana libreki egiteko dudan aukera. Horrez gain, bereziki kezkatzen naute nire familiari egindako mehatxuek eta, batik bat, nire emazteari egindakoek; aktibista eta kazetaria da bera ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.