Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroako Parlamentua

Maiatzaren 29tik aurrera, partidaren bigarren zatia

Inkestek adierazten dute egungoaren antzeko agertokia egongo dela. Negoziazioa aurreko legealdietakoa baino konplexuagoa izango da

joxerra senar
Iruñea
2023ko apirilaren 11
00:00
Entzun

Maiatzaren 28ra artekoa partidaren lehen zatia baino ez da izango. Bigarren zatia biharamunetik aurrera jokatuko da. Hilabete eta erdiren faltan, nekez jakin daiteke partida horren emaitza. Dena den, kontsultatutako alderdien artean ideia komun bat antzeman daiteke: hurrengo legealdiko gobernuaren bide orriaren eta politiken edukiaren negoziazioa oso garrantzitsua izango da. Azken lau urteetako esperientzia kontuan izanda, ondorioztatu daiteke aurreko lau urteetan baino prozesu konplexuagoa izango dela.

Ikusi gehiago:Gehiengoen jokoa, airean

Inkestek diote UPN izango dela lehen indarra, eta eskuineko indarren baturarekin ez duela nahikoa izango gehiengo osoa lortzeko. Legealdiari begira, giltzarri izango da ikustea UPNk zenbateraino higatu duen PSN bozetan: sozialistei boto asko kentzeko gai bada, PSNren egungo estrategiari buruzko zalantzak areagotu ditzake; alderantziz bada, politikoki bien arteko aldea handitu daiteke. Dena den, PSOEk izango du azken hitza, eta oraingoz babestu egin du egungo estrategia.

Txibitek ordena aldatu du

Maiatzaren 28tik aurrerako agertokia aurreikustekoan, ezin da ahaztu argazki orokorra: Parlamentuko emaitzez gain, udaletakoak ere izango du garrantzia, eta inbestidura arteko prozesuak bere geltoki propioak izango ditu: lehenik, Parlamentuko Mahaia; bigarrenik, udalen osaera; hirugarrenik, Nafarroako Gobernua. Txibitek aldatu egin du prozesuaren ordena azken orduan: iraganean udalen osaeraren atzetik zetorren Parlamentuko Mahaiarena.

Gobernua osatzeko prozesua azkartu nahi duela arrazoitu du Txibitek, baina atzean bestelako arrazoiak egon daitezkeen susmoak piztu ditu. Izan ere, udaletan sor daitekeen zurrunbiloak ez dio eragingo Parlamentuko Mahaiaren osaerari, eta polemika saihestu dezake. Gainera, aurreko bi legealdietako esperientziak erakusten duenez, gobernuaren osaera luzatu egiten da: lehenik, alderdiek akordio programatikoa negoziatzen dute, eta, bigarrenik, gobernuaren antolamendua bera.

Etorkizuneko agertoki horri begira, Txibitek eta PSNk adierazi dute ez dutela ikusten EH Bildu gobernuan, eta «akordio puntualak» hobesten dituztela. UPNren higadurari aurre egiteko mezu komenigarri da hori, eta argi dago egungo formula politikoa zaiela erosoen boterea nahieran banatu ahal izateko. Baina, duela lau urte ez bezala, EH Bilduri marra gorri bat jartzea sozialisten diskurtsotik ezabatu da. Koalizio abertzaleak eman zion bidea Txibiteren inbestidurari, eta apustu horrek segida izan du aurrekontuen akordioan zein legealdiko gai nagusi gehienetan. Hala, PSNk onartu du EH Bildu giltzarri duen egungo gehiengoa «apustu estrategikoa» dela. Noraino iristeko eta amore emateko prest dira?

Adibidez, zer gertatuko da aurretik geratzen ez badira? Izan ere, 2015ean bezala, Geroa Baik bigarren indar izatea du helburu, postu horrek Barkosen presidentetzari bide eman diezaiokeelako. Galdera hori kanpainan egingo diote PSNri. Horrez gain, alderdiak nabarmentzen du akordio programatikoaren edukietan zehaztasun gehiago bilatuko dutela, legealdi honetan erreferentzia gisa erabilitako dokumentuaren anbiguotasunak ahalbidetu diolako maiz PSNri berearekin ateratzea. Legealdi honetako tentsioak saihesteko, funtsezkotzat jotzen dute negoziazio hori. Gobernuari begira, emaitzek aukera emanez gero, eragiteko esparru gehiago bilatuko dute. Osasuna izan daiteke lehentasunetako bat.

Maiatzaren 28ari begira

EH Bildu maiatzaren 28ari begira dago; ahalik eta posizio indartsuena izatea bilatuko du, jakinik EH Bildu gabe ez dagoela gehiengo aurrerakoi bat egituratzerik. Azken emaitzaren arabera egingo dute analisia, baina ziur daude eragin handiagoa izango dutela. Transmititzen dutenez, politiken edukiari buruzko negoziazioa giltzarria izango da, eta hor argi dute tinko arituko direla politiketan aurrerapauso ausartak, berritzaileak eta handiak emateko: eskubideen sakontzean, politika sozialetan, etorkizuneko erronketan, euskaran, autogobernuan.... Nafarroako Gobernuan parte hartzeko aukera ez da baztertzen aldez aurretik. Unean aztertuko dute hori. Printzipio gisa, argi dute militantziak izango duela azken hitza koalizioak hartuko dituen erabakietan —duela lau urte Txibiteren inbestidurarekin gertatu bezala—.

Ahal Dugu-ri eta, oro har, Zurekin koalizioari legealdi honetako esperientziak erakusten dio akordio programatikoaren negoziazioa erabakigarria izango dela. Horretarako uste dute emaitza onak lortzea bezain garrantzitsua izango dela osatuko den gehiengorako baliagarriak izatea, eragiteko indarra emango dielako. Paradoxikoki, gobernua gutxiengoa izanda, legealdi honetan PSN eta Geroa Bai eroso aritu direla uste dute. Gobernuan egoteko aukera aurrerago eztabaidatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.