Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

UPNk garaipen mingotsa izan du, eta EH Bilduk jauzi handia eman du

Esparzak ez du lortu sozialisten botoa bereganatzea, eta PSNk eutsi egin dio. EH Bilduk bi jarleku gehiago lortu ditu, eta Geroa Baik, bi gutxiago. Txibitek gobernuko formula bera errepikatu nahi du
UPNko buruzagiak, atzo, Iruñea Park hotelean.
UPNko buruzagiak, atzo, Iruñea Park hotelean. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko maiatzak 29 - Iruñea

UPNk irabazi ditu hauteskundeak, baina PSNk izkin egin dio eskuineko alderdiak kanpainan egin dion presioari. Aldaketa handirik ezean, eskuineko alderdiak zail izango du Javier Esparza presidente egitea. Alderantziz, eserlekuetan mugimenduak egon badira ere, PSNk gobernua osatzeko aukera izango luke, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren sostenguarekin. Maria Txibite lehendakarigaiak formula politiko hori errepikatzeko asmoa adierazi zuen atzo bertan, argi eta garbi. Hala, berriro ere EH Bildu erabakigarria izango da. Legealdian, oposiziotik jokatu duen rolari etekina atera dio koalizio abertzaleak eta jauzi handia eman du, beste bi parlamentari gehiago erdietsita.

Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, abstentzioak 4,5 puntu egin du gora. Herritarren %67,8k eman zuten botoa.

Nahiz eta berriro ere bozak irabazi, garaipen gazi-gozoa izan da Javier Esparzaren alderdiarentzat. 1991tik beti irabazi ditu hauteskundeak, baina ordutik legealdiz legealdi 17 eta 23 parlamentari artean mugitu da UPN, salbuespen batekin: 2015ean hamabost jarleku erdietsi zituen; orain lortu duen kopuru bera, hortaz. Navarra Sumak duela lau urte 20 parlamentari lortu zituen, eta ondorioz emaitza horretatik urrun geratu da. UPNk ez dio eskuinaren hausturari etekinik atera. «Eta hala eta guztiz ere, lehen indarra izan gara», nabarmendu zuen Esparzak amaieran. «Inork ezin dezake esan gau ona dela, EH Bildu hainbeste igo bada».

UPNren estrategiak porrot egin du hein handi batean, eskuineko beste alderdien botoak bereganatu eta batez ere PSNrekin haserre egon zitezkeen boto-emaileak erakarri nahi baitzituen. Haatik, PSNk eutsi egin dio. Duela lau urte bezala, 11 parlamentari izango ditu alderdi sozialistak. Bere lehen hitzetan, Maria Txibitek UPNri gogorarazi zion ez dela boto ihesik egon, eta nabarmendu zuen PSNk posizioa «sendotu» duela. Geroa Bairen zein Zurekin Nafarroaren botoak gehituta, eskuinak baino jarleku gehiago izango dituzte legebiltzarrean, eta horregatik PSNren lehendakarigaiak argi adierazi zuen aurreko legealdiko formula errepikatu nahi duela. Aldi berean aipatu zuen gobernuan PSNk «indar gehiago» izatea bilatuko duela.

EH Bilduk eman du jauzi handiena. Duela lau urteko emaitzekin alderatuta, bi legebiltzarkide gehiago izango ditu, eta Geroa Bairen aurretik geratu da, hirugarren. Laura Aznal lehendakarigaiaren arabera, «emaitza sinestezinak» izan dituzte. Hunkituta nabari zitzaion. «Hirugarren indarra gara eta asko handitu gara boto kopuruan».

Aitzitik, Geroa Baik behera egin du. Duela lau urte baino bi jarleku gutxiago lortu ditu. Uxue Barkos lehendakarigaiak onartu zuen ez zirela emaitza onak, baina gobernua osatzeko orduan «funtsezko» izaten jarraituko dutela.

Nafarroa Zurekin koalizioak hiru parlamentari lortu ditu. PPren kasuan, berriz, inkesta batzuk bost edo sei jarleku lortzeko aukera ematen zioten, baina azkenean UPNren boto baliagarriak kalte egin dio, eta hirurekin geratu da. Duela lau urte ez bezala, eskuin muturra Parlamentuan sartu da. Bi ordezkari ditu Voxek.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Arkaitz Rodriguez, atzo, Arrasateko Uarkape frontoian eginiko hitzaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sortuk abagunea baliatu nahi du Madrilen nazio auzia jorratzeko

Iosu Alberdi

Alderdi independentistak VI. Nazio Konferentzia egin du, eta militanteek aurrera begirako plan politikoa onartu dute. EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi dute

Josu Urrutikoetxea, 'No me llame Ternera' dokumentalaren une batean. ©

Auzi bat, ikuspegi desberdinak

Enekoitz Esnaola

Josu Urrutikoetxeak gehienbat ETAren hilketei buruzko galderak erantzun behar izan ditu 'No me llame Ternera' dokumentalean; maiz aipatu du «sentitzen» duela. Gainetik jorratu dute «gatazka».

 ©BERRIA

Torturak blaitutako irail hura

Gotzon Hermosilla

Egunotan 30 urte beteko dira Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro Espainiako polizia indarren eskuetan zeudela hil zirenetik. Haien kasuek argitu gabe jarraitzen dute.

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Sanchezek lortuko du inbestidura aurrera ateratzea»

Gurutze Izagirre Intxauspe

Erronka nagusiak gizarte gaietan daudela uste du Anduezak, eta horretarako politikak garatzea da Alderdi Sozialistaren lehentasuna. Nazio auzia ez dago gizartearen kezken artean, haren aburuz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.