Eusko Jaurlaritzak zer egin dezake euskararen alde?

Aimar Arrese - Igor Etxeburua
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Gaur egun egiten ez dituen gauza asko egin ditzake. Nire asmoa ez da zerrenda handi bat idaztea (zerrenda hori betetzeko eta garatzeko orri asko beharko liratekeelako). Hala ere, bi alor aukeratu ditut euskararen erabilera handitzeko, printzipioz, Madrileko politikarien injerentzia jasango ez luketenak. Beraz, nik aipatuko ditudanak ez egiteko, Eusko Jaurlaritzak ezingo luke aurkitu inongo aitzakiarik.

Aurten ETBn askotan ikusi ditugu hainbat iragarki Ertzaintzak 40 urte bete dituela aipatuz. Hasteko, aipatu nahi dut ertzainek (beste herritar guztiok bezala) hainbat eskubide eta betebehar dituztela. Ertzaintzak urte hauetan guztietan erdipurdiko jokabideak, jokabide onak, zein jokabide zeharo tamalgarri zein deitoragarriak izan ditu, denok dakigun bezala. Ez dut kontu horiei buruz idatziko testu honetan.

Hala ere, ertzainen euskararen erabilerari dagokionez bai aipatu nahi ditudala hainbat kontu. Azken 40 urte hauetan ez ditut sekulan entzun bi ertzain, edo hiru ertzain edo lau ertzain, haien artean euskaraz hitz egiten. Egia esateko, batzuetan egokitu zait ni ertzain batzuengana zuzentzea trafiko istripua dela-eta edota alkoholemia kontrol batean euskaraz egitea eta hark euskaraz erantzutea, baina kasu gehienetan gaztelaniaz erantzun didate, nik euskaraz berba egin arren. Nire ustez, lau hamarkadetan bi ertzain haien artean euskaraz solastu gabe ikustea zeharo lotsagarria da. Beste hainbat erakunde publikotan (adibidez, udaletxeetan, Foru Aldundian...) bai ikusi ditudala hainbat funtzionario haien artean gutxi-asko euskaraz elekatzen, hitz egiten. Kasu hauetan funtzionario horiek euskaraz hitz eginez, bere tamainan, laguntzen dute euskara hizkuntza sendotzen. Horrez gainera, funtzionario horiek euskaraz entzuteak eragin dezake erakunde publikoen leihatilara joaten diren herritarrak euskaraz hitz egiteko.

Honek guztiak pentsatzera narama euskararen gaian Ertzaintza barruan orain arte egin diren hainbat kontu gaizki egin dituztela. Nola da posible, adibidez, Donostian bi ertzainek haien artean euskaraz ez berba egitea Donostiako gizarte erabilera %15 inguru denean? (Izan ere, ertzainen arteko euskararen erabilerari buruz dudan pertzepzioa da %0 40 urtetan). Hizkuntza aldetik zer irudi ematen ari da Ertzaintza?

Hala ere, nire egitekoa ez bada ere, eta ikusirik Eusko Jaurlaritzaren eraginkortasunik eza ertzainen arteko euskararen erabileraren inguruan, proposamen bat helarazi nahi diet Eusko Jaurlaritzako agintariei.

Saiatuko naiz nire proposamena azaltzen: dirudienez, gaur egun ertzain bilakatzeko, hainbat baldintzaren artean bat adinarena da. Oker ez banago, 18 urtetik 38 urte bitarteko pertsonak izan daitezke ertzaingai. 2016ko inkesta soziolinguistikoan aipatzen da orduko 16-24 urte bitarteko gazteen %71 euskaldunak zirela EAEn. Inkesta soziolinguistiko berean aipatzen zen ere 25-34 urte bitarteko gazteen %49 euskaldunak zirela. Orduan, nolatan da posible nik oraindik bi ertzain haien artean sekulan euskaraz entzun ez izana, ez Donostian, ezta beste hiriren batean ere? Ausartuko nintzateke esatera ertzaingai hauek Arkautera iristen diren unetik bere formazio ia osoa gaztelaniaz dela. Zergatik ez eskaini ertzain izan nahi duenari «D eredu moduko» formazioa, euskaraz formatuta egon nahi dutenentzat? Ez al da egia ertzain izateko Batxilergoa aprobatuta izan behar dutela ertzaingaiek? Ez al da egia ertzain izateko azkeneko deialdian euskararen B-2 maila akreditatu behar(ko) dutela ertzainen %65-70 inguruk? Ez al da egia Batxilergoa D ereduan bukatuta automatikoki ikasleari B-2 agiria ematen zaiela? Orduan zergatik ez zaie formazioa euskaraz ematen Arkauten euskaraz osoki formatua izan nahi duten ertzaingaiei? Ez al da egia, adibidez, EHUn ikasleek euskaraz edo gaztelaniaz ikas ditzaketela gradu gehienak? Orduan Arkauten zergatik ez?

Esaten da, pertsona bat euskaraz ezagutzen baduzu, euskaraz hitz egiten jarraituko duzula edo berarekin euskaraz solasteko probabilitatea handia dela etorkizunean. Aldiz, gaztelaniaz ezagutzen baduzu, zaila dela euskaraz hitz egiten segitzea etorkizunean. Ez nago guztiz ados honekin, baina onartzen dut gaur egun joera hori gutxi-asko badagoela. (Kasu honetan, askogutxi-ri gailendu egiten delakoan nago). Beraz , Arkauten formazio osoa euskaraz nahi dutenentzat eskainiko balute, aukera handiago egongo litzateke ertzain horien artean euskaraz hitz egiteko.

Azkenik, formazio eta hizkuntza kontu honekin nire esperientzia aipatuko dut. Nik irakaskuntzan lan egiten dut, Hezkuntza publikoan. Batzuetan egokitu zait Lanbide Heziketako Goi mailako Hezkuntza zikloko asignaturak irakastea. Hori ez ezik, askotan asignatura bera euskaraz talde bati eta gaztelaniaz beste bati. Euskarazko taldean, ikasleen artean batzuek hasieratik haien artean beti euskaraz hitz egiten zuten, beste hainbat ikaslek ikaskide batzuekin euskaraz eta beste ikaskideekin gaztelaniaz. Bazeuden ikasle batzuk ere euskaraz ia bakarrik irakasleekin berba egiten zutenak.

Gaztelaniazko taldean askotan ikasleen erdia-edo euskalduna izaten zen. Hala ere, klase denak gaztelaniaz izanik nekez hitz egiten zuten euskaraz, euskaraz hitz egiten zekitenen artean.

Beraz, irakasle askok hezkuntza formalean bi hizkuntzetan irakasten badugu, zergatik ez dute berdin egiten ertzaingaiak prestatzen dituztenek? Eusko Jaurlaritzak nahiko balu, nik proposatutakoa egin lezake.

Garbi dago, telebistan Ertzaintzaren aldeko propagandarekin, ez da erdietsi ertzainen arteko euskararen erabilpen minimoa.

Azkenik, testuaren hasieran aipatu dut beste alor bati ere erreparatuko niola. Hain zuzen, Lanbide Hezkuntzarena. Nolatan, gaur egun, EAEko DBH zein Batxilergoan ikasle gehienak D ereduan eskolarizatuta izanik, Lanbide heziketan ikasle guztien laurdenei soilik eskaintzen zaie D eredua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.