Errefuxiatu eta iheslarien kopurua bikoiztu egin da azken hamarkadan

Iheslarien zenbatekoak marka guztiak hautsi zituen iaz, UNHCR agentziaren arabera. 80 milioi lagunek egin behar izan zuten ihes etxetik; hau da, munduko biztanleriaren %1ek

Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren (UNHCR) arabera, 2019an 80 milioi lagunek etxea utzi eta ihes egin behar izan zuten indarkeriagatik, jazarpenagatik edota giza eskubideen urraketengatik; hau da, munduko biztanleria osoaren %1 egon zen bere etxetik desplazatzera behartuta. Urtero ohi duenez, NBEren agentziak iheslarien eta errefuxiatuen egoerari buruzko txostena argitaratu zuen atzo, errefuxiatuen nazioarteko eguna baino bi egun lehenago. UNHCRk ohartarazi zuen desplazatuen kopuruak marka guztiak hautsi zituela 2019an.

Egoera okerrera egiten ari da. 2018an baino bederatzi milioi lagun gehiago egon dira behartuta bizitokia uztera. Lehenagotik ere okerrera egiten ari zen, kopurua ia bikoiztu egin baita azken hamar urteetan. 2010ean, 41 milioi pertsonak ekin behar izan zioten ihesaldiari, eta 2019an 79,5 milioi izan ziren. Gorakada nabarmena dago 2011. urtetik aurrera, Siriako gerra piztu zenetik. Horrez gain, txostenak iazko kopuruen handitzearekin lotu ditu Saheleko, Kongoko Errepublika Demokratikoko eta Yemengo gatazkak.

Iaz behartuta desplazatu ziren ia 80 milioi lagunetatik 45,7 milioi herrialde beraren barruan gelditu ziren, 26 milioi errefuxiatuak ziren, eta 4,2 milioi, berriz, asilo eskatzaileak. NBEk zerrendara gehitu ditu, lehenengoz, Venezuelatik atzerrira migratu duten 3,6 milioi lagun, asilo eskatzaile eta errefuxiatu ez izan arren nazioarteko babesa dagokiela arrazoituta, Cartagenako Adierazpenaren arabera.

Kopuru osoaren bi heren bost herrialdetako desplazatuei dagozkie: Siriatik, Venezuelatik, Afganistandik, Hego Sudandik eta Myanmarretik egin zuten ihes 2019an desplazatuen %68k. Harrera herrialdeen artean, berriz, Turkia da errefuxiatu gehien hartzen dituena: 3,9 milioi lagun, NBEren arabera. Gehienek Siriako gerratik ihes egin dute. Hala ere, Libano da biztanleko errefuxiatu gehien hartu duen herrialdea. Hartu duen errefuxiatu kopurua bere biztanleriaren zazpiren bat da.

Nazioartearen «paralisia»

Urtero beren herrialdera itzultzea lortzen dutenen kopuruari erreparatu zion Filippo Grandi NBEren agentziako buruak txostenaren aurkezpenean. Iaz 317.000 inguru izan ziren, eta joera beheranzkoa dela ohartarazi zuen. «90eko hamarkadan milioi eta erdi pertsona inguru itzultzen ziren urtero beren etxeetara, baina amaitu berri den hamarkadan 400.000 lagun izan dira batez-beste, eta kopuruak jaisten jarraitzen du». Grandiren ustez, datuak islatzen du gatazka batzuk iraunkor bihurtu direla eta beste batzuk piztu direla aldi berean. Adierazi zuen nazioarteko komunitatea ez dela gai izan erronka horiei aurre egiteko, eta haren «paralisia» salatu zuen.

Gatazka armatuez gain, mundu osoan hedatu den COVID-19 gaitzak are makurragoa egin zuen iheslari eta errefuxiatuen egoera. NBEren agentziaren esanetan, osasun arriskuan daude pandemiaren aurrean; gainera, diru iturriren bat zutenen artean, asko gelditu dira inolako sarrerarik gabe, eta emakumeek indarkeria matxista jasateko egoera are zaurgarriagoa bizi dute. Oraingoz, errefuxiatuen guneetan ez da agerraldi handirik atzeman, eta 1.200 kasu susmagarri aztertu dituzte. Izan dira bestelako zailtasunak, ordea. Herrialde ugariren muga itxierak eta bidaia debekuak tarteko, asilo eskatzaile askori atzeratu egin diete beren eskaria aztertzeko prozesua.

Desplazatuei pandemia garaian laguntzeko, UNHCRk 220 milioi euro biltzea lortu du. Hasierako helburua beteta, 660 milioi biltzeko kanpaina bat abian jarriko du orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.