Zerbitzu publikoetako grebak: mugarri berria aldaketaren alde

Imanol Karrera Turrillo
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Nafarroa Garaian dagoeneko ez da aldaketaz hitz egiten. Garai batean, komunikatu eta hitzaldietan gehien errepikatzen zen hitza zen hura, 2015eko hauteskundeen iraulketaren aurretik eta ondoren. Baina gertaera historiko hura posible izan zen lehenago lantokietan, kalean eta jendearen sen onean gertatu zen aldaketagatik. Sei greba orokor, zenbait greba sektorial zerbitzu publikoetan, eta herri-ekimen ugari erabakigarriak izan ziren indarren korrelazioa aldatzeko eta, manifestazioetan erabiltzen genuen esloganetako batek eskatzen zuen bezala, lapurrak erakundeetatik kanpora bidaltzeko.

Gobernu-aldaketa kudeaketa publikoa demokratizatzeko aukera bat zen, eta beharrezko baldintza zen, baina ez nahikoa politika publikoen orientazioa aldatzeko. Hori dela eta, 2015eko hauteskundeen ondoren, esparru soziosindiakalak eskatu zuen aldaketa instituzionala benetako aldaketa sozial batean islatzea. Eta zer gertatu da ordutik hona?

Agenda demokratizatzaileari dagokionez, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortu da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan digitalki egindako hitzarmenak bukatu dira, hainbat kolektiboren aldeko politikak ezarri dira, harreman instituzionalak normalizatu dira, memoria historikoan eta polizia-abusuen biktimentzako arretan aurrera egin da... Egin gabeko gauzen artean, honako hauek daude: justizian eta beste herri-instantzia batzuetan joera patriarkala bukatzea; hizkuntza-eskubideak errespetatzea, geure hizkuntzarentzako estatus berri baten bidez; Lan Epaitegian, Ondare Sindikalean edo Volkswagen bezalako enpresetako kontratazioetan diskriminazioak ezabatzea —eremu horietan oraindik ere LAB bazterturik dago, klase-izaera eta borroka-izaera duelako—; eta Foru Hobekuntzaren berrikuspena, berrogei urte egin baititu herriaren aldetiko inolako berrespenik gabe.

Politika publikoei dagokienez, aurrerapenak txikiagoak izan dira eta ahalegin handia eskatu dute. Esparru soziolaboralera mugatzearren, hauek dira LAB partaide izan duten lorpen nagusiak: ospitaleetako sukaldeen publifikazioa, 2008-2015 aldiko murrizketen zati bat lehengoratzea, Administrazioan mileurismoa ezabatzea (E maila kenduta) eta hobekuntza sozialak lortzea, kontratazio publikoan klausula sozialak ezartzea eta tokiko administrazioaren legean lan-klausulak ezartzea, Esku-hartze Sozialeko Nafarroako lehen hitzarmena lortzea, eta 0-3 zikloa duintzea —lan baldintzak arautuko dituen hitzarmen propio baten faltan—.

Hala eta guztiz ere, esan dezakegu politika publiko gehienak ez direla gehiegialdatu 2015etik. Alde batetik, Madrilek ezarritako egiturazko mugak (Foru Hobekuntza) eta, teorian, koiunturalak (austeritate-neurriak) direla eta; bestetik, gobernuan bi legegintzaldietan nagusi izan diren alderdien borondate politikorik ezagatik —Geroa Bai eta PSN, hurrenez hurren—, patronala, Opus Odei eta beste botere faktiko batzuen interesei eragiten dien ezein neurri hartzeko.

COVID-19aren pandemian eta, orain, pandemia ondokoan, Nafarroako Gobernuaren kontinuismoaren ondorioak azaleratu dira 2015az geroztiko aurrekontu-politikan. Aldaketa gutxi izan dira fiskalitatean, eta, beraz, ez da behar adina inbertitu zerbitzu publikoak hezkuntzan, zaintzan eta osasunean garatzeko. Hirugarren adinekoentzako egoitza gehienek pribatizatuta jarraitzen dute, eta langileek dozena bat greba egun egin dituzte Nafarroako hitzarmen bat sortzearen alde. Mugimendu feministak, bestalde, anbizio handiko dinamika jarri du abian, zaintzarako eskubide unibertsala onartzeko eta sistema publiko komunitarioa sortzeko.

Testuinguru horretan, otsailaren 15eko greba arrakastatsuak 2008-2015 zikloko borroka sindikalak berpiztu ditu, langile publikoen belaunaldi berri bati gehitu zaio, eta sektore publikoan greba eta mobilizazio dinamika jarri du abian, epe laburreko hiru hitzordurekin: gaur bertan, martxoaren 18an, osasun publikoaren aldeko manifestazioa; 23an Osasunbideko greba, karrera profesional integralaren alde; eta apirilaren 3an, greba irakaskuntzan, ratioak txikitzeko eta ikasleen arreta hobetzeko greba.

Zerbitzu publikoak garatzeko borroka hori beste palanka bat izan daiteke eta izan behar du aldaketarako. Demokratizazioari dagokionez, pultsua dago oraindik ere ezkutuan dagoen Erregimen baten interesen eta egiteko moduen artean (sindikatu medikoak ordezkatzen duena) eta negoziazio kolektiboan ordezkaritza sindikalaren bidez bideratuta dagoena plantilla osoaren—baita medikuenen ere— interesen artean.

Aurrekontu faltaren aitzakia edo legezko mugak aipatu izan ditu PSNk behin eta berriz plantilla osoari eskubideak ukatzeko. Baina, orain, lobby korporatibo, kontserbadore eta erreakzionario baten aurrean eman du amore eta hori basoa gainezkatu duen azken tanta izan da zerbitzu publikoetako langileentzat. 2008-2015ziklo mobilizatzailean funtsezko eragileak izan ziren, eta, orain, berriz aktibatu dira erosteko ahalmena berreskuratzea eta beste lan hobekuntza batzuk eskatzeko, eta aldarrikapen estrategiko bat egiteko: langile eta baliabide gehiago, Nafarroako herritarren eskubideak bermatuko dituzten zerbitzu publiko batzuk behar bezala garatu ahal izateko.

Beraz, Nafarroan badugu aukera aldaketa politiko eta sozialaren alde aurrera egiteko; 2015. urtean gertatu zen bezala, kalean lor ditzagun gero erakundeetanislatuko diren aurrerapenak. Bagoaz, ba!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.