Hezkuntza, ikasleon neurrira

June Diaz Franco eta BeƱat Cristobal Orue
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Ikasturte berria hasi genuen Euskal Herriko ikasleok duela pare bat hilabete. Aldaketaren ikasturtea izango zela esaten ziguten arren gobernuetatik, ikasleok ez dugu aldaketen arrastorik nabari. Badirudi EAEko Hezkuntza Lege berria oinarri hauek aldatzeko zetorrela. Baina hasieran saldu nahi izan zigutena, beste behin ere, kea besterik ez da. Anbiguotasunez beteriko txosten baten aurrean gaude, lege kontinuista baten aurrean, alegia.

Euskal Herriarentzat baina bereziki Euskal Autonomia Erkidegoarentzat ekarriko zituen erroko aldaketarik ez da ageri inondik inora. Esan bezala, Hezkuntza Legeak ez ditu ikasleok behar ditugun aldaketak ekarriko; baina ez da inola ere harritzekoa. Izan ere, beste behin ere, ikasleon nahiak eta beharrak ez dira entzunak izan. Nola aseko ditu edozein legek ikasleon beharrak, hauek entzun nahi ez badituzte?

Hezkuntzako molde zurrunak txiki geratu zaizkigu ikasleoi aspalditik. Sistemaren biziraupenerako tresna gisa baliatzen dute gobernuek hezkuntza. Baina guk ez dugu goia jo duen sistemaren biziraupena bermatzeko makinak izan nahi, sistema kapitalista zisheteropatriarkal hau eraldatuko duten subjektu aktiboak baizik.

Ikasleok, hezkuntza komunitateko ezinbesteko parte garen heinean, gure ahotsa entzutea nahi dugu. Ez da posible hezkuntzari dagozkion auzi guztietatik kanpo geratzea, pasibotasun eta asimilaziora kondenatuta. Argi diogu, guk baditugu hitza eta erabakia.

Egungo hezkuntza sistema txiki geratu zaigu eta, hortaz, ez digu balio. Gure neurrira egina egongo den hezkuntza sistema aldarrikatzen dugu. Ikasleon nahi eta beharrak erdigunean jarriko dituen hezkuntza eredu berri bat, alajaina. Non sistemaren erreprodukzio katea jarraitu beharrean, sistema bera kritikotasunez ikusten irakasten zaigun. Ikasleon iritzi kritikoa eta autonomia landuko dituen hezkuntza behar dugu. Egungo molde pedagogiko lehiakorretatik atera eta benetako ikasketa prozesuak bermatuko direna. Lan mundura txertatzeko helburutik harago, balio askatzailean heziko gaituena. Finean, aldaketarako tresna izango den hezkuntza sistema bat aldarrikatzen dugu Ikamatik.

Ikasleon neurrira eraikita egongo den hezkuntza nahitaez ekologista izan beharko da. Ekologista, bizi dugun krisi ekosozialaren aurrean, bizi-eredu alternatiboak eraikitzen hasi behar dugulako. Klima aldaketa, bizitzaren garestitzea... gure egunerokotasuna zeharkatzen duten egungo sistemaren agortzeaz ohartarazten gaituzten adibide gordinak baino ez dira. Ikasleon kontzientziak piztuko dituen eta bizi-eredu bizigarriak eraikitzen lagunduko digun hezkuntza bat behar dugu, nola ez, bere horretan sostengagarria izan beharko delarik.

Kapitalismoa eta patriarkatua eskutik doazen bi kontzeptu dira, eta ezin ditugu bereizita ulertu. Hau horrela, amesten dugun hezkuntza, nahitaez, feminista izan beharko da. Feminista, zapaltzen gaituen sistema zisheteropatriarkalari aurre egiteko. Hezkuntza sistematik hasita inposatzen zaizkigun genero eta sexu rolekin hautsiko duen hezkuntza izan beharko da honako hau; genero zein sexu disidentziak errealitatearen parte izango diren espazioak bermatuko dituelarik egitura berri honek. Heteronormatibitateak ezartzen dizkigun moldeetatik ateratzeko espazioa izango da hezkuntza eredu berria, zaintza erdigunean kokatuko duena.

Aurretik aipatutako ezerk ez digu balioko irudikatzen ari dugun hezkuntza euskalduna ez baldin bada. Euskalduna, bai; izan ere, euskal herritar gisa, eskubidea izan behar dugu euskaraz bizi ahal izateko. Tamalez, eskubide hau ez da bermatzen. Nafarroan esaterako, zonifikazioaren legeak hirutan banatzen du herrialdea: eremu euskalduna, eremu elebiduna eta euskara ofiziala ez dena. Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin, aldiz, lizeo bakarra dute euskaraz ikasi ahal izateko. EAEn, bestetik, euskara ofiziala den arren, ikasleon euskalduntzerako baliabide hutsalak daude, ikasleok euskaraz bizi ahal izatea oztopatuz.

Aipatutako egoera horiek guztiek, jaio garen eremuaren arabera, euskaraz bizi eta ikasi ahal izatea guztiz baldintzatzen digute ikasleoi. Ezin dugu ahaztu, hala ere, euskal curriculum osatu bat izan ezean, hizkuntzarekin batera ezinbestekoak diren gure herriaren historia eta nortasuna ez direla transmitituko ikasleongana. Estatu espainiar zein frantziarraren mende gauden bitartean, eta herri gisa pauso errealak eman ezean, ez da posible izango euskaraz baldintza duinetan ikasi ahal izatea.

Azkenik, argi izan behar dugu hezkuntza eredu berritzailea ez baldin bada guztiontzat ez dela inorentzat izango. Eguneroko errealitatea da hezkuntza ez dagoela ikasle ororentzat diseinatuta. Arraza, erlijio, sexu, klase sozial eta beste hainbat ezaugarri direla medio, ikasle bakoitzaren hezkuntza prozesua erabat baldintzatuta egongo da.

Etorkizuneko hezkuntza inklusiboa izan behar da, sistematikoki baztertzen gaituen hezkuntzaz nazkatuta gaudelako, eta hezkuntza, pertsona ororen eskubidea den heinean, bermatu beharra dagoelako.

Hau guztia horrela, borroka egunak ditugu aurretik hezkuntzan. Sindikatuek deitutako grebetatik hasi eta ikasleok abenduaren 15erako deitutako mobilizazioetara. Jendartearen biziraupenerako zein hobekuntzarako oinarrizko tresna da hezkuntza, eta, guk aldatu ezean, ez du beste inork aldatuko. Horregatik, gure neurrira egokituta egongo den hezkuntza borrokatzeko, abenduaren 15ean ikasleon txanda izango da. Ikasleon hitza ozen entzun dadin, Hego Euskal Herriko hiriak hartzera dei egiten dugu. Ikasleok eraldaketarako tresna garrantzitsuena garela erakutsiko dugulako beste behin, abenduaren 15ean kaleetan bat egingo dugu.

Gora ikasleon borroka! Gora Ikama!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.