Zaldibar, pandemiaren entsegu gisa

Urtza Alkorta eta Maider Lazkano
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Sarri irakurri dugun baieztapena izan da pandemia hau klima larrialdiak ekarriko digunaren entsegu gisa hartu behar genukeela. Baina etxeko konfinamenduak guztiok bakartu baino hilabete eskas lehenago, izurri honen entsegu orokor bat bizi izan genuen Zaldibarko Verter Recycling 2002 S.L. zabortegian izandako hondamendiaren ondorenetan.

Zaldibar kasuaren bueltako lau irudi dakartzagu hurrengo lerrootan, Jaurlaritzak egin duen izurriaren eta honen kudeaketaren arteko kointzidentziak azaltzeko.

Lehen irudia, musukoak eta zabortegia sutan. Zaldibarko «zulo beltza» AP-8 autobidearen gainera erori eta ordu batzuetara, suteak piztu ziren, gas toxikoak isuriz zerura. Eibarren, Ermuan eta Zaldibarren etxean konfinatu eta musukoa erabiltzea gomendatu zen, alerta egoera ezarrita. Publikorik gabe jokatu zen lehen partida Eibarren eta Realaren arteko derbia izan zen Ipuruan.

Bigarren irudia, Josu Erkoreka Anbotoko tontorrean; sailburuak eta lehendakaria non daude? Gardentasun falta, erabakiak gaizki eta berandu hartzea, enpatia falta eta oposizioko alderdiekin zein eragile sozial eta sindikalekiko harremanik eza konstantea izan dira Zaldibar kasuan eta izurriaren kudeaketan. Bost egun pasatu behar izan ziren Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak zerbait esateko. Nekane Murga Osasun sailburuaren berririk ez zegoen. Josu Erkoreka bozeramaileak zabortegiaz ezer esan baino lehen, Anbotoko tontorrean selfie bat atera, eta Twitterrenjarri zuen. Iñigo Urkullu lehendakariak otsailaren 11n hauteskundeen aurrerapena iragartzeko prentsaurrekora deitu zuen. Ez zuen txintik esan Zaldibarrez kazetariek galdera egin zioten arte. Kazetariak hondamendi gunera joateko asmorik ez ote zuen galdetuta, «Twitterreko kanpainengatik ez», erantzun zuen, haserre eta harropuzkeriaz. Hondamenditik sei egunera bisitatu zuen, lehenengoz, zero gunea.

Koronabirusaren datuekin gertatzen den gisan, informazio garden falta eta mezu kontraesanezkoak etengabeak izan ziren egun haietan. Astebetez airearen kalitatea ona zela errepikatu zuen Eusko Jaurlaritzak, otsailaren 14an urgentziaz agerraldia egin eta dioxina eta furano kantitatea uste baino handiagoa zela esan zuten arte. Orduan, neurri murriztaileak gomendatu zituen gobernuak. Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, desagertutako langileen familiek arduradun politikoek azalpenik ez ematea leporatu zioten, behin eta berriz. Iñaki Arriolaren eta Verter Recyclingeko nagusien arteko lagun harremanaz ere ez da behar beste argi jarri.

Hirugarren irudia: Iñigo Urkullu, haserre herritarrekin, eta Josu Jon Imaz, Petronorren. COVID-19aren kudeaketan Eusko Jaurlaritzaren estrategia bat eta bakarra izan da: ardurak besterendu. Urteetako politika neoliberal eta pribatizatzaileek utzi duten osasun sistema ahularen ardurak nork bere gain hartu eta inbertsio publikoak egitea baino erosoago zaie, noski. Verter Recycling 2002 S.L. enpresaren kasuan ere berdin egin dute; ardura guztia haiena da. Txintik ere ez dute esan, ordea, 2000. urtean Josu Jon Imazek Industria sailburu zela administrazioak zabortegiak zaintzeko zuen betebeharra minimizatzeko eman zuen aginduari buruz, politika pribatizatzaileen abaroan. Ardura gainetik kendu, arduragabekeria itzelez.

Laugarren eta azken irudia Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzerena da, noski. Gutxi batzuen interes ekonomikoak lehenesten direnean osasunaren, segurtasunaren edo onura kolektiboaren aurretik, bizitzak atzera egiten du, batzuetan heriotzaraino. Hala gertatu zen Zaldibarren AP-8a lehentasunez irekitzea erabaki zuenean Bizkaiko Foru Aldundiak, amiantoarekin langileak arriskuan jarriz, eta hala gertatu zen Joaquin eta Albertoren bizitzekin.

Izurriak eta klima larrialdiak ispiluaren aurrean jarri ditu Euskal Herria eta zibilizazioa oro har. Izurriak krisi ekonomiko latza ekarri du, eta trantsizio klimatikoak ez du ematen baketsua izango denik, horrek dakarrenarekin. Izurria larrialdi klimatikoaren entsegua izango bada, Euskal jendarteak bere buruari galdetu behar dio ea EAJ eta PSE-EEk osatutako gobernu bat —ikusitakoak ikusita gai ote den erronka erraldoi horiek gardentasunez, segurtasunez eta konfiantzaz kudeatzeko. Alternatiba indartzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.