Albistea entzun

Datorren urtean ere izango naiz Azaroaren 25eko manifestazioan

Maite Leanizbarrutia Biritxinaga - Gogoan elkarteko kidea

2022ko abenduak 1

Zoritxarrez; kontzientziak esnatzen joan gaitezkeen arren, inertziei eusten, berdintasunean hezten eta diskriminaziorik eza lortzeko pausoak ematen, zaila egiten zaidalako emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gizartea eta mundua imajinatzea. Eta helburu hauek lortze aldera eta mundu zuzenago batera iristeko feminismoa ezinbestekoa dela deritzot.

Nire ustez borroka hau bide baketsuetatik igarota gauzatu behar da nahitaez, eta mugimendu feministari dagokionez horrela izaten da normalean: feministek deitutako manifestazioak baketsuak izaten dira. Ni neu Azaroaren 25ak, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunak, indarkeriarik ezera narama derrigorrez, eta horrek, indarkeria ez erabiltzeaz gain, indarkeria ez zuritzea ekarri beharko luke berarekin gutxienez.

Indarkeria erauzteko eta zilegitasuna kentzeko ezinbestekoa da indarkeriaz ari garenean kontzeptuak ondo bereizteko ahalegina egitea eta zehatzak izatea, eta nire aburuz Azaroaren 25ekoa bezalako manifestazioetan jaurtitzen diren kontsigna batzuekin ez da horrela gertatzen, eta horrek ez dio inolako mesederik egiten mugimendu feministari. Ostiralean Gasteizen egin zen manifestazioan horrelako oihuak entzuten ziren: «Jasotzen duzun diruarekin hil bukaerara ez iristea da terrorismoa» edo hainbestetan entzutea egokitu zaigun «Zuek faxistak, zarete terroristak».

Terrorismoa ez da edozer gauza, eta duen larritasunagatik terrorismoarekin alderatu daitekeena gizon batzuek emakumeei eragiten dieten indarkeria da: herio mehatxuak, emakumeak ikaratzea eta askatasuna kentzea, sexu-erasoak egitea edo emakumeak akabatzea. Hil bukaerara ez iristea ez da terrorismoa; sekulako harlauza da emakume eta familia askorentzat, errotik aldatu beharreko egiturazko injustizia baten ondorioa, baina ez da terrorismoa.

Faxismoaren ondorio kaltegarriez ohartaraztea, horiek salatzea eta faxismoari aurre egitea oso beharrezkoa da; hala ere, azken urteotan Euskadin eskuin muturreko aurpegi ezagunenak ez dira terroristak izan, biktimak baizik, ETAren herio mehatxuaren menpe bizi behar izan dutelako urteetan zehar.

Azaroaren 25eko manifestazio baten terrorismoaren aurkako kontsignak jaurtitzea erabakitzen bada, hitz egin dezagun ETAz, salatu dezagun zer izan den ETA gizarte honentzat, zeren eta berea hemen jasan behar izan dugun terrorismo bakarra izan ez den arren, urteetan zehar gehien iraun duena izan da, biktima gehien eragin dituena eta gure gizartearen baloreak eta bizikidetza larriki hondatu dituena.

Honekin guztiarekin lotuta, mugimendu feministak urtero antolatzen dituen ekitaldietan emakume eta emakume-talde ugariri ahotsa ematen zaien arren, ETAko kide izan diren emakumeak barne, oraindik orain ez dago mikrofonorik ETAren biktima izan diren emakumeentzat, inoiz ez dira aintzat hartzen, zoritxarrez. Eta nik aldarrikatu nahi dut Gasteizen eta Euskadin terrorismoaren biktima izan diren emakume ugari dagoela, anitzak, konprometituak, gizarte honentzat ezinbestekoa den lekukotasuna eta arrazoibidea emateko gai direnak, bai mugimendu feministak bai gainontzeko eragile eta elkarteek entzun eta aitortu beharko genituzkeenak.

Hor dago Ana María Vidal Abarca gasteiztarraren historia, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartearen sortzaileetako bat. Elkarte hau terrorismoaren berunezko urteetan sortu zen, eta atentatuen ostean guztiz babesgabe geratzen ziren biktimei —gehienak emakumeak— laguntza emateko sortu zen. Fernando Buesa Blanco Fundaziora hurbiltzen bagara, bertan Fernando Buesaren alarguna den Natividad Rodríguez eta euren alabak, Marta eta Sara, aurkituko ditugu, urteetan zehar ezin ordainduzko lana egiten ari direnak gizarte honentzat onenak diren balioetan sakonduz.

GALen biktima Maider García Martín, Pili Zabala eta Axun Lasaren lekukotasunak ere entzun beharrekoak dira, behar-beharrezkoak. Coviten ere Consuelo Ordóñez eta Conchi Fernández bezalako biktimen laguntzarekin terrorismoaren biktima guztien memoriaren argia piztuta mantentzen ahalegintzen direnak, egunero sekulako lana eginez. Cristina Cuesta, biktimen eskubideen aldarrikapenean eta bakearen aldeko lanean aitzindaria, gaur egun Miguel Angel Blanco Fundazioaren zuzendaria. Eta azkenik Maixabel Lasa, Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Bulegoaren zuzendaria izan zena, eta gaur egun bakearen aldeko eta indarkeriari zilegitasuna kentzeko ekintzailea dena.

Hauek guztiek eta beste askok indarkeriaren eta mendekuaren euste-hormarena egin dute, eta zeukaten onena eman zuten eta ematen ari dira nahiz eta beraiek hauts eginda utzi zituen eraso anker eta bidegabea jaso. Euskal Herriko mugimendu feministak biktima hauek publikoki aitortu beharko lituzke.

Eta mobilizazio feministei dagokienez, nik eskertuko nuke bertan adierazten diren kontsignak ahal denik eta emakume gehienek partekatzeko modukoak izatea; eta hori lortzea posible ez balitz, hobe isiltasunean joango bagina. Hala ere, datorren urtean ere Azaroaren 25eko manifestazioan egoten saiatuko naiz. Mila esker zuen konpromisoagatik eta egiten duzuen lan handi eta etengabeagatik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.