Kezka agertu du Kristau Eskolak, «sinatutakoa bete» behar duelako

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Akordioa sinatu berritan, betetzeko gai izango den zalantzan jarri du Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusiak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe erlijiosoek asteburuan ELA, Steilas eta CCOO sindikatuekin sinatutako itunak sentsazio «gazi-gozoa» utzi dio: «Gustura gaude gatazkari amaiera eman diogulako, baina kezkatuta gaude, sinatutakoa bete behar dugulako orain. Uste dugu gai izango garela. Baina ez da hobetu zentroen egiturazko finantzaketa». Ikuspegi guztiz desberdina eman dute sindikatuek: «Primerako akordioa lortu dugu».

Ia hamar urtez luzatu da eskola erlijiosoetako lan gatazka. Lan Harremanen Kontseiluaren bitartekaritzari esker iritsi zen akordioa asteburuan, ELAk, Steilasek, CCOOk eta LABek hilabeterako greba deialdia egina zutela —UGTk ez zuen bat egin—, eta bi urtean 29 lanuzte egin eta gero. Atzo, prentsaren aurrean mintzatu ziren ikastetxeen eta langileen ordezkariak. Kristau Eskola, IZEA, Ikasgiltza eta Elizbarrutiko Ikastetxeak patronalak agertu ziren lehenik, eta ELA, CCOO eta Steilas sindikatuak ondoren—LABek ez du akordioa sinatu—. Ez ziren bat etorri diagnostikoan.

Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak itunaren garrantzia nabarmendu du: «Ez bakarrik primerako edukiak dituelako eta gure aldarrikapen nagusiei erantzun egokia eman zaielako, baizik eta berretsi dugulako sektore honek ere negoziazio kolektiborako eskubide erreala duela». Langileak beste lanpostu batean jartzea, horixe gatazka handiena: jaiotza tasaren jaitsierak ekar dezake ikasgela batzuk ixtea, eta bertako langileentzako enplegua galdegin dute sindikatuek; erretiro partzial aurreratuen bidez gauzatuko dute hori. Beste hainbat lorpen ere aipatu dituzte: soldatak igotzea, lan zamak arintzea, esparru feminizatuenetako beharginen baldintzak hobetzea...

Negoziazioko korapiloetako bat izan da nork finantzatuko zuen hori guztia. Zubizarretak azaldu du Jaurlaritza «inplikatu» egin dela langileak beste lanpostu batean jartzeko, «erretiro aurreratuen kostuak bere gain hartzeko, baita irizpideak ezartzeko eta kontrolatzeko ere». Ormazabalentzat, ez da nahikoa: «Gizarte ekimeneko zentroei nahikoa baliabide ematen ez dien neurrian, ezin gara pozik egon Jaurlaritzaren inplikazioarekin».

Arazo ekonomikoak

Izan ere, Kristau Eskolako zuzendariak azpimarratu du akordioko hainbat puntu ez ez dituela gobernuak finantzatuko, eta horrek «esfortzua» eskatuko diela zentroei. Kuotak igotzea baztertu du, eta iradoki du Jaurlaritzak ordezkapenetarako eta orientatzaileentzako ematen dien diruaren parte bat erabiliko duela. «Akordioa lortu dugu, baina ez dugu konpondu itunpeko sarearen finantzaketaren auzia». Arazo ekonomiko horien aurrean, Zubizarretak adierazi du ikastetxeek badituztela baliabideak: «Beti esan izan dugu zentroek dioten baino aukera handiagoak dituztela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.