Herriko bozak. Elkargoaren eskumenak

Autoari nagusitasuna nola kendu

Euskal Elkargoak bere garraio plana bozkatu berri du. Mesfidantzaz hartu dute Bizi elkarteko Marion Picheryk eta LABeko Thomas Giacominik, hitzetarik obratzera alimaleko hozkak ikusi baitituzte orain arte mugikortasunen arloan.

Garaziko trena. Geroa kordoka da. GUILLAUME FAUVEAU.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Gisa bereko plan guzien gisan, ideia anitz lerrokatzen ditu Euskal Elkargoko garraioen sindikatuak bozkatu berri duen Lekualdatze Planak (LP). Horrek ditu finkatuko kargualdirako norabideak Ipar Euskal Herriko garraio mailan. Intentzio anitz, ele ederrez. Dena da jakitea zer obratuko den, noiz, eta zer ahalekin.

Garraio planak autoaren erabilera ttipitzea jartzen du helburu nagusi gisa. «Lehen ardatza: gutiago lekualdatu, hobeki lekualdatu. Bigarren ardatza: mugitzeko aukera denei eman. Hirugarren ardatza: erabiltzaileentzat eta erabiltzaileekin egin». Horra beraz, Lekualdatze Plan horren ardatz nagusiak. Thomas Giacomini LAB sindikatuko trenbide langilea ez da fidatzen garraio sindikatuaren eleetan. Zerbitzu publikoak suntsitzen ari diren garai honetan, paradoxa anitz ikusten dizkio planari. «Mugitzeko aukera denei emateko, anbiziozko garraio kolektiboko politika publikoa behar da: trena, autobusa... Kalitatezko garraio plan bat zutik eman behar da, abila, eginahala bidaiari erakartzeko».

Marion Pichery Bizi mugimenduko Autoari alternatibak taldeko arduraduna da. Paperean asmo onak ikusi dizkio sindikatuaren testuari: «Gauza anitz aski berriak dira. Kontuan hartuak izan dira azken aldietan Frantziako hiri anitzetan hartu diren bihurguneak bizikletari buruz, autoen partekatzeari buruz. Autoarekin genuen obsesiotik ateratzen ari gara». Bizkitartean, asmo orokorrez haratago, egiazki obratuko den jakitea falta dela dio: «Arazoa da ez dakigula zuzen zer eginen duten. Adibidez, trenbideekin diote berriz nahi dutela maiztasun handiagoko erabilpenera itzuli, baina orain arte egin denaren guziz kontrakoa da; dudak ditugu zinez eginen den». Idazkian lehentasunezkoak ez zaizkion gauzak ikusi ditu: «Gauza baikor anitz bada plan horretan; bizkitartean, batzuk ez dira urgentziazkoak, hala nola turismoaren garapenari lotuak direnak, edo auto autonomoen ingurukoak. Guretzat jokoan dena da egiazko alternatibak jartzea autoari, eraginkorrak, jendeak beste gisan ibiltzeko hautua izan dezan, zinez». Beste puntu baikorrak ikusi ditu: txartel eta tarifikazio bakarrak; usaien neurtzea jakiteko nola egokitu; autobusen 3 eta 4 ibilbideen maiztasunak emendatzea; auto partekatzea garatzea.

Bizikletaren terrenta

Picheryk aitortu du Bizi elkarteko taldean nagusiki hirigune eremuari begira gogoetatu dutela. Ez dute oraino lan berezirik egin lurralde guzirako. Autoa hirigunean murrizteko egin denari so egiten bazaio, dioenez, elkargoak ez du jakin bururaino joaten. Trambusaren egoera adierazgarria zaio. «Gaur egun, trambusak oren bat ematen du BAM zeharkatzeko; autoaren alternatiba dela kanta dezakete, baina ez da hala». Osoki autobusari utzi lerroak xuhurregi direlako eta autoz ibiltzeari traba gutiegi jarri zaiolako.

Bizikletaren alternatiba errepikatzen du Bizi taldeak. Sail horretan ere elkargoak hitza jan duela dio Picheryk: «Azken aldiko Lekualdatze Planak bazuen Bizikleta Plan bat atxikita, eta ez dute plan horretatik fitsik obratu; beraz, ez gara fidatzen idatzia denean. Igurikatuko dugu gauzak obratzea, gonbida gaitzatela bizikleta pista berri bat diseinatuko den kontsulta batera. Urrats ttipiak dira aldiro, baina horrela da aitzinatzen». Picheryk salatu du elekatu dituen hautetsi eta teknikariek ez dutela sinisten bizikletan: «Hautetsi eta teknikari anitzek hala diote oraino: 'Ez ditugu bizikleta bideak eginen, ikusiz arras jende gutik baliatzen dutela'. Alderantziz pentsatu behar da, jende gehienak ez baitu bizikleta baliatzen segurtasunagatik. Bistakoa da lanjerosa dela bizikletaz ibiltzea BAMen». Bizikletaren parioa egin duten hirietan beste norabidea hartu dute, egiazko eta berezko bide segurak antolatuz. Emaitza onak dituztela dio: «Anitz hiritan egina dute trantsizio hori aspaldi, eta martxan da. Danimarkan, lekualdatzeen erdiak bizikletaz egiten dituzte. Garraio molde horrek konponduko ditu lekualdatze gehienak, herritar gehienek 3 eta 6 kilometro arteko joan-jinak egiten baitituzte».

Gizarte eredua erroan

Giacominik gogoeta urrunago darama. Gizarte eredua galdekatzen du lurralde baten antolamendua pentsatzerakoan. Sistema ekonomiko baten ondorioak ikusten ditu autoaren nagusitasunaren erroan. «Kapitalismoaren ondorio kaltegarriak ageri dira: autoarentzat egin politikak 1960ko hamarkadaz geroztik —ez bide da geldituko, ikusiz hilabetero auto mota berrien publizitateak—. Hirietako bizitegi prezioek soldatarik apalenak dituztenak haizatzen dituzte hiri inguruetara [gentrifikazioa], auto kostuak emendatuz. BAM bezalako eremuen metropolizatzea, eta horrekin zerbitzu publikoen eta saltegi ttipien desagertzea herri ttipietan». Herritar xumeenen haizatze fenomeno honi beste ondorioa ikusten dio: «Herri ttipi horiek laborantza lurrak desagerrarazten dituzte, gero eta gehiago eraikiz. Ohetegi hiriak bilakatu dira».

Gehiago dena, jendeari autoa gutiago erabili behar duela erratea ez zaio baitezpada beti zuzena iduritzen. «Hobendun sentiarazten zaitu. BAMetik urrun bizi denari eskatzen zaio hori. Baina ez da bateragarri lehenago aipatu egoerarekin. Gutiago lekualdatu behar dela egunero? Baina, lanarengatik, ezin da». Non ez den egiazko alternatibarik proposatzen. Ez du kentzen gizarteari buruzko gogoeta gordina egiten duela Giacominik. Lanaren eta autoaren arteko hautua anitzentzat ezinezkoa bezala baldin bada, abusagailuetarako besterik da. «Zoritxarrez, aisialdien gizarte kapitalista bilakatuak gara. Gehienek nehondik ere ez dute erranen asteburua, bakantzak deus egin gabe iragan dituztela; erakutsi nahiaren lehia deitzen zaio horri». Hots, bizitegien politikari hertsiki loturik ikusten du garraioena. «Mugikortasunari lotu arazoak lotuak dira lehenik etxe baten lortzeko nekeziari. Hortik dator autoaren beharra. Bizitegien politikan eragitea zailago daiteke jabetza pribatuaren premiagatik, espekulazioagatik», trenkatu du ironiaz.

Tokiko trenbideak

Hirigune Elkargoak Donibane Garazi eta Baiona arteko garraioan egin dituen hautuetan ez dira ados LAB sindikatukoa eta Bizi elkartekoa. Picheryk begi onez ikusi du Kanbo eta Baiona arteko trenen joan-jinen emendatzea. «Garraioen sindikatuak nahi izan du garatu tarte hori, eta diruz parte hartu du. Ongi da, tokiko erakunde bat baita. Joan-jin gehiagoren egitea aipatzen dute, eta ongi da. Segituko dugu hurbiletik, azkarki sinisten baitut trenaren garapenean». Giacominik aspalditik salatzen du Kanbo eta Baiona arteko plan horrek Donibane Garazirainoko burdinbidearen ehorztea kukutzen duela. Tren zerbitzu publiko baten suntsitzea dela gibelean. Funtsean, Donibane Garaziko geltokian errezibitze tenoreak azkarki kendu dituzte joan den urte hondarretik; abenduaz geroztik, tren gutiago da Donibane Garazirako zatian. «Trenbide basamortua abendu erditsutik hasia da Donibane Garaziko bidean. Gaur egun, Itsasun, trena ez da gehiago gelditzen». Argi du elkargoak eta eskualdeak deliberatua dutela duela bost urte 44 milioi euro gosta zen trenbide zati hori bere gisa uztea, autobusekin ordezkatzeko. «Zinezko kuraia politikoa Kanbo eta Baiona arteko 13. autobusa kentzea izanen zen, eta trenbide antolaketa koherente bat plantan ematea». Funtsean, trenbide langileek proposatu zuten antolaketa bat, hautetsiek kontuan hartu ez dutena. SNCFri interesatzen ez zaizkion trenen kentzea da xedea, Giacominiren ustez, autobusak ezartzeko: «BlaBla bus batzuk, 5 euroan Baiona eta Bordele artean; trenbidea badelarik, alta».

Pichery eta Giacomini ados dira, haatik, lurralde trenbide ttipi horien garatzeko. LABekoa konbentzitua da anitz egin daitekeela Donibane Garazi eta Baiona artekoarekin, baita Hendaiatik Baionarakoan ere. «Baiona eta Hendaia arteko autobusa kendu behar da, trena badelako». Bizikoak ere estrategikotzat dauka itsasaldeko trenbidea: «Hendaia-Baiona ardatza biziki kargatua da etxetik lanerako bidaientzat. Nahi balute joan-jin aise gehiago ezar liezazkiokete tren horri, bizikleta tokiak gehituz; bistakoa da anitz jende balitzatekeela interesaturik». Trenean bizikletentzako leku gehiagoren ezartzeak anitz lekutan arrakasta duela dio, praktikoa baita: «Bidaia luzeagoak egin daitezke trenez, eta gero geltokitik bizikletaz zalu-zalu heltzen ahal da helmugara». Arazoa da eskualdeak trenak berritu dituelarik ez duela horri pentsatu. Ipar Euskal Herriko lurralde trenetan ez da bizikleta bat edo biren lekua baizik. Beste eskualde batzuetan hogei lekuko trenak jarri dituzte.

Biek diote hautetsiek ausartago behar luketela izan, urrunago joateko. Giacomini: «Mugikortasun politika anbiziodunak behar dira, herritarren egunerokoa hobetzeko zerbitzu publiko indartsu baten medioz. Autoaren nagusitasunetik ateratzeko bidea, menturaz, kasik urririk litzatekeen garraio zerbitzuan da». Oihartzun egin dio Picheryk: «Alabaina, jendea lotua da bere autoari, erosoa baitzaio; hainbeste sartu zaigu buruan autoak erosi behar zirela autonomoak izateko. Proposatzen bazaie autobus bat, behar denean abiatzen dena eta autoa baino aise merkeago, segur naiz anitz aldatzeko prest direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.