Koronabirusa

Informazioa, pantailan galduta

Aurrez aurre kazetaririk eduki gabe ari dira agerraldi ofizialak egiten. Galderak egiteko aukera jarri dute, baina batzuek ezkutatu egiten dituzte zenbait galdera. Euskara gutxi erabiltzen ari dira.

Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Murga Osasun sailburua, bideoz egindako bilera batean. IREKIA.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Pantaila bidezko agerraldiak ezagun bilakatu zituen Mariano Rajoyk, Espainiako Gobernuko aurreko presidenteak: alderdiko ustelkeria kasuak argitara irten zirenean, agerraldiak pantaila baten bidez egin zituen, kazetariak beste areto batera bidalita, haien galderei ihes egiteko. Egunotan, pantaila bidezkoak dira erakundeen agerraldi guztiak, koronabirusak behartuta: ez da kazetaririk egoten aretoan, eta kamera bati hitz egiten diote agintariek. Osasun egoerak behartuta ari dira hala, baina beste zerbaitetarako ere baliatzen ari dira egoera: gai batzuei izkin egiteko. Eta egunotako agerraldiek badute beste ezaugarri bat ere: euskara gutxi erabiltzen ari direla.

Bada aste eta erdi prentsaren aurreko agerraldiak online soilik ikus daitezkeela. Jardun informatiboa erabat etenda dago koronabirusaren ondorioz, eta, finean, osasun krisiari buruzkoak dira eguneko agerraldi ia bakarrak. Eusko Jaurlaritzak, adibidez, ia egunero egiten du agerpen bat, datuen berri emateko —zenbat positibo, erietxeratu eta hildako—, eta erabakiak iragartzeko. Nekane Murga sailburuak joan den ostegunean egin zuen azken agerraldia, Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera —jakinarazi zuten erizain bat hil zela koronabirusak jota—. 40 minutuko agerraldia izan zen, eta kazetariek igorritako galderak erantzun zituzten banaka-banaka, galdera bakoitza nork egina zen zehaztuta.

Harrezkero, Mikel Sanchezek jarri dio ahotsa Jaurlaritzaren berri emateari, Osasun Saileko Planifikazio zuzendariak —sailburuaren eta sailburuordeen azpitik, hirugarrena da eskalan—. Aldaketa handia izan da agerraldietan: ostiralean, bederatzi minutu eta erdi; larunbatean, 11 minutu eskas. Hor sartu zituzten eguneko osasun partea —bost minutu eskasean— eta kazetarien galderak.

Whatsapp erabiliz igorri behar dituzte kazetariek galderak, baina azken egunetako agerraldietan ez dituzte izen-abizenekin eta zuzenean irakurtzen: «galdera nagusiak» egiten dituzte. Horrek bide ematen die gai batzuk bazter uzteko. Adibidez, BERRIAk ostiraleko eta larunbateko agerraldietara galderak bidali zituen osasun arloko langileen kexuei buruz: ez zeukatela materialik eta ez zirela osasun baldintzak betetzen ari. Horri buruz argibideak eskatu zituen BERRIAk, baina agerraldian ez zituzten irakurri itaun horiek. Gaztelaniaz egin zituzten guztiak.

Murga Osasun sailburuak egin zuen agerraldia atzo, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin: 40 minutu. Galdera batzuk ez zituzten egin. Gaztelaniaz erantzun zituzten denak.

Nafarroan, beste eredu bat

Gisa bereko funtzionamendua du Espainiako Gobernuak ere: galderak Whatsapp bidez bidaltzen dituzte berriemaileek, eta Komunikazioko estatu idazkariak irakurtzen ditu, Miguel Angel Oliverrek —urteetan albistegi aurkezle izan zen—. Kexuak izan dira funtzionamenduari buruz. Adibidez, larunbat arratsean agerraldi bat egin zuen Pedro Sanchez presidenteak: ohartarazi zuen «egun gogorrak» datozela. Horren harira, kazetari batek baino gehiagok galdetu zuten alarma egoera luzatzeko asmoa ote zeukan gobernuak, baina Sanchezi ez zizkioten galdera horiek egin. Biharamunean iragarri zuen gobernuak luzatu egingo duela alarma egoera.

Nafarroako Gobernuarena beste eredu bat da, gardenagoa. Youtuben egiten dituzte emanaldiak, eta kazetariek aukera dute txat batean galderak egiteko. Unean bertan egin ditzakete, eta denek ikus dezakete zer galdera egin diren; ordezkari politikoei zuzenean irakurtzen dizkiete, kazetariaren izen-abizenekin, eta erantzuna aurrez prestatzeko erarik gabe.

Agerraldietan zer muga dauden ikusita, elkarrizketak dira kazetarien galderei erantzuteko biderik emankorrena. Ordea, urri dira elkarrizketak. Adibidez, Murga sailburuak pare bat elkarrizketa eman ditu asteburuan prentsan —eskaria egina du BERRIAk—, eta irratian eta telebistan izan da. Urkullu lehendakariak telebistan eman du elkarrizketa bakarra, herenegun gauean. Sailburuak eta lehendakariak, biek eman dute elkarrizketa gaztelaniazko kate publikoan, ETB2n.

Ordezkari politikoez gainera, adituek dute zeresana egoera honetan: zein den birusaren bilakaera, zer neurri diren beharrezko, zer espero duten. Osasun zerbitzuetako adituekin hitz egitea oso nekeza da, ordea: erakundeek oztopoak jartzen dizkiete hedabideetako kazetariekin hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.