Mendiak dio ez dela «trauma bat» kontuen luzapen bat egin behar izatea

Maider Galardi
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Atzoko kontrol saioan 2020ko aurrekontuen negoziazioen inguruan ere aritu ziren Eusko Legebiltzarreko alderdiak. Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia ere jardun zen horren inguruan, Onda Vasca irratian. Haren arabera, ez da «trauma bat» aurrekontuak aurrera ezin atera ahal izatea, baina baikor agertu da Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak oposizioko alderdiekin egin dituen bileren ostean: «Azpiazu inteligentziaz eta xehetasunekin azaltzen ari da proposamena, eta oposizioko alderdiak mugatu dira hitz onak esatera eta elkarrizketarako prest daudela esatera». Halere, «esperantza» baduela dio Mendiak.

Hain justu, kontrol saioan, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiak esan du bere alderdia konprometitzen dela 2020ko aurrekontuen proposamena «ikuspegi eraldatzaile» batetik aztertzera. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak, ordea, erantzun dio akordioa egiteko prest dagoela, baldin eta Elkarrekin Podemosek «bere aletxoa» jartzen badu, eta apustua «utopia egingarri bat» baldin bada.

Alfonso Alonso PPko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako buruak, berriz, oroitarazi du akordioa egin zuela EAJ eta PSErekin DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren erreforma onartzeko, eta haiek «serioak» direla. Horregatik eskatu dio Urkulluri errenta zerga jaisteko. Halakorik ezean, hauteskundeak aurreratzeko arriskuaz ohartarazi du Alonsok. «Zuk ikusiko duzu komeni ote zaizun», erantzun du Urkulluk.

Mendia PSEko hautagai

Mendiak, ordea, uste du aukera dagoela aurrekontuen luzapenarekin aurrera jarraitzeko, nahiz eta jakinarazi duen sozialistak prest daudela hauteskundeetarako. Hain zuzen ere, atzo izendatu zuten Mendia EAEko lehendakari izateko PSEren hautagai. Azkenean, primarioetan izen eman duen hautagai bakarra da, Ezker Sozialistako hautagaiak atzera egin ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.