Koronabirusa. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

EAJ: «Oposizioa haurren moduan jokatzen ari da»

Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
EAEko hauteskundeen iragarpenaren biharamunean, hainbat ordezkari politikok jardun dute gai horretaz, eta hainbat agertu dira kritiko elkarrekin. Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren ostean, Josu Erkoreka bozeramaileak esan du bozak «osasun berme guztiekin» egingo direla; azaldu zuenez, Segurtasun Sailak azterketa sakona egin du, eta prebentzio neurriak biltzen dituen plan bat ere osatu du.

Erkorekaren ustez, herritarrek politikarekin inplikatu eta konprometitu behar dute garaiotan: «Haiek erabaki behar dute erabakigarria izango den datorren fasea nork gidatzea nahi duten».

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak oposizioaz jardun du, eta «haurren moduan jokatzea» egotzi die: «Etsigarria da hauteskundeen aurkako jarrera hartu izana; liskarrean oinarritutako kanpaina baten bila dabiltza». Gehitu du EAJ ez dela «eztabaida alderdikoien tranpan eroriko», erakundeetan agintean daudenak direlako eta ezin dutelako «halakoetan distraitzekoluxua» hartu.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, berriz, argi utzi du euren ustez EAJk interes alderdikoiei erantzunez deitu duela hauteskundeetara: «Haien kalkuluen arabera egin dute;bozak nahi zituzten, eta horren arabera eraiki dute diskurtsoa».

Otegiren iritziz, «arduragabekeria hutsa da pandemia baten erdian hauteskundeak egitea», eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren elkarrizketarako borondateari kritika egin dio: «Bere buruarekin hitz egiten du; ez zaio gustatzen ezberdin pentsatzen dutenekin adostea». EH Bildu «irabaztera» aterako dela esan du, eta aitortu EAJren eta PSE-EEren arteko beste gobernu bat aurreikusten duela.

Azterketa bat

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak berretsi du bozak orain egitearen aurka dagoela, baina alderdi guztietako ordezkariekin ezohiko mahai bat sortzea proposatu du, kanpaina diseinatu eta pandemiari egokitutako neurriak adosteko. PSE-EEk adierazi du ontzat joko lukeela bilera hori.

Carlos Iturgaiz PP+C's koalizioko lehendakarigaiak krisiaren kudeaketa kritikatu du, eta erkidegoko uztaileko hauteskundeak «agintarientzako azterketa bat» izango direla azaldu du: «EAJ eta PSOEren kudeaketa kaotikoa hondoratzen ari da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.