Albistea entzun

Koronabirusa

Iazko udan hasitako «aldi epidemikoa» bukatutzat eman dute Nafarroan

Osasun Publikoko Institutuak esan du beste garai bat hasi dela, ez hain larria. Halere, ohartarazi dute birusa ez dela desagertu. Hegoaldean, 37 kutsatu hil dira astebetean
Zenbait herritar Iruñeko Pablo Sarasate pasealekuan, artxiboko irudi batean.
Zenbait herritar Iruñeko Pablo Sarasate pasealekuan, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz -

2021eko irailak 23

«Herrialdearen eremu gehienetan ez da birusaren zirkulaziorik, eta kasuak toki gutxitan zabaltzen ari dira. 2020ko uztailean hasi eta hamalau hilabete iraun duen zirkulazio epidemikoaren epea bukatu egin da Nafarroan». Hitz horiek erabilita deskribatu du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak COVID-19aren izurriak egun Nafarroan duen indarra. Atzo argitaratutako txostenean bildu zituzten hitzok. Azaldu dutenez, ezusteko faktorerik agertu ezean, «egoera pandemikoaren amaieraren parean» izan daiteke herrialdea. Batik bat, birusak herrialdean dituen kutsatze kateen hedadura aintzat hartu dute hori ondorioztatzeko. Intzidentziari buruzko datuetan ere arreta jarri dute: irailaren 13tik 19ra bitartean, 214 kasu izan ziren. 100.000 biztanleko 32 kasu, alegia.

Halere, institutuak argitu du iragarpen horrekin ez dutela esan nahi birusa desagertua denik. «COVID-19a endemikoki edo urtaro jakin batzuetan zirkulatzen duten gaitzen zerrendan jasotzen ahalko da». Are, azaldu dute birusak eragina izan dezakeela udazkenean edo neguan, esaterako. Hala, institutuak zehaztu du herrialdean COVID-19aren zirkulazioa dagoen bitartean ezinbestekoa dela prebentzio neurriei eustea, birusa ez baita desagertu. «Txertaketa beste neurri batzuekin uztartu behar da, maskararen erabilerarekin, adibidez», diote txostenean. Adituen iritziz, txertoa da ospitaleratzeak eta heriotzak gutxitu izanaren arrazoi nagusia.

Eusko Jaurlaritza ere baikor da pandemiaren bilakaerari dagokionez. Jonan Fernandez Labiren batzorde teknikoko buruak atzo goizean azaldu zuenez, Jaurlaritzak espero du urrian aukera egotea mugak leuntzeko. «Espero dugu datuen bilakaera onak neurri murriztaileen arintzeari bide ematea, bizitza soziala hain baldintzatua izan ez dadin». Halaber, leuntze horien gaineko aurreikuspenak zehaztu zituen Fernandezek: «Ordutegien, edukieren eta jarduerak egiteko araudietan egingo diren moldaketek normaltasunera ahalik eta gehien hurbildu gaitzaten da asmoa». Argitu du normaltasun hori ez dela izanen «guztizkoa»; bai, ordea, «antzeko zerbait».

Azkenaldiko joerari eutsita

Birusaren intzidentziak Hegoaldean izandako beherakadak ez du guztiz bermatu gaitzarekin loturiko heriotzen gutxitzea. Joan den astean, 37 lagun hil ziren birusak jota, irailaren 13tik 19ra, hain zuzen ere. Aurreko astekoaren aldean, kopurua txikiagoa da bederatzi heriotza gutxiago dira, baina apaltzea ez da nabarmena oraindik ere. Gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du asteartean bi pertsona zendu zirela herrialdean. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere eman zuen heriotza baten berri: herrialdeko zahar etxe bateko egoiliar bat hil da.

Hegoaldeko osasun sistemek pandemiak eztanda egin bezain laster ekin zioten birusarekin loturiko heriotzen kontaketa zehatza egiteari. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, birusarekin eri ziren 1.242 pertsona zendu dira guztira. Halaber, Jaurlaritzak jakinarazi du birusak 4.701 lagun hil dituela; kopuru horretan, heriotzaren kausa nagusia birusa izan den kasuak daude bilduta. Zehaztu dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 60 urte baino gutxiagoko 182 pertsona hil dira; birusak hiru herrialde horietan hildakoen %3,9 dira.

Kutsatzeei so, Osakidetzak eta Osasunbideak COVID-19a atzemateko 8.669 test egin zituzten herenegun, eta horien %1,8 izan ziren positiboak: 155. Bizkaian 63 kasu izan ziren; Gipuzkoan, 40; Araban, 26, eta Nafarroan, 25.

Birusa zuten 29 pertsona ospitaleratu zituzten herenegun Hegoaldean. Horiek kontuan izanda, oraintxe bertan guztira 205 paziente dira gaitzak jota erietxeraturik; horietako 62 ZIUetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Marifran Aranjuelo. / ©Maialen Andres, Foku

«Gezur asko esan dizkigute metroari buruz»

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza

Donostiako metroaren aurkako borrokak eta migratzaileen eta presoen aldekoak bizi dute, gaur egun, Aranjuelo. Ez zaio batere gustatu Donostiak azken urteotan izan duen eraldaketa.

Jatetxe bateko zerbitzaria, atzo, Donostian, bi bezeroren COVID ziurtagiriak egiaztatzen. ©JON URBE / FOKU

Ostalariek ez dute polizia (ere) izan nahi

Maddi Ane Txoperena Iribarren Ane Eslava

Atzotik, Euskal Herri osoan da indarrean COVID ziurtagiria. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 lagunetik goitiko jatetxeetako langile eta bezeroek egun batetik bertzera egokitu behar izan dute neurrira

Miren Basaras. / ©Aritz Loiola, Foku

«Pandemiak loa galarazi dit niri ere»

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Miren Basarasek esan du txertoak «oso onak» izan arren, transmisioa eteteko neurriak ezinbestekoak direla. Uste du askatasunaren izenean txertoari uko egiten diotenak «berekoiak» direla.

Otxarkoagako bizilagunak, protesta batean, asteartean. / ©Aritz Loiola, Foku

Betiko zerbitzua gura dute Otxarkoagan

Ibai Maruri Bilbao, Bizkaiko Hitza

Kutxabankek astean egun bitara murriztu du Bilboko Otxarkoaga auzoan dagoen bulego bakarreko leihatila zerbitzua. Bizilagunek protestak hasi dituzte. Bankuek, oro har, Bizkaian, bulegoen %45 itxi dituzte azken hamabi urteetan. Kutxabankek dio erabilera gutxitu delako hartu dutela erabakia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.