Albistea entzun

Hezkuntza itunerako bidea (II). Segregazioa.

Klaseak ez dezan ikasgela baldintzatu

Ikastetxeen arteko desorekak arintzeko neurri sorta bat planteatu dute Eusko Legebiltzarrean, hezkuntza ituna adosteko prozesuan. Proposatu dute eskola adjudikatzeko baremazio sistema moldatzea eta maila sozioekonomiko ezberdinetako ikasleak «modu orekatuan» banatzea, besteak beste.

Haur bat patioan bakarrik, artxiboko irudi batean.
Haur bat patioan bakarrik, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2021eko abenduak 29

Desoreka. Hori da, funtsean, eskola segregazioa. Maila sozioekonomikoaren araberako banaketa, hezkuntza publikoaren funtzio berdintzailea bazter utzita. Hala, sare publikoko ikastetxe jakin batzuetan pilatzen dira maila ekonomiko apala duten ikasle gehienak, eta horrek eragina du neska-mutilen errendimendu akademikoan, komunitate batzuen estigmatizazioan, zentroen masifikazioan, irakasleen lan baldintzetan eta beste hainbat esparrutan. Mezu argia eman dute hezitzaileek eta adituek: behar bereziak dituzte eskola horietan, eta administrazioak kontuan hartu beharko luke egoera hori. Neurriak hartu, ikasle guztiek aukera berberak izan ditzaten.

Auzia ez da berria. 2018an, Zubiak Eraikiz plataformak herri ekinbide legegile bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, segregazioaren aurkako neurriak eskatzeko: 17.000 sinaduraren babesarekin egin zuen proposamena. Parlamentuak, ordea, atzera bota zuen eskaria, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin. Argudiatu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza legean jasoko zutela gaia, aurrerago. Hiru urte igaro dira ordutik, eta arazoak urrun dauka konponbidea.

Hezkuntza lege berri baterako oinarriak ezarriko dituen lantalde parlamentarioan parte hartu zuten adituen ustez ere, segregazioa da sektoreak duen erronka nagusietako bat. ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko zuzendari Eduardo Ubieta izan zen azaroko agerraldi sortan parte hartu zutenetako bat. Haren irudiko, bi aldagaik baldintzatuko dute hezkuntza sistemaren etorkizuna: jaiotza tasaren jaitsierak eta migrazio saldoak. Ubietak zehaztu zuen segregazioa ez dela sare publikoaren eta itunpekoaren artean soilik gertatzen, eta eskatu zuen begirada jartzeko baita matrikulak non egiten diren ere.

Juan Ignacio Perez Iglesiasek, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun eta errektore ohiak, aipagai izan zuen hezkuntzaren funtzio berdintzailea. Haren esanetan, «mito bat» da ikasleek erabateko aukera berdintasuna dutela, baina hezkuntzak badu «herritarren arteko desberdintasunak desagerrarazteko funtzioa», eta bereziki familia pobreenetako ikasleentzat da garrantzitsua kalitatezko hezkuntza jasotzea.

Zortzi proposamen zehatz

Desoreka arintzeko neurri zehatzak ere ezagutu ahal izan dituzte Eusko Legebiltzarreko taldeek, batzorde txostengilean. Alvaro Ferrer eta Lucas Gortazar adituek, esate baterako, zortzi proposamen jarri zituzten mahai gainean, Diversidad y libertad. Reducir la segregación escolar respetando la capacidad de elección de centro [Pluraltasuna eta askatasuna. Eskola segregazioa murriztu, ikastetxea aukeratzeko gaitasuna errespetatuz] izeneko txostenean.

Besteak beste, galdegin dute eskola adjudikatzeko puntu sisteman «diskriminazio positiboa egitea maila sozioekonomiko baxua duten familiei»; bi zerrenda osatzea, modu orekatuan banatzeko abantailak dituzten ikasleak eta ez dituztenak; pizgarriak ematea, «irakaslerik onenak behar gehien duten eskoletan egon daitezen»; ikastetxeak egoki finantzatzea eta hezkuntzaren benetako doakotasuna bermatzea.

Ikastolak eta sindikatuak

Ikastolen Elkarteak ere heldu dio ikasleen banaketa desorekatuaren auziari. 2018an, Atzerritar jatorria duten ikasleen eskolatzeaz txostena argitaratu zuten. Agiri hartan, hezkuntzako eragile guztien «konpromisoa» eskatu zuen elkarteak: «Ikastolok, geure erantzukizunak betetzeko prest egoteaz gainera, gurekin nahi ditugu [atzerritar jatorria duten ikasleak]. Segregazioa arazoa delako guretzat ere, eta geuk ere bukatu nahi dugu bazterketa hori».

Aurtengo batzorde parlamentarioan ere parte hartu dute ikastolek, eta koska bat harago eraman dute beren proposamena. «Publiko-pribatu eztabaida» alboratzeko galdegin dute, haien ustez sistema publikoaren parte direlako «izaera sozial nabarmena» duten ikastetxeak, irabazi-asmorik gabekoak eta hezkuntzaren arloan ongizate estatuaren oinarrizko helburuekin bat egiten dutenak. Segregazioari dagokionez, proposatu dute ikastetxe guztiak behartzea ikasle zaurgarriak era progresiboan jasotzera, beren eremuaren arabera dagozkien kopuruan, oreka bat ezarri arte.

Segregazioa erauzteko asmoa agertu dute hezkuntza sektoreko sindikatuek ere: ekitatea bermatu eta desorekak gaindituko dituen hezkuntza sistema aldarrikatu zuen LABek, azaroko batzorde parlamentarioan eginiko agerraldian. Sindikatuak salatu zuen gaur egungo sistemak «kanpotik datozen edo egoera ekonomiko zaurgarriagoan dauden ikasleen segregazioa» eragiten duela, eta «balioetan» oinarritutako hezkuntza baten alde jotzera premiatu zuen administrazioa. Steilasen aburuz, ikasleen bereizketa desorekatuak erro sakonak ditu, «egiturazkoa den baztertze logika baten» ondorioa delako. Arazo horri aurre egiteko bide bakarra «hezkuntza publikoa lehenestea» dela uste dute sindikatuko ordezkariek, «denek joko arau berberak» izan ditzaten. CCOOk, azkenik, «gardentasuna eta benetako kontrolerako mekanismoak» proposatu ditu.

Bihar: Hizkuntza.

Jarraitu irakurtzen: Hezkuntza itunerako bidea testu bilduma

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Onkologikoko pazienteek kezka azaldu dute zentroak «erreferentziazko izaera» galdu duelako

Onkologikoko pazienteek kezka azaldu dute zentroak «erreferentziazko izaera» galdu duelako

Arantxa Iraola

Manifestazio baterako deia egin dute langileekin batera, hilaren 15erako; 'Onkologikoa monografikoa eta bizirik' aldarriak batuta irtengo dira dira kalera guztiak.

San Cristobal de las Casas herriko irudia, Chiapasen, Mexikon. ©Carlos López, EFE

Chiapasen desagertu diren bi euskal herritarrak aurkitzeko laguntza eskatu dute haien familiek

Uxue Rey Gorraiz

Gutxienez hilabete daramate desagerturik, Frantziako Enbaxadak jakinarazi duenez. Bat Donibane Lohizunekoa da; bestea, Ziburukoa.

Gipuzkoako autobus publikoak, artxiboko irudi batean. ©Jon Urbe / FOKU

Hamabi urtetik beherakoentzat garraio publikoa doan izatea atzera bota du Eusko Legebiltzarrak

Iñaut Matauko Rada

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan garraio publikoa 12 urte bitarteko umeentzat doan izatea eskatu du EH Bilduk legez besteko proposamen batekin, baina EAJren eta PSE-EEren osoko zuzenketa bat onartu dute horren ordez.

Baionako presondegia, artxiboko irudian. ©Guillaume Fauveau

Gizon bat atxilotu dute Baionan bilobei sexu erasoak egin izan dizkielakoan

Oihana Teyseyre Koskarat

Haren biloba batek baino gehiagok haren kontrako salaketa jarri dute. Hamar urteko epean sexu erasoak egin izana leporatzen diote.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...