Hezkuntza itunerako bidea (IV). Ikastetxeen ekarpena.

Hezkuntza behetik gora eraikitzen

Ikasleen errealitatea bertatik bertara ezagutzen duten ikastetxeetako zuzendariek ere egin dizkiete hezkuntza akordiorako proposamenak legebiltzarkideei. Ikasle asko jasotzen dituzten ikastetxeek autonomia eskatu dute, besteak beste; txikiek, aldiz, beren ezaugarriak aintzat hartzeko.

Aranabizkarra ikas komunitatea, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Txikiak, handiagoak, segregazioa dutenak... Hainbat motatako ikastetxetako zuzendariak igaro dira Eusko Legebiltzarretik, eta bakoitzak bere talaiatik egin dizkio ekarpenak eta eskariak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ondu asmo duten hezkuntza lege berriari. Gertutik ezagutzen dituzte ikasleen ezinak eta lorpenak, zerk funtzionatzen duen eta zer aldatu behar den. Behetik gora eta txikitik handira egin dituzte proposamenak: autonomia eskatu dute zentrorik handienek, eta zenbait alorretan eredu izan daitezkeela aldarrikatu dute txikienek.

540 ikasle inguru hartzen dituen Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzeta ikastetxeko zuzendaria da Mikel Juaristi. Hezkuntza sistemaren eraldaketa du begiz joa, eta legedi baten bidez egin behar delakoan dago. Baina, lege hutsez harago, «bermeak» behar direla uste du. Helburua ere argi du: «Nire ustez, hezkuntzak bermatu behar duena hau da: ikasle ororen arrakasta».

Horretarako, badago zer aldatua, Juaristiren irudiko. Zuzendaritzetatik hasi da. Haren esanetan, kargu horietarako eskatzen dituzten baldintzek ez dute bermatzen gaitasunik: «Baldintza horiek ez daukate inolako loturarik lidergoarekin, eta, gainera, zuzendaritzarako beharrezkoa den profila ez dute bermatzen». Irakasleekin jarraitu du: «Uste dut ebaluatzeko ohitura gutxi daukagula ikastetxeetan: ateak itxi, eta bakoitzak nahi duena egiten du; kritikarako joera gutxi daukagu, eta ez zaigu gustatzen gure lana zalantzan jartzea. Kritika konstruktiboak egin behar ditugu, modu sistematizatu batean. Bada garaia irakasleen ebaluazioan lanean hasteko». Eta, oro har, ikastetxeentzako autonomia eta eskumenak eskatu ditu: «Autonomia eta eskumen gehiagorekin egiteko aukerak zabaltzen zaizkigu. Zuzendaritza taldeak edo ikastetxe horretako liderrek egiteko aukerak izango lituzkete, erantzukizunak eman eta erronkak planteatzeko aukera izango lukete, baina, horrez gain, exijitzeko aukera izango lukete. Behin erantzukizunak eskatu eta exijitu ostean, errekonozitzeko aukera etorriko litzateke».

Juaristik bezala, zentroei autonomia ematea nahi du Gasteizko Aranbizkarra ikas komunitateko zuzendari Irantzu Gallastegik. Haiengan «konfiantza» izatea nahi du, baina sistema «desregularizatu» gabe: «Proiektu baten garapenean gauza asko erabaki behar dira, eta askotan ez dago askatasun nahikorik, arauditik hasita. Trabak topatzen ditugu alderdi askotan».

Hezkuntza akordiorako bidean lantzen ari diren gai nagusietako bat, segregazioarena, gertutik bizi dute Aranbizkarran. Eskolako 380 ikasleetatik gehienak atzerritar jatorrikoak dituzte. Segregazioaren arazoa murrizteko bidean bi ildotan lan egin behar dela irizten dio Gallastegik. Alde batetik, neurri administratiboak hartuta: matrikulazio bulego bakarra jarri, eskola mapa berrikusi... Beste aldetik, gizartean lanketa bat eginda: «Hainbat mito desegin behar dira, eta gizarteari helarazi behar zaio batzuk eta besteak elkarrekin egonda emaitzak ez direla okerragoak izango».

Txikitik handira

Txikiak ere badu zenbaitetan zer irakatsi handiari. Adin aniztasuna, tamainak berak dakarren hezkuntzaren pertsonalizazioa... Hainbat bereizgarri dituzte eskola txikiek, eta horietako batzuk hezkuntza legerako baliagarriak izan daitezkeelakoan dago Mikel Goñi, azken urteetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola txikien koordinatzaile izandakoa.

Eskola txikien ezaugarri behinena, txikia izatea bera, hedatzeko eredua dela nabarmendu du: «Ez dakit muga kuantitatibo bat jarri behar zaien, baina eskola batek eskola izateko behar du harreman sozialetan aberatsa izango den gune bat sortzea, eta 200 ikasletik gora zaila da harreman sozial naturalak eta burokrazia gehiegirik gabeak sortzea».

Hainbat adinetako ikasleak geletan nahastea ere baliagarria iruditzen zaio aniztasuna erdiesteko bidean: «Guk adin aniztasuna daukagunean hau aurkitzen dugu: badaukagula sistema bat arautua urteka, hiruhilekoka... Ebaluazio prozesu zurrun bat pasatzen du, eta, horren eraginez, askotan ikasle batzuk kanpoan uzten ditu». Finean,aniztasunak izan behar luke helburu nagusietako bat, Goñiren ustez: «Eskolaren barnean gauden guztiok, ezkerretik eskuineraino eta behetik goraino, beharrezkoa dugu aniztasuna aberastasuna dela ulertzea, aberastasuna dela sentitzea, aberastasuna dela sinistea, eta, ondorioz, aniztasuna aberastasuna dela bizitzea».

Etzi: Digitalizazioa: egungo egoera eta etorkizuneko erronkak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.