Jonathan Caro.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Zauria ixten

2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Badirudi koronabirusaren pandemiak zahar-etxeak atzean utzi dituela, eta berarekin batera, horri buruzko gizartearen kezkak ere bai. Hasiera batean egunkarietan, eztabaidetan edo telebistan etengabe entzuten genituen zaharrentzako egoitzei buruzko berriak: hainbat hildako hemen, zenbait gaixo han, inspektoreek nonbaiteko erresidentzia itxi omen dutela, familiak haserre egoitzen aurrean... Eta orain, isiltasuna.

Ulertzen dut nola funtzionatzen duen gure gizarteak eta nolako oroimen ahula daukagun biztanleok; horren ondorioz, gauzak ez dira erraz aldatzen eta hori benetan arduratzen nauen gaia da. Izan ere, zahar etxeen funtzionamendu irizpideak berberak dira orain eta pandemiaren aurreko momentuak konparatzen baditugu. Zahar-etxe bat aurrera eramateko langile kopurua ez da aldatu, profesionalen profilak berberak dira eta baldintza hauek arautzen dituzten legeak berritu gabe daude. Hala eta guztiz ere, ez omen da komunikabideen eztabaidentzako gai erakargarria.

Askotan idatzi dut honi buruz, baina oraingoan ez naiz hain ezkorra izango,populazio zaharrarentzako berri onak baitaude: Osakidetzak iragarri du geriatriako mediku espezialistak barneratuko dituelaEuskal Herriko osasun sisteman. Gustatuko litzaidake geriatrian espezialistak diren erizainek ere pertsona zahar hauek zaintzea, baina horrek itxaron beharko du oraindik. Beste aldetik, foru aldundiak ere zaharren egoitzen ereduak hobetzeko asmotan daude eta horretarako adituen eta gizartearen laguntza eskatzen ari dira. Arartekoa ere horretan dago, adituen laguntzaz instituzioei norabidea erakusteko txostenak egiten. Zerbait mugitzen ari da zahartzaroaren arloan eta horrek itxaropena dakarkio gero eta zaharrago den biztanleria honi.

Ez dakit hurrengo hamarkadan zer-nolako egoeran egongo diren zahar-etxeak. Baliteke osasuna zaintzeko antolaketa ezberdina izatea, agian eraikinen ezaugarriak etorkizuneko egoerara moldatuta egotea, beharbada egoitza hauek funtzionatzeko arauak zorrotzago izatea eta profesional gehiago eta hobeagoak edukitzea derrigorrezkoa izatea. Irtenbide egokia aurkitzea ez da erraza, baina garrantzitsuena gaiari gogor ekitea da. Pertsona zahar askok zahar-etxe bat aukeratzen dute euren bizitzako azkeneko urteak pasatzeko, beste batzuk gaixotasunak behartuta doaz, baina batzuen eta besteen egoera ahaztea onartezina bilakatu behar zaigu gizarteari.

Koronabirusak zauri handia egin du zaharrentzako arreta sisteman eta, era berean, zabaldu ditu antzinatik zeuden pitzadurak. Bikain sendatu behar ditugu zauri hauek etorkizunean berriz erorialdirik ez egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.