EAEko hezkuntza legea. Hezkuntza akordioa (II). Ikoitz Arrese (EH Bildu).

«Segregazioari aurre egiteko neurri zehatzak daude itunean»

Hezkuntza itunean koalizioaren xede nagusiak badaudela iritzita, gustura dago Arrese. Aitortu du euskarazko murgiltzea bere horretan ezin izan dutela jaso, alderdien arteko adostasun faltagatik.

Irati Urdalleta Lete.
Gasteiz
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
«Korapilatsua» izan da Ikoitz Arreseren (Bilbo, 1987) hitzetan Hezkuntza Legearen oinarriak ezarriko dituen itunerako bidea.Azkenean, hilaren 18an lortu zuten ados jartzea, eta handik astebete eskasera hartu du BERRIA EH Bilduko legebiltzarkide eta Hezkuntza idazkariak.

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk lortu duzue hezkuntza akordioa. Korapilatsua izan al da prozesua?

Bai, korapilatsua, luzea eta nekeza, baina uste dut denbora honetan guztian izandako bilerek, negoziazioek eta alderdiekin eta hezkuntza komunitatearekin izandako hartu-emanak erakutsi dutela herri akordioak erdiesteko gaitasuna badugula.

Zuzenketak bozkatzeko egunean, zertan ez zenuten lortzen ados jartzea?

Batez ere, euskararen aferan. EH Bildurentzat marra gorria zen: argi eta garbi agertu behar zen gutxienez zein zen ikasle guztiekbehar zuten irteera profila.

Esan zenuten zuen xede nagusiak jasota daudela. Gustura?

Bai. Markatu genuen bost helburu nagusi izan behar zituela: ituntze unibertsala amaitzea, sistemaren desorekak gainditzeko neurri zuzentzaileak agertzea, hezkuntza sistemak errotiko eraldaketa bat behar zuela, euskalduntzean jauzi bat emateko balio izatea eta baliabide gehikuntza elkartzea.

Zer ekarpen egin diozue itunari?

Segregazioari aurre egiteko neurri zehatz eta zuzentzaileak agertzen dira; gainera, guk eskatutako segregazioaren kontrako herri itun bat egongo da 2023rako. Oso argi genuen hitzarmen honek balio behar zuela gure hezkuntza sistemak duen arazo larrienetako bati aurre egiteko: segregazioari. Bigarren ekarpena euskalduntzeari dagokio. Ikastetxe guztiek hizkuntza proiektua egin beharko dute, eta horrek irteera profil jakin bati erantzun beharko dio, gutxienez B2 maila izateari. Iruditzen zait sistema duala bukatzeko ere ekarpen garrantzitsua egin dugula.

Zer da euskara ardatz duen sistema eleaniztuna?

Euskara ardatz izanda bi hizkuntza ofizialetan gutxienik B2 maila lortzeko balio duen eredu bat da, eta, gainera, hirugarren hizkuntzan B1 mailara hurbiltzeko urratsak egingo dituena. Eredu honen egitekoa izango da euskara gutxien duenari gehiago ematea.

Zuen proposamena irailean murgiltze eta mantentze eredua ezartzea zen. Atzera egin duzue?

Bere horretan, ez. Egia da testuan murgiltze eredua ez dela aipatzen, lau alderdion artean kontsentsu nahikorik ez dagoelako hitz horren barruan. Murgiltze eredu batetik oso gertu dagoen eredu berri bat izango da eredu eleaniztun hau.

Zer aldaketa ekarriko ditu?

Irteera profila zehaztu denez, ikastetxe guztiek egin beharko duten hizkuntza proiektua B2 maila lortzera bideratua egongo da. Euskararen Ikaskuntzarako Institutuak ikastetxeei hizkuntza proiektuekin lagunduko die, eta, gainera, behar diren bitartekoak ere bertatik kudeatuko dira.

Irakasleek C1+ maila lortzeko laguntzak hitzeman dituzue. Gabeziarik ikusten al duzue?

Bai. Uste dut agerikoa dela zenbait irakasleren hizkuntza gaitasuna ez dela egokia, eskolak behar bezala euskaraz emateko.

Sare publikoa ala itunpekoa aterako da indartuta akordioan jasotakoa legera eramaten bada?

Inongo zalantza barik, euskal eskola publikoak kalitatea irabaziko du hitzarmen honekin.

Eskolek baldintzak bete beharko dituzte ituntzeko. Zein?

Euskal Hezkuntza Zerbitzuko ikastetxeek ezingo dute inongo kuotarik kobratu, sexu bidez segregatu edo erlijioetan doktrinatu; sexu eta genero askatasuna errespetatu beharko dute; eta pribatuak direnek kontratazio garden eta publikoa egin beharko dute. Gainera, tokian tokiko eskola kontseiluetan parte hartu beharko dute. Hizkuntzaren aferan, euskarari dagozkion baldintza guztiak bete beharko dituzte. Administrazioak martxan jarriko du ikuskatzeko prozedura, eta, besteak beste, auditoriak egingo dizkie itunduei, diru publikoaren erabilera zuzen eta irizpide hauen arabera egiten dela ziurtatzeko.

Matrikulazioa ere beste era batera egitea proposatu duzue.

Udal bulegoak sortuko dira, matrikulazioaren kudeaketan irizpideak zehazteko. Zerrenda bikoitzaren sistema jarriko da; alegia, leku batzuk gordeko dira behar bereziak dituztenentzat. Gainera, konplexutasun indizea sortzen da: ikastetxe guztietan diagnostiko zehatza egin, eta neurri zuzentzaileak jarri beharko dira. Segregazioaren eragile den oinarrizko etapa da 0-2a. Jasotzen da doakoa izatea, unibertsala izatea, eta Haurreskolak partzuergoaren baitan antolatzea.

Hezkuntza sistema laikoa dela esaten du. Eskola erlijiosoek ez al dute diru publikorik jasoko?

Oso argia da testua: esaten du hezkuntza sistema laikoa dela eta Espainiako lege organikoak inposatzen digun erlijio orduen minimoa izango dela hemen eman ahalko duten maximoa. Erlijiosoek gainontzekoek bezala bete beharko dute, eta ulertzen dut erlijioso izateari utzi beharko diotela.

Sindikatuek grebara deitu zuten, eta eragile batzuek desadostasuna agertu zuten testuarekiko. Nolako harremana duzue?

Legegintzaldia hasi genuenean, eragile guztiekin bilerak egin genituen, gure asmoak helarazteko. Behin lantaldea hasita, etengabe aritu gara hizketan. Hezkuntza eragileekin dugun harremana oso egokia da.

Grebarako deialdiak eraginik izan al zuen negoziazioetan?

Ez.

Grebara deitu zutenetako bat LAB da. Haren interpretazioarekin bat egiten al duzue?

EH Bilduri ez dagokio sindikatuek aurrera eraman beharreko jardunaren inguruan iritzirik ematea, baina iruditzen zaigu intersindikalak hartu zuten erabakiak diktamenak markatzen duen egoera berrian duela oinarria, eta, beraz, guri erabaki zuzena iruditzen zaigu.

Lau alderdi nagusien arteko akordioa erdietsi duzue. Eusko Jaurlaritzarekiko harremana alda dezake honek?

Bai. Estrategikoak diren arloetan herri akordioen beharraz mintzo gara, eta iruditzen zaigu hezkuntza adibide oso egokia izan dela.

Zer espero duzue Jaurlaritzaz eta hezkuntza lege berriaz?

Garrantzitsua da legea etortzerako hezkuntza komunitatearen akordio sozial bat ere egotea. Ezin dugu aurreikusi legearen alde edo kontra egingo dugun, bide luzea dagoelako. Espero dugu lege proiektua fidela izan dadila akordioan adostutako guztiarekin.

Bihar: Jose Antonio Pastor (PSE-EE).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.