Albistea entzun

EAEko Hezkuntza Legea. Hezkuntza akordioa (III). Jose Antonio Pastor (PSE-EE).

«Erritmoak errealitate soziolinguistikoaren arabera aldatuko dira»

Legearen oinarriak jartzeko ituna ehuntzeko prozesuan talde politiko guztiek zerbait «bidean» utzi behar izan duten sentipena du Pastorrek; goretsi egin du negoziazioetan izan duten jarrera.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2022ko martxoak 31 - Gasteiz

Iluntzen hasia zela, eta eztabaida korapilatsuen ostean. Halaxe lortu zuten PSE-EEk, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legea ontzeko akordioaren gaineko adostasuna, martxoaren 18an. Prozesu «zaila» izan zela onartu du PSE-EEko legebiltzarkide Jose Antonio Pastorrek (Ortuella, Bizkaia, 1959), denek utzi behar izan dutela zerbait «bidean», baina pozik dago. «Nik, bederen, lo lasai egin nuen gau hartan». Aise erabiltzen da egun «historikoa» adjektiboa, baina kasu honetan egokitzat du.

Lortu duzue, ikuskera ezberdinetako talde politikoak izanda ere, Hezkuntza Legearen oinarrietan bat etortzea. Zer iruditzen zaizu nabarmengarriena?

Akordioa lortu berritan egindako agerraldian esan nuen, eta uste dut gainerako taldeak ere bat etorriko direla; uste dut inor ez dagoela guztiz kontent akordioarekin, baina guztiz kontentagaitz ere ez. Denok heldu ginen negoziazioetara gutxieneko komun batzuen bila; non topo egin genezakeen ikustea zen helburua, eta denok hein batean eroso eta identifikatuta sentitzea proposamenarekin. Halako eskuzabaltasun esfortzuak ez dira errazak izaten, baina kasu honetan gertatu egin da. Nabarmentzekoa da hori.

Zertan igartzen da akordioan PSE-EEk egindako ekarpena?

Guk aparteko ahalegina egin dugu alor publikoa beste guztiaren gainetik jartzeko. Eskola publikoak bermatzen du gizartean ikasketak jasotzeko aukera berdintasuna izatea, etxe bakoitzak dituen diru sarrerak edo familia bakoitzaren ezaugarriak dena delakoak izanda ere. Hori lortu dela uste dut. Gu ez gaude itunpeko sarearen kontra, baina, EB Europako Batasunera begira, ezohikoa da gure errealitatea, hezkuntza sistemaren erdia itunpeko eskolen esku baitago. Horrek aldatu egin behar duela uste dugu; apurka-apurka, egoera behartu gabe. Baina argi jarri nahi izan dugu akordioaren oinarrietan zentroek administrazioaren itunpean jardun nahi badute hainbat konpromiso konplitu behar dituztela: esaterako, segregazioaren kontra, inklusioaren alde.

Negoziazioak luzeak izan ziren, azken unera arte jardun zenuten. Esan duzu inor ere zeharo pozik ez dela geratu. Zeri egin dio uko bidean PSE-EEk?

Ez nuke esango propio bazterrean gauza asko utzi dugunik. Baina zenbait puntutan desadostasunak zeuden, argi dago hori. Hizkuntzaren gaia zegoen, adibidez. EH Bilduk hainbatetan murgiltzearen aldeko hautua adierazia zuen; beste muturrean, PPren proposamena legoke, haiek esan izan baitute kuotak gorde behar direla hizkuntza hautu bakoitzarentzat. Bi mutur horien artean, sistemarik onena hautatu dugu akordioan. Onartu dugu bi hizkuntza ofizial ditugula, biek errespetu bera merezi dutela, baina bat minorizatua dela, eta, horregatik, euskarak izan behar duela hezkuntza sistemaren ardatza.

Helburu jakin bat aipatu duzue itunean. Derrigorrezko ikasketak amaitzean, B2 maila eduki beharko dute ikasleek euskaraz zein gaztelaniaz. Euskaraz, egun, sarri ez da lortzen. Zer bide ireki behar dira ikastetxeetan helburu hori lortze aldera?

Hori, hein batean, eskolen autonomiaren araberakoa izango da. Jakina, baliabideak eta bermeak eduki beharko dituzte zentroek. Eta, bide horretan, besteak beste, zera hobetu behar da: emaitzen ebaluazio iraunkorra. Oso garrantzitsua da. Termometro bat etengabe eskura behar duzu nola zoazen jakiteko, zertan kale egiten ari zaren ikusteko, eta emaitzak nola hobetu ditzakezun jakiteko.

Uste duzu hizkuntza eredu honekin lortuko dela ezarri den helburu zehatz hori?

Ez dakit guztiz lortuko den, baina egoerak hobera egingo du. Aurrerapausoak egongo dira. Denek B2 maila lortuko duten? Ez dakit, baina hobera egingo da. Legeak jarri beharko ditu gero helburu horretara ahalik eta modu egokienean iristeko bideak. Baina zimenduak onak dira.

Eskolen autonomia aipatu duzu. Baina zer dio akordioak? Oinarri gisara ezarri duzuen hizkuntza eredu horren arabera, zein izango da irakats hizkuntza zentroetan? Ituna onetsi berritan, interpretazio ezberdinak egin zenituzten alderdiek...

Irakats hizkuntzak biak dira, bi hizkuntza ofizialak. Autonomia Estatutuak berak halaxe dio: bi hizkuntzak ofizialak dira, eta ezinbestean biek ere irakats hizkuntza izan behar dute. Gero zein nagusituko den? Bada, niretzat bietako batek ez du nagusitu behar; arazorik gabe jardun behar lukete herritarrek bietan.

Ados, hori da etorkizunerako zuen asmoa. Baina horretara heltzeko, zein irakats hizkuntza erabili beharko dute eskoletan?

Ohikoena euskara izango da, jarri baitugu euskara ardatz izango duen hizkuntza eredu bat izango dela. Erritmoak ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzaren azterketaren ondorioa izango dira, eta aldatu egingo dira, errealitate soziolinguistikoaren arabera. Prozesu natural baten arabera egin behar da orain hori guztia. Inork deus inposatzen ari zaizkiola sentitu gabe; gainerakoan, jendeak uko egiteko arriskua dago. Eta nik ez dut nahi familia bakar batek ere euskara etsaitzat hartzea.

Eskola publikoaren alde egin duzuen ahalegina aipatu duzu. Nola egin aurre legean egun dagoen segregazio arazoari?

Neurriak hartu behar dira; hezkuntza ikuskaritzak zeresana duela uste dut, eta tentuz aztertu behar dela matrikulazioen gaia. Haurrak matrikulatzeko orduan, finantzaketa publikoa jasotzen duten zentro guztiak hartu behar dira kontuan. Jakina, erosoagoa da eskolentzat ikasleria homogeneoa izatea, egokitzeko aparteko zailtasunik gabeko ikasleria...

Baina horrelako ikasleak bakarrik izatea iruzur egitea da...

Bai, eta iruzur horiek tamalez gertatzen dira gaur egun. Matrikulazio prozesuek gardenak izan behar dute, eta hor zeresana dute hezkuntzako ikuskariek eta udalek, udaletako hezkuntza batzordeen bidez. Eta diru publikoa jasotzen duten zentro guztiek gainerakoen jarraibideak konplitu behar dituzte: igual-igualak.

Hezkuntza sistemaren laikotasuna ere hizpide hartu duzue akordioan. Kristau eskolen sarea indartsua da. Zer bilatu duzue aipamen horrekin?

Ez da deus berria. Nik ez diet izaera konfesionala kenduko zentro horiei, baina beren jardunbidean espazio jakin batzuetara mugatu beharko dute izaera hori. Eskolan araututako jardueretatik aparte egin beharko diete lekua, ikaslerik ezin baita behartu jardunbide horietara. Jakina, pixkanaka egokitu beharko da eskoletako martxa helburu horretara.

EAJrekin ondo joan al dira akordioa lortzeko negoziazioak?

Izan ziren tentsioak, eta bukaera aldera arte iraun zuten, gainera. Azkenean, ordea, denok gure partetik jarri genuen. Baina, bai, azken egunera arte jardun genuen elkarrizketetan...

Non zegoen trabarik handiena?

Hizkuntzen ezagutzara begira jarri behar ziren helburuetan. Baina lotuagoa zegoen erritmoekin, edukiekin baino.

Bihar: Leixuri Arrizabalaga (EAJ).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Irungo alarde parekidea, atzo. ©JON URBE / FOKU
 ©JESUS DIGES / EFE

Elizaren sexu abusuei buruzko lege «aitzindaria» onartu dute Nafarroan

Ion Orzaiz

Arauak biktimen «aitortza» bermatuko du delitua preskribatuta dagoen kasuetan. Babes ia erabatekoa jaso du foru legeak: Navarra Sumak bakarrik bozkatu du kontra
Uxerra joan zen unea, atzo goizean, Aldako kideen aitzinean. ©BOB EDME

Etxegabetze protokolo bat aktibatzea eragotzi du Alda kolektiboak Bokalen

Oihana Teyseyre Koskarat

Iruzurreko alokatze kontratu bat eginik ere, uxer bat bidali dute jabeek familia bat kanpo ezartzeko. Prozedura «legez kanpokoa» da
LAB errepidea mozten, atzo. ©LAB SINDIKATUA

Gipuzkoako zahar etxeetan greba egin dute aldundiari inplika dadila eskatzeko

Irati Urdalleta Lete

ELAk eta LABek gaurko ere grebara deitu dute, baita hilaren 14rako eta 15erako ere. Protesta gisa, LABek Donostiako sarbide bat itxi du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...