EAEko hezkuntza legea. Hezkuntza akordioa (V). Miren Zubizarreta (ELA sindikatua)

«Itunean lan baldintzak ez dira kontuan hartzen»

Sare publiko bateratura jotzea dauka helburutzat Zubizarretak, eta horretarako «trantsizio bat»; itunean ez du ikusi «borondaterik», ordea. Murgiltzea ez jaso izana ere kritikatu du.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Azpeitia
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Hezkuntza hitzarmenak egungo sistema «betikotzen» duela iruditzen zaio ELAko Hezkuntza arduradun Miren Zubizarretari (Azkoitia, Gipuzkoa, 1979), ez dagoela aparteko alderik lehen testutik oraingora. Hori horrela, zabalik utzi du protesten eta greben atea.

Sindikatuek nahiko parte hartze izan al duzue ituna egiteko prozesuan? Entzun dute zuen ahotsa?

Langileen parte hartzea oso-oso eskasa izan da: zirriborroa onartu eta gero, Hezkuntza Sailarekin aurkezpen bilera bat eta [Eusko] legebiltzarrean agerraldia, hamabost minutu ingurukoa.

Aintzat hartu dizkizuete esanak?

Ezetz esango nuke. Esaten genuen hezkuntza sistemaren norabidea aldatu nahi dugula. Sare publiko bakarrera joan nahi dugu; hezkuntza sistema propioa nahi dugu; eta euskaraz bizitzeko gaitu eta euskaraz bizitzeko nahia sustatuko duen eskola, askotarikoa eta laikoa. Zer ikusi dugu bukaerako dokumentuan? Funtsezkoak diren elementu hauetako askotan ez dagoela asmorik sistema aldatzeko. Euskararen aferak ere asko kezkatzen gaitu. Daukagun irudipena da bakoitzak nahi duena uler dezakeela. Aipatzen da ereduen sistema gainditzea jasoko dela legean? Ez dago horren aurreikuspenik. Jasotzen da murgiltze ereduaren ezarpen orokortu bat? Ez da aipatzen halakorik. Kezkagarriak iruditzen zaizkigun beste formulazio batzuk jaso dira. Ez dugu ikusten sare banaketa gainditzeko benetako asmorik.

Murgiltzearen alde egin duzue. Zer ekarriko du euskara ardatz duen sistema eleaniztunak?

Ez dakigu. Testua, alde horretatik, erabat zehaztugabea da. Eramaten gaitu pentsatzera ez dagoela aldaketarako borondaterik.

Irakasleei ere erreparatzen zaie, C1+ maila erdiesteko laguntzak eskainiz. Hutsuneak al daude?

Esango nuke irakasleen artean salbuespenezko egoerak direla. Hori lortu behar baldin bada, baliabideak eta baldintzak sortu behar dira: formakuntza egokia, denbora egokiak...

Publikoa ardatz izango duen hezkuntzaren alde egiten duzue, baina ELA nagusi da itunpekoetan. Deserosotasunik sortu al du zuen langileen artean?

Gure ordezkariekin eta langileekin nabarmentzen eta ikusten duguna da egungo sare banaketa eta hezkuntza sistema aldatu behar direla. Trantsizio bat irudikatzen dugu.

Nola jo behar da sare publiko bateraturantz?

Prozesu parte hartzailea izan behar luke, eta adostu behar litzateke langileen postuak bermatzea.

Langileek badute borondatea?

Helburu bezala ikusten da beste hezkuntza sistema bat, segur aski publikoa izango dena. Uste dut itunpeko langileak nagusiki kezkatzen dituela bide hori nola egingo den argitzeak.

Itunpekoei %100eko finantzaketa ematea jasotzen du, baldintza batzuk beteta. Ados?

Helburua izanik hezkuntza sistema bakarrera joatea, arazoa izan daiteke kuotak jasotzea; debekatu behar da. Ikusi beharko da nola beteko diren finantzaketa behar horiek. Finantzaketa iturriak kontrolatzeko mekanismo eta auditoria batzuk beharko dira.

Segregazioaren arloan proposatu zenuten mota guztietako kuotak desagertzea, matrikulazio bulego bakarra sortzea eta sexuaren arabera ez segregatzea, besteak beste. Modu batera edo bestera, testuan jasota daude. Gustura zaudete?

Erretorika edo literatura aldetik, badaude hasierako testuan jasotzen ez ziren zenbait gai. Hortik harago, iruditzen zaigu zehaztugabetasun asko daudela. Beste joko bat egin da bigarren dokumentuan: eranskin bat gehitu zaio, jarduera plana deiturikoa, eta hor jasotzen da legeak zehaztuko ez dituen gaiak beste arau eta dekretu batzuen bidez zehaztea. Asko kezkatzen gaitu.

Eskolen autonomiaz ari da testua. Irakasleek inplikazio handiagoa eduki beharko dute?

Uste dut zaila izango dela daukatena baino handiagoa edukitzea. Helburua izan behar da ondo lan egiteko baldintzak sortzea.

Zuen kritiketako bat da irakasleen lan baldintzak ez direla aipatzen. Zer jaso behar luke itunak?

Langileen lan baldintzak ez dira kontuan hartzen, eta ez irakasleenak bakarrik. Iruditzen zaigu garrantzitsua dela behin-behinekotasuna bukatzea hezkuntza publikoan. Beharrezkoa izango litzateke, sistema eraldatu nahi badugu, hezkuntza sareetako langileen homogeneizaziora jotzea ere. Eta ratioak hobetzea, ez irakasle - ikasle kasuan bakarrik, baita beste zerbitzu guztietan ere.

Hezkuntza laikoa proposatu zenuten. Eskola erlijiosoetako langileen kritikarik jaso al duzue?

Bakoitzak bere iritzia dauka, baina uste dut badagoela adostasun zabal bat ulertzen duena erlijioak, irakasgai konfesional bezala eliza batek edo besteak zuzenduta, ez duela lekurik izan behar eskolan.

Diruz lagundu behar dira eskola erlijiosoak?

Laikotasunaren baldintza betetzen badute, bai.

Adibidez, Kristau Eskolakoak?

Kristau Eskolako eskola baten erlijio irakasgaia edo eskola publiko batekoa nahiko berdintsua izan daiteke egun. Iruditzen zaigu baldintza batzuk ipini behar direla, laikotasuna bermatu behar dela eta laikoa den eskolak jaso beharko lukeela finantzaketa.

Grebara deitu zenuten, baina atzera egin zenuten. Zergatik?

Batetik, martxoaren 18an lau alderdi politiko nagusiek sinatutako itunarekin sekulako nahasmena sortu zen. Bestetik, nahiko denbora gutxi zegoen ikastetxeetan ondo azaltzeko, lantzeko eta batzarren bidez greba ondo ateratzeko. Batasun sindikalaren haustura gehitu zitzaion. Planteatu genuen eduki aldetik ez genuela ikusten aldaketarik, eta, nahiz eta ostiral horretan ez izan, aurrerago egitea greba.

Batasun sindikala hautsi zen egun hartan. Zer ekarri du horrek? Batzeko aukerarik bada?

Hitz egin behar da; ez da behin betiko haustura. Hezkuntza legearen edukiak baldintzatu nahi baditugu, aukera egokia izango litzateke ahalik eta indar gehien batzea.

Greba deialdiak eraginik izan al zuen negoziazioetan?

Beti susmatu dugu hein handi batean aldez aurretik erabakita zegoela.

Akordioa?

Bai. Akordioa eginda zegoela, edo behintzat helburua zela adostasuna irudikatzea. Horregatik uste dugu bakoitzak nahi duena interpretatzen duela testutik, horri bide ematen baitio. Ez dakigu zer zen garrantzitsuagoa, edukietan benetako adostasuna lortzea edo adostasun hori irudikatzea.

Egun, zer moduzko harremana daukazue beste sindikatuekin?

Ez dugu hitz egin egun hartatik.

ELAk zer asmo du?

Irakurketa kritikoa egiten dugu oraindik ere onartu den dokumentuaren inguruan. Hezkuntza legera begira, edukiak baldintzatzeko prestutasuna dugu. Uste dugu beharrezkoa izango dela mobilizazioa bultzatzea eta greba dinamika bat martxan jartzea.

Asteartean: Nagore Iturrioz (Steilas).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.