Foro sozial Iraunkorra ETAren zazpi biktimarekin bilduko da gaur

jon olano
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Foro Sozial Iraunkorra osatzen duten erakundeetako ordezkariek bilera bat egingo dute gaur goizean ETAren zazpi biktimarekin; zehazki, Iñaki Garcia Arrizabalaga, Maixabel Lasa, Josu Elespe, Naiara Zamarreño, Gorka Landaburu, Alberto Muñagorri eta Maria Jauregirekin. Foro Sozial Iraunkorreko erakundeen artean, berriz, ELA, LAB, CCOO, Steilas, Ahotsak, Bake Bidea, Sare, Etxerat, Paz con Dignidad, Herri Eliza, Antxeta Irratia eta Egiari Zor joango dira bilkurara. Donostiako NH Aranzazu hotelean izango da batzarra, 11:15etik aurrera.

Azken urteetan Foro Sozial Iraunkorrak jorratutako lan ildo nagusietako bat da euskal gatazkaren biktimena. Besteak beste, indarkeria erabili duten talde askotarikoen biktimen arteko topaketak antolatu ditu; iaz, ETAren, GALen eta Poliziaren indarkeriaren biktimen arteko jardunaldi bat egin zuen Bartzelonan uztailean, eta, azaroan, Hitzorduak izeneko topaketa antolatu zuen Nafarroako Parlamentuan.

Gatazkaren beste ondorio batzuetan ere lanean ari da Foro Sozial Iraunkorra, presoen eta desagerrarazitakoen arloan, kasurako. Abuztuaren 27an, hiru egun geroago Bortxazko Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna zela eta, Foro Sozialeko bozeramaileek gogorarazi zuten desagerrarazitako zazpi pertsonaren kasuak argitzeke daudela oraindik, eta horientzat «egia, justizia eta aitortza» eskatu zuten. Zazpien oroimenaren alde egiteko eskatu zioten Eusko Legebiltzarrari, eta datorren urtetik aurrera bere egiteko Bortxazko Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna.

Foro Sozial Iraunkorrak argitzeke dauden 482 kasuen artean jaso zituen desagerrarazitako zazpienak. Dokumentatutakoak dira: Jose Humberto Fouz, Jorge Juan Garcia eta Fernando Quiroga, 1973an; Eduardo Moreno Pertur, 1976ko uztailean; Tomas Hernandez, 1979ko maiatzean; Jose Miguel Etxeberria Naparra, 1980ko ekainean; eta Jean Louis Larre, 1983ko abuztuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.