Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

2021erako opaka

2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun

Atzean uzten ari gara 2020a, annus horribilis hau, eta hasiak gara kontu handiz 2021ean sartzen, kasik hanka puntetan. Iritsia da datorren urterako nahiak eta helburuak zerrendatzeko garaia, eta ea urte ona den. Beteko ote zaizkit gurariak?

Datorren urterako, lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera opa dizuet. Ez, ordea, 2011 eta 2018 bitarteko igoera haien tankerakorik: alokairuak eta eguneroko erosketak garestitu eta garestitu, eta gutxieneko soldata, berriz, hileko 100 euro ere ez zen handitu. Egiatako igoera bat opa dizuet, 2018tik 2020ra arte izandako igoerak bezalako bat, 735,9 eurotik 950era goratu baitute gutxieneko soldata.

Lan prekaritatea desagertzea nahi dut. Langile guztiei ordaindu behar litzaizkieke, nominan jasota, egiatan lan egindako orduak. Inork ezer oparitzen ez badie, langileek zergatik oparitu behar dizkiote beren denbora eta dirua enplegatzaileari? Zoragarria litzateke aldi baterako ezin konta ahala kontratu kateatzeari uztea, eta halako guztiak kontratu mugagabe bihurtzea.

Enpresariak egiaz arduratuko ahal dira langileen osasunaz eta segurtasunaz! Funtsezkoa da behar diren neurri guztiak jartzea inork lan istripurik ez izateko. Eta, batez ere, datorren urterako garrantzitsuena zera izango da, denok etxera iristea lanaldia bukatutakoan. Ez izatea ez malko gehiagorik ez hildako obrero gehiagorik lan istripuak direla kausa. Eta ez ezkutatzea heriotza horiek, gure heriotza horiek, eta haietaz ez idaztea oso-oso letra txikiarekin.

Ederra litzateke sasi-autonomorik ez izatea datorren urtean. Besteren kontura lan egiten duten guztiek eskubide berberak izan behar dituzte, eta hori ez da gertatuko batzuk behartuta baldin badaude autonomo gisa jardutera.

Berdintasuna nahi dut. Berdintasun-berdintasuna, lanean inor diskriminatua izan ez dadin sexuagatik, sindikatu bateko kidea izateagatik edo beste zernahi zirkunstantzia pertsonalengatik. Berdintasun-berdintasuna, emakumeei modua emango diguna gizonek adina kobratzeko gure lanaren truke. Kristalezko sabaiak eroriko ahal dira 2021ean, lurra beira zati txiki gardenez beterik!

Pentsioak handitzea nahi dut. Gure erretiratuen borrokak etekina izatea. Eta gu haien ondoan jartzea, besoz beso, haien borroka gurea ere bada eta.

2021ean kalitate oneko zerbitzu publikoak izatea nahi dut. Izan ere, hauxe ikasi dugu 2020an, ikasi dugunez: osasun publikorik gabe, ez ginela bizirik aterako.

Ez lokartzeko eskatzen dizuet, erne segitzeko. Nahiago nuke datorren urtearen bukaeran modua banu esateko urte ona izan dela zuei guztiei esker, ez duzuela amore eman, eta egia bihurtu dituzuela nire nahiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.