Harrerengatik deklaratu duten sei kideek esan dute euren kabuz jardun zirela

Martxoaren 3an igaroko dira gainontzeko sei kideak epailearen aurretik. Sorturen ustez, «ez da kasualitatea» deklarazio horiek orain egitea

Antton Lopez Ruiz Intxaurrondoko polizia etxetik irteten, urtarrilean. J.M. / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Euskal presoei harrera egiteagatik deklaratzera deituta zeuden ezker abertzaleko hamabi lagunetatik seik atzo deklaratu zuten epailearen aurrean, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Euskal presoei eginiko 95 harrera ekitaldi «antolatzea eta koordinatzea» leporatzen diete, besteak beste. Epaitutakoek esan zutenez, ordea, nork bere kabuz jardun izan dute aldizkako ekitaldietan, «euskal presoen gaiarekin bat egiten dutelako». Are, gehitu zuten ez dutela ekitaldi horietan parte hartzeko inoren baimenik jaso. Kalera Kalera dinamikari buruz ere galdegin zien epaileak.

Hain zuzen ere, Miren Zabaleta, Jorge Olaiz, Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Alberto Matxain eta Irati Tobar igaro dira epailearen aurretik. Guardia Zibilak urtarrilaren 22an atxilotutako Sortuko lau kideak, berriz, martxoaren 3an deklaratu beharko dute. Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Antton Lopez Ruiz igaroko dira epailearen aurretik, Juan Mari Olano eta Julen Larrinagarekin batera.

«Ez da kasualitatea»

Sortuk azaldu zuen egoera ez dela kasualitatea: «Inoizko adostasunik zabalena dago euskal gizartean espetxe politika aldatzearen alde. Atxiloketek eta zitazioek ez diote logika judizial bati erantzuten, baizik Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoak ahalbidetutako egoera berriari». Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak bide beretik eutsi zion: «Ez da kasualitatea eskubideen eta askatasunaren bidean pausoak emateko aukerak agertzen direnean estatuko aparaturik ilunenak bide horretan sabotajea egiten saiatzea». Erantsi zuen Espainiako Auzitegi Nazionala «euskaldunak eta katalanak epaitzeko errepresioaren laborategia» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.