Bakegileek Mikel Barrios babestu dute Mont-de-Marsango presondegian

Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batek Barriosen espetxeratzea arbuiatu du. Uztailaren 4an mobilizazioak egingo dituzte Itsasun eta Iruñean

Ipar Euskal Herriko ordezkaritzako kideak Mont-de-Marsanen, atzo. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Parisko Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio Mikel Barriosi, «erakunde kriminaleko» kide izatea leporatuta. Hain zuzen, atzo sartu zen Mont-de-Marsango presondegira (Okzitania), eta kartzela atarira lagundu zioten Ipar Euskal Herriko ordezkaritzetako hainbat kidek.

Mikel Hiribarren Itsasuko auzapez berriak adierazi zuen «sostengua ekartzera» joan zirela: «Ezin genuen guttiago egin». Mixel Berhokoirigoin bakegilea ere mintzatu zen, eta «aurrera egitea» jarri zuen oinarrian: «Desarmamendua egin genuen bezala, presoen dosierra desblokeatuko dugu bai ala bai». Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak eta Baionako auzapezak ere sare sozialen bidez azaldu zuen bertan egon ez arren «espirituz presente» zegoela. Erantsi zuen zigorra «zentzugabea» dela eta auziak «bizkarra» ematen diola bakeari.

Sarek eskutitz baten bidez salatu zuen espetxeratzea. Gutun bat eraman zuen Frantziak Bilbon duen kontsulatura. «Espetxeen auziari aterabidea emateko ordua da, eta ez konponbideari oztopoak jarriz sufrimendu garaiak errepikatzekoa. Norabide horretan kokatzen dira azkenaldian Frantziako Estatuaren erabaki ezberdinak: Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaeraren ukapena, Josu Urrutikoetxea aske ez uzteko erabakia. Eta, orain, Mikel espetxeratzeko agindua». Aldarrikatu du «konponbiderako garaia» dela, eta irtenbide horretan engaiatzeko eskatu die Frantziako, Espainiako eta Nafarroako gobernuei eta Eusko Jaurlaritzari.

Barriosen espetxeratzea salatzeko mobilizazioa egingo dute larunbatean Itsasun, 17:00etan, herriko lagunek deituta. Sarek ere manifestazioa egingo du egun berean, Iruñeko Felix Munarriz plazatik hasita, 18:00etan, Konponbide garaia da. Izan Bidea. Mikel etxera lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.