Hazkundea moteldu egin da, eta Jaurlaritzak iragarpenak apalduko ditu

Eustatek baieztatu egin du ekonomiak indarra galdu duela urteko hirugarren hiruhilekoan, industriak izan dituen hornidura arazoen ondorioz. Enpleguak ongi eutsi dio, eta 8.000 lanpostu sortu dira

Iker Aranburu.
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak onartu egin du ekonomiak nekez beteko duela 2021erako espero zuen hazkundea. Industriak kolpe handia jaso zuen udan, hornidura arazoak moteldu egin zuelako jarduera, lehenik autogintzan eta ondoren beste hainbat sektoretan. Ondorioz, «oso litekeena da» aurtengorako hazkunde aurreikuspena berrikusi behar izatea, Ekonomia eta Ogasun Sailak onartu duenez. Hala egiten badu, baieztatzeko izango da %6,7ko helburura ez dela iritsiko.

Urrian aurreratutako datuak pixka bat zuzendu zituen atzo Eustatek, baina ez okerrera, hobera baizik. Horien arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordinaren hazkundea moteldu egin da urteko hirugarren hiruhilekoan, aurrekoarekin alderatuz gero. Bigarren hiruhilekoan %2,2 hazi zen, eta hirugarrenean, berriz, %1. Edonola ere, moteltzea ez da iragarri bezain handia izan: %0,8 hazi zela esan zuen urrian.

Orduan, Eustatek jakinarazi zuen industria izan zela moteltzearen eragile nagusia, hornidura katean zeuden arazoak zirela eta. Datuek baieztatu egin dute iragarpen hori: industriak %0,2 egin du atzera hiruhileko batetik bestera.

Tasa negatiboa izan du lehen sektoreak ere (-%7,2). Zerbitzuak hazi egin dira (+%2,3), baina kontsumoarekin lotutako haren osagaia — merkataritza, ostalaritza eta garraioa— %2,7 uzkurtu da.

Urte arteko tasan ere zuzenketa bat egin du Eustatek, gorantz. Urrian, %3,8 esan zuen, eta orain dio %3,9 izan dela. Edonola ere, urrun dago Eusko Jaurlaritzak udako hilabeteetarako egin zuen iragarpenetik (%5,5).

Urritik abendurako hiruhilekoan urte arteko %7,4ko hazkundea iragarri zuen Pedro Azpiazuren sailak, baina orain ez da ausartu kopuru hori berrestera. Hori bai, «ditugun datuek pentsarazten digute urteko azken hiruhilekoa hobea izango dela hirugarrena baino», azaldu du. Besteak beste, 2020ko udazkenean koronabirusaren bigarren olatuak hainbat murrizketa ekarri zituelako ostalaritzan, eta maila horretako neurririk ez dagoelako oraindik indarrean.

Urte arteko tasa izan ohi da fidagarriena ekonomiaren osasuna neurtzeko, gertaera puntualen eragina leuntzen duelako, baina ez da horrela azkenaldian, konfinamenduak eragindako kolpeak, haren erreboteak eta koronabirusaren hurrengo olatuek datuak desitxuratu dituztelako. Horrela, urteko bigarren hiruhilekoan %18,6ko hazkundea eman zuen, inoizko handiena, itxialdiaren hilabeteekin alderatzen delako.

Bizkaiak, datu hobeak

Lurralde historikoen araberako BPGari dagokionez, 2021eko hirugarren hiruhileko honetako bilakaera homogeneoa izan da urte arteko terminoetan: % 3,9ko hazkundea Araban eta Gipuzkoan, eta % 4,0koa Bizkaian. Hiruhilekoen arteko bilakaera desberdinagoa izango da, baina positiboa hiru lurraldeetan: Bizkaian, % 1,4ko hazkundea; Gipuzkoan, %0,6koa, eta Araban, %0,3koa. Azken bi lurralde horietan du industriak pisurik handiena.

Enpleguak bilakaera ona izan zuen uztailetik irailera, %0,9 handitu baitzen dedikazio osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta; zenbaki osoetan, 8.000 enplegu gehiago dira. Urte arteko tasan, berriz, iazko udan baino %3,5 lanpostu gehiago izan dira aurtengoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.