AEB. Abortatzeko eskubidea

Legearen zirrikituetan igeri egiten

Babes federala galduta, AEBetako estatu bakoitzeko legediarekin lortu nahi dute abortatzeko eskubidea babestea. Louisianan, Utahn eta Texasen debekua geldiarazi dute, eta beste estatu batzuetan ere helegiteak jarri dituzte.

Pertsona bat armak debekatzeko eskatuz, eta ez abortua, Gorenak hartutako erabakiaren kontra joan den larunbatean Los Angelesen egindako manifestazio batean. ETIENNE LAURENT / EFE.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Abortatzeko debekuak geldiarazi zituzten herenegun Louisianako eta Utahko auzitegiek, eta Texasko batek, atzo; antzeko helegiteak ezarri dituzte beste dozena erdi bat lurraldetan. AEBetako Auzitegi Gorenak aborturako eskubide orokorra ezabatu eta estatu bakoitzaren esku utzi ostean, administrazio horietara eraman dute borroka emakumeen osasunaren alde lan egiten duten elkarteek.

Ostiralean Auzitegi Gorenaren ebazpena argitaratu zenerako, hamahiru estatuk prest zituzten abortatzeko eskubidea erabat debekatzen edo nabarmen mugatzen zituzten legeak, baita bortxaketen ondorio diren haurdunaldietarako ere. Louisianak 2006an onartu zuen, eta joan den astean hura berriz indarrean sartzea sinatu zuen John Bel Edwards gobernadoreak. Alderdi Demokratako kidea da, katoliko sutsua, eta abortuaren aurkako jarrera izan du beti. Herenegun, baina, Shreveport hiriko klinikak jarritako helegitea onartu zuen Robinson Giarruso epaileak; hamar egun barru jakingo da debekuaren etenari eusten dion ala ez.

Shreveport Texas eta Oklahomako muga-mugan dago, eta azken hilotan auzo estatu horietako paziente ugari hartu dituzte. Ostiralean bertan, Gorenaren erabakia argitaratu eta jarduna eten zutenean, hau zioen Kathaleen Pittman klinikako arduradunak:«Batzuk errepidean ziren, hainbat orduko bidea dutelako hona iristeko. Haien eskubidea izan da orain arte. Haien amonek, eta batzuen kasuan birramonek ere bai, haiek gaur egun baino eskubide gehiago zituzten». Astelehenean debekua kenduta, atzo bertan joateko deitu zieten ostiralean ordua galdu zuten emakumeei. Utahn erabaki bera hartu zuen beste epaile batek, eskubide zibilen aldeko elkarte batek eskatuta.

Texasen ere epaile batek bertan behera utzi zuen berehalako debekua; uztailaren 12an erabakiko du zehazki zer egin. Bi hilabete inguru behar dituzte abortua erabat debekatzeko legea indarrean sartzeko, eta, horregatik, Texasko fiskalak 1973 baino lehenagoko beste lege baten bidez galarazi zituen abortuak ostiralean: hau da, joan den ostiralean eten zuten eskubide konstituzionala onartu aurretik. Orain, zirrikitu txiki bat dago haurdunaldiak eteteko, betiere iaz onartutako sei asteko epearen barran.

Lekuko helegiteak

Lege berriak geldiarazi edo indarrean sartzea atzeratzeko asmoz, abortatzeko eskubidearen aldeko elkarteek helegiteak jarri zituzten astelehenean Kentuckyn, Idahon eta Mississippin, asteburuan Arizonan egin zuten legez, eta Hego Carolinan ere egitekotan dira. Beste estatu batzuetan, estatuko konstituzioan jasota dago aborturako eskubidea, pribatutasun eskubidearen barruan: Ohion, Floridan eta Montanan, esaterako, argudio horrekin jarri diote helegitea debekuari. Kansas salbuespena da estatu errepublikanoen artean, eskubidea konstituzioan jasota egonik ez dutelako abortua debekatzeko legerik. Abuztuan, alabaina, herritarrei galdetuko diete abortatzeko eskubide horri eutsi nahi dioten ala ez.

Unean uneko lasaigarri izango dira debekuen blokeoak, baina nekez konponbidea, erakunde feministek ohartarazten dutenez. Edozelan ere, argi dago katramila juridikoa hasi baino ez dela egin.

Estatu progresistak

AEBetako hegoaldean eta erdialdean ezarri da nagusiki abortatzeko debekua. Pazifikoko estatuetan, ipar-ekialdekoetan eta Illinoisen, Minnesotan, Mexiko Berrian eta Coloradon oso bestelako jarrera hartu dute, Estatu Batuetako bi mutur ideologikoen arteko arroila handitzen ari den seinale. Hala, 21 estatu aurrekoietako eta hiriburuko fiskal nagusiek ohar bateratu bat atera dute, estatuaren kanpotik datozen pazienteei babesa emango dietela bermatuz. Washingtonek estatuko konstituzioan txertatu nahi du abortatzeko eskubidea.

Estatu batzuk oso kontserbadoreak izanda ere, horietako hiri handiak aurrerakoiagoak izan ohi dira. Cincinnatiko (Ohio) alkateak, esaterako, emakumeen osasuna bermatzeko ahalik eta neurri gehien hartzeko borondatea adierazi zuen, baita abortatzeko estatutik kanpora joan behar zuten udal langileei bidaia ordaintzeko ere. Aftab Purevalentzat, bere lana ez da «estatuko legebiltzarrari eta gobernadoreari erraz jartzea andreak 50eko hamarkadara eraman ditzaten eta eskubideak gal ditzaten»; bere egitekoa «helburu hori zailtzea» da.

Enpresa asko hasi dira iragartzen haurdunaldia eten nahi duten enplegatuei lagunduko dietela estatutik kanpo abortatu behar dutenean. Hollywoodeko konpainiek eta zenbait multinazionalek bat egin dute neurriarekin. Diru bilketak ere hasi dira, abortua libre den lurraldeetako mugaldeetan klinikak zabaltzeko. Ipar Dakotako klinika bakarrak, esaterako, hiru egunetan bildu zuen beharrezko dirua Red River Women's Clinic Fargo hiritik aldameneko Moorheadera lekualdatzeko. Elkarri itsatsita daude hiri horiek, baina Moorhead Minnesota da; Tim Walz gobernadore demokratak agindu berezi bat sinatu berri du abortatu nahi duten emakumeei babesa emateko eta debekua indarrean duten estatuei gaiari buruzko informaziorik ez emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.