Energiaren etorkizuna. Fusioa. Fernando Plazaola. Fisikan doktorea

«Fusioaren arazoak ez dira ezer, gaurko zentralen aldean»

K. SARASOLA / EHU.
Edu Lartzanguren.
2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun

Fernando Plazaola Muguruza (Legorreta, Gipuzkoa, 1958) fisikan doktorea da, eta irakaslea EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Horren dekanoa ere bada, 2018. urtetik.

Ikusi gehiago:Lehen aldiz fusio errentagarria lortu dutela baieztatu dute AEBek

Zer garrantzi du aurkeztu duten esperimentu honen emaitzak?

Egia bada, ikaragarria. «Egia bada» esan dut, oraindik analisietan daudelako. Mugarri bat da, oso garrantzitsua. Sekula ez da lortu Lur planetan fusio erreakzio batean energia irabaztea. Kasu honetan gehiago lortu da, esan dutenez.

Zer zalantza dituzu esperimentuaz?

ITER-en espero da 2035erako lortzea hau, baina han hamar aldiz energia gehiago lortzea da helburua. ITER egitasmoa erabat gardena da. Konfinamendu inertziala batez ere, Kaliforniako laborategi horretan egiten ari dira, laserrak erabilita. Beste metodologia bat da, beraz, eta kontuan hartu behar da laserrak defentsarako tresna direla. Beraz, informazioa ez da horren argia. Horretan datza nire zalantzetako bat, zeren eta uste dut ez dutela prozedura zientifikoa jarraitu. Baina ez honetan ez eta beste askotan ere. Prozedura zientifikoa betetzeko, lehenbizi, aditu batzuek aztertu behar dute argitalpen zientifiko bat eta balioztatu metodologia eta datuak ondo daudela. Kasu honetan horren aurretik ari dira informazioa ateratzen. Baina ez gara urrun joan behar hori kasu guztietan aintzat hartzen ez dela ikusteko: Irulegiko Eskuarena ere bide beretik joan da, oraindik ez delako aldizkari zientifiko batetik pasatu. Jokamolde hori oso zabalduta dago gaur, zoritxarrez.

Energia krisiko une batean gaude, oso larrian, eta zerbait eman nahi dute pixka bat hori ahazteko. Nahiago izan dute albistea berri-berria eman, eta zahartzen ez uztea.

Fusioaren bidezko energia panazea gisa aurkezten ari dira batzuk, energia «garbia eta mugagabe» gisa. Fisio zentral nuklearrak ere horrela saldu zituzten hasieran, arazoak ikusi ziren arte. Jende askok galdetuko du: fusioak ere ez al ditu bestelako arazoak ekarriko?

Hau esperimentu bat da, eta hortik zentral elektriko batera joateko, oraindik asko falta da. Egia da epeak laburtzen ari direla azkeneko urteotan. Nik banekien hurbil zeudela, baina ez nuen espero hain arin lortzea, egia baldin bada. Edonola ere, fusioan erreakzioa bakarra da, eta beti berdina. Horrek esan nahi du horrekin ondo egin dezakegula lan. Printzipioz, energia kopuru handia lortzeko bide egonkor bat izan daiteke, baina baditu kalte batzuk. Ez da erabat garbia guztia. Tritioa erabiltzen da hor, eta hori hidrogenoaren isotopo erradioaktibo bat da. Ez da egonkorra, desintegratzen da, baina 12 urte inguruko erdi-bizitza du, eta igortzen dituen elektroiak energia baxukoak dira. Beraz, oso jasangarria da. Fisioko zentral nuklear batean milaka urterako isotopo erradioaktiboak ditugu. Beste arazoa: neutroiak sortzen direla. Neutroiek erreaktorearen paretak jotzen dituztenean horietan erabili ditugun materialak ez badira aproposak, aktibatu egin daitezke. Baina problema horiek txikiak dira, denborarekin gaindi ditzakegulako. Edonola ere, gaurko fisio zentral nuklearrekin konparatuta, arazo horiek ez dira ezer.

Lehenengo fusioko zentral elektrikoak hamar urte barru ikusiko direla esaten ari dira. Errealista al da epe hori?

Europa beste zapi herrialderekin bultzatzen ari den ITER egitasmoan, orain AEBetan frogatu dutena, 2035erako frogatzea espero dute. Horren ostean egingo dute zentral elektriko bat, probarako. Horrek esan nahi du 2045-2050erako dena prest egongo litzatekeela, dena ondo bidean. Baina egia da aldaketa oso handiak gertatu direla azkeneko bost urteotan; azkena otsailean. Halako makina batean lortu dute orain arteko energia handiena, ez irabazia, orain bezala, baina bai handiena. Gainera, beste prozesu bat sortu da, eta beste motako erreaktore mota batzuk sortu dituzte, besteak beste MIT institutuan [AEB] lorturiko aurrerapen handiei esker. Badaude aukerak erreaktore askoz txikiagoak garatzeko, eta prozesua azkartzeko. Google eta Facebook ere hasi dira dirua sartzen horretan. ITER-en kalkulua badugu, baina besteek esan dute oraindik ez dutela kalkulatu ere egin zenbat denbora beharko duten.

Beraz, itxaropena piztu bai, baina honek ez ditu konponduko orain dugun energia krisia eta klima larrialdia, ezta?

Bi gauza ezberdin dira. Europak 2050erako karbonogabetzeko helburua dauka, eta neu esaten ari naiz fusio energia urte horretarako egon daitekeela prest. Beraz, honek ez du geure gaurko arazoa konponduko. Lortuko du 2050etik aurrera, energia iturri oso ona edukiko dugulako. Baina ordura arte ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.