Energiaren etorkizuna. Fusioa

Lehen aldiz fusio errentagarria lortu dutela baieztatu dute AEBek

Kaliforniako laborategi bateko esperimentuak ezarri duen mugarria aurkeztu dute Washingtonen. Lorpenak «energia garbiaren etorkizuna» aldatuko duela adierazi dute zientzialariek

Lehen aldiz fusio errentagarria lortu dutela baieztatu dute AEBek.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
«Hamarkadak behar izan ditu iragarpen honek», adierazi zuen atzo AEB Ameriketako Estatu Batuetako Energia Departamenduak. Azaldu zutenez, 2022ko abenduaren 5ean Kaliforniako Lawrence Livermore Laborategi Nazionaleko talde batek «historia egin du».

Ikusi gehiago:Fernando Plazaola: «Fusioaren arazoak ez dira ezer, gaurko zentralen aldean»

Orain arte inork ez du lortu fusioa eragiteko gastaturiko energia baino gehiago ateratzea erreakziotik. AEBetako Energia Departamentuaren arabera, operazioa errentagarria izatea lortu dute historian lehen aldiz. Horrek mugarria ezarriko luke gizateriaren energia beharren historian, noiz eta horrek kliman eragin duen larrialdiaren ondorioak gero eta nabarmenagoak diren honetan, eta energiaren arazoa nazioarteko gatazken muinean dagoela oso argi ikusten den honetan.

Iragarpen ofizial arranditsua egin zuten atzo Washingtonen, Energia Departamenduaren egoitzan. Esperimentuan lan egin duten zientzialariak goraipatu zituen Jennifer M. Granholm AEBetako Energia Idazkariak. «Horien lanak lagunduko du konpontzen gizateriaren arazo konplexuenak eta larrienak; esaterako, energia garbia sortzea, klima aldaketari aurre egiteko, eta disuasio nuklearrari eustea proba nuklearrik egin gabe».



Lawrence Livermore Laborategi Nazionalean, fusioa lortzeko konfinamendu inertzialaren metodoa ikertzen aritu dira azken hamarkadotan. Abenduaren 5eko esperimentuan, hidrogeno bolatxo bat munduko laserrik handienarekin bonbardatu zuten. Laborategiak atzo zehaztu zuenez, esperimentuan 2,05 megajouleko indarrarekin jo zioten laserrek helburuari, eta erreakzioak 3,15 megajoule sortu zituela. Hau da, irabazia. Praktikan erakutsi dute fusioaren bidez energia sortu ahalko dela argindar zentral batean.

«Mende batez ulertu izan dugu fusioaren teoria, baina jakitetik egiterako bidea luzea eta malkartsua izan daiteke», esan zuen AEBetako presidentearen Zientzia eta Teknologia aholkulari Arati Prabhakarrek. «Gaurko mugarriak erakusten du zer egin daitekeen jo eta ke lan eginez gero».

Fusioaren bidez energia sortzea «gizateriaren erronka zientifiko handienetako bat da, eta hura lortzea zientziaren, ingeniaritzaren eta, batez ere, jendearen garaipena da», adierazi zuen laborategiko zuzendari Kim Budilek. 60 urteko lana izan dela gogoratu zuen.

Politikariak ere egon ziren aurkezpenean; esaterako, Charles Schumer Senatuko Gehiengoaren burua. «Aurrerapen txundigarri honek eramango gaitu erregai fosilik beharko ez duen etorkizun batera, fusio energia garbiak mugituko duena».

Zoe Lofgren diputatuak bonba atomikoa ekarri zuen Manhattan Egitasmoarekin parekatu du emaitza. «Bigarren Mundu Gerran, Manhattan Egitasmoa garatu genuen, eta emaitzak garaiz lortu. Munduak gaur dituen erronkak ordukoak baino are handiagoak dira. Orain doble egin behar dugu apustua, eta ikerketa azkartu, bideak esploratu, fusioak agindu digun energia garbi eta mugagaberako».

Fisioa baino seguruagoa

Fusioa eta fisioa antzeko hitzak dira, baina bi gauza oso ezberdin.

Fisioa bonba atomikoetan eta gaurko zentral nuklearretako erreaktoreetan erabiltzen dute. Oso arriskutsua da, une oro kontrolpean ez badago kate erreakzioa sortzeko joera duelako berez, Txernobylen (Ukraina) eta Fukushiman (Japonia) agerian geratu bezala. Horrez gain, fisioaren hondakinak oso erradioaktiboak dira, eta arriskutsu izaten jarrai dezakete milaka urtez.

Fusioa beste kontu bat da: izarretan gertatzen den erreakzio bat da; Eguzkian, kasurako. Presio eta tenperatura handien eraginez, bi hidrogeno atomoen nukleoak elkartzen dira, eta, ondorioz, helioa sortzen da. Prozesuan energia asko askatzen da. Prozesuak ez du fisioaren arriskurik, ez duelako kate erreakziorik sortzen. Elikatzen ez bada, berez gelditzen da. Gainera, hondakin erradioaktiborik sortzen badu, erradioaktibitate gutxikoa izaten da, eta urte gutxi behar ditu kaltegabe bihurtzeko.

Fusioaren bultzatzaileek agindu dute prozesua eraginkorra izatea lortzen bada, horrek gizateriaren energia arazoak konpon ditzakeela, indar iturri «agorrezin eta merke» bat lortu ahalko litzatekeelako. Fusiorako kilo bat lehengaik gaurko erregai fosilen kilo batek baino hamar aldiz energia gehiago eman dezake, eginiko kalkuluen arabera. Energia hori sortzean, gainera, prozesuak ez du berotegi gasik askatzen. Hainbatetan jarri duten adibideari jarraikiz, katilukada bat hidrogenoarekin etxe baten energia beharrak ase daitezke ehunka urterako.

Edonola ere, 1950etik ari dira fusioa errentagarri egiten saiatzen, eta dirutza gastatzen ari dira horretan mundu osoan.

Bi metodo erabiltzen ari dira nagusiki munduan, fusio errentagarria lortzeko: atzoko albistearen protagonista den konfinamendu inertziala alde batetik, eta konfinamendu magnetikoa bestetik.

Azken metodo horrek albistea ekarri zuen otsailaren hasieran: Oxfordeko (Ingalaterra) JET laborategian fusio erreakzioen marka ezarri zuten. Bost segundoz eutsi ahal izan zioten fusioari, eta 59 megajouleko beroa sortu zuten. 1997. urteraino egin behar da atzera aurreko marka aurkitzeko. JETek berak segundo bateko erreakzioan 22 megajoule lortu zituen.

Orduan ez zuten gastaturiko energia baino gehiago atera. Baina ohartarazi zuten JET laborategian zuten erreaktorearen imanek ezin zutela kudeatu bost segundoko erreakzio bat baino luzeagorik. Beraz, esperimentuaren garrantzia beste nonbait zegoen: erakutsi zuten ahal zen guztia atera diezaioketela erreaktoreari, plasmaren fisikak nola funtzionatzen duen praktikan ongi ulertzen dutela dagoeneko, eta, ondorioz, saioa erreaktore ahaltsuago batean eginez gero emaitza handiagoa lortuko litzatekeela. Horrek frogatuko luke posible dela fusioaren bidez energia errentagarria lortzea.

Ametsetako erreaktore ahaltsu hori aspaldi ari dira eraikitzen Frantzian, Marseillatik oso gertu: ITER esperimentua. Oxfordeko JET laborategian dagoen makina tokamak motakoa da, hau da, plasma barruan gordetzeko erroskilla huts moduko bat —toro bat, alegia—, eta ITER ere mota horretakoa da. Oxfordeko arrakastak erakutsiko luke ITER-ek ere funtzionatu egingo duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.