inaki petxarroman
ANALISIA

Statkraft, Iberdrola eta eolikoen premia

2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herrian energia berriztagarrien proiektuen berreskuratzeak itxi gabeko zauri batzuen orbainak irekitzeko arriskua dakar. 2000ko hamarkadan, hainbat parke eoliko martxan jarri zituzten Hego Euskal Herrian, erakundeek bultzatuta. Urte gutxiren buruan, ohikoa bihurtu zen inguruko mendietan haize errotak ikustea. Ohikoa bai, baina kritikak ez ziren falta izan. Kontrakotasun hori eta energiaren deskarbonizazioari artean ematen zitzaion garrantzi urria nahikoa izan ziren egitasmo eoliko batzuk baztertu eta Euskal Energiaren Erakundearen begiak bestehelburu batzuetan jartzeko, besteak beste, Arabako gasaren ustiaketan. Horrenbestez, 2020an sortutako energia elektrikoaren %5,2 jatorri eolikokoa zen EAEn. Nafarroan, berriz, mix elektrikoaren energia nagusietan bigarrena zen eolikoa, %36,9ko kuotarekin.

2000ko hamarkadatik hona, asko aldatu da klima aldaketari begiratzeko modua, eta erregai fosilak merke eta erruz lortzen ziren garaia badoa. Deskarbonizazioa eta gizarteak energia fosilarekin duen menpekotasuna gainditzea ez da bakarrik beharrezkoa: presazkoa ere bada orain. Proiektu berriztagarrien olatua apar horiekin dator, premia eta irismen handiagoarekin, eta, besteak beste, Statkraft Norvegiako multinazionalak testuinguru horretan proposatu ditu bi proiektu eoliko Gipuzkoarako.

EH Bilduk eta Azpeitiko Udalak berritasunak ikusi dizkiete proiektuei, eta aztertzeko prest azaldu dira, «eredu aldaketa bat» ekar dezaketelakoan. Eragile batzuek «berritasunak» EH Bilduren jarreran ikusi dituzte, iraganean ezker abertzaleko udalek mendietako proiektu eolikoak gaitzetsi izan dituztelako.

Izatez, erakundeen txostenek aitortu izan dituzte mendietan halako azpiegitura industrialak ezartzeak ekartzen dituen kalteak, paisaian, biodibertsitatean, lurzoruetan, abeltzaintzan... Alde horretatik, kontraesana agerikoa da: ustez ingurumenaren alde eraikitzen den proiektu batek zergatik ekarri behar du horrenbeste albo kalte naturara?

Nagusiki, mendietan eta itsasoan dago haizea Euskal Herrian. Baina tontorrak balio handiko naturaguneak dira, eta Bizkaiko itsasoan lau mila metroko sakonerako plataforma kontinentala dago, eta horrek teknikoki asko zailtzen du offshore proiektuak garatzea. Orduan, zein da irtenbidea? Mendietan 200 metroko haize errotak jarri aurretik, badira eragin txikiagoko irtenbideak ere, eta horietako asko eredu deszentralizatu, estentsibo eta komunitarioetan garatu behar dira: etxeetako teilatuak plaka fotovoltaikoz hornituz, energia eraginkortasuna eta autokontsumoa sustatuz, industrialdeetan eta lurzoru degradatuetan bultzatuz proiektu eoliko eta fotovoltaikoak. Tamaina handikoak ere izan daitezke. Adibidez, Nafarroako ubidea plaka fotovoltaikoz estaltzeko proiektua interesgarria izan daiteke, ikuspegi horretatik.

Eredu aldaketa

Kontua da tokiko proiektu horiek, gehienetan, zuzenean jotzen dutela energiaren monopolioa duten enpresen eredu zentralizatzaile eta intentsiboaren aurka. Horri dagokionez, eredu bera dute Iberdrola enpresa pribatuak eta Statkraft multinazional publiko norvegiarrak. Bide batez, eta aipatzen hasita, Norvegia oso eredu zalantzazkoa da energia trantsizioaren auzi honetan, Europan gas eta petrolio gehien ekoizten duten herrialdeetako bat den heinean.

Trantsizio energetikoaren urgentziaren izenean, naturaguneak negoziorako aukera bat dira Iberdrola eta Statkraftentzat; hots, kapitalaren izenean degradatu daitezkeen ekosistemak. Behin hori egin ostean, ezberdina da baten eta bestearen jokabidea, zeresanik ez da. Batzuk prest daude mozkinen eta kudeaketaren zati bat partekatzeko inguruko eragile eta enpresekin; besteak, berriz, osorik nahi ditu tartaren puskak. Ereduak baino gehiago, beraz, estiloak bereizten ditu bi enpresak.

Amaitu berri den Donostiako Zinemaldian izan da film bat zer pentsatu handia ematen duena: Alcarràs. Filmak kontatzen du nola fruitu arbola sail oparo bat uztera behartzen duten nekazari familia bat planta fotovoltaiko bat eraikitzeko. Galdera dakar berehala: energia garbiaren truke ezinbestekoa al da tokiko nekazaritza galtzea, kontuan hartuta ezinbestekoa dela elikadura osasuntsu baterako?

Eolikoen kokapena ezin da enpresen apetaren esku utzi. Administrazioek erabaki behar dute non, nola eta noiz ezarri azpiegitura berriztagarriak, eta herritarrei bideak ireki haizea eta eguzkia ez daitezen bilaka enpresa handien negozio huts. Azken erabakia hartzeko garaian, beti edo gehienetan, present egongo da galdera bera: zer irabaziko da, zer galdu, eta zer inpaktu izango du ingurumenean? Hortik aurrera, fruitu arbolak sakrifikatu aurretik, beste alternatibak aztertu beharko lirateke. Eta iparrorratz hau ez galdu: nekez ordezkatuko da erregai fosilen ekoizpen guztia berriztagarriekin. Beraz, nahitaezkoa izango da kontsumoa apaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.