Indarkeria matxistagatik 1.592 salaketa jarri dituzte Hegoaldean

Aitak hildako Tenerifeko (Espainia) bi haurrengatik kontzentrazioak egin dituzte hainbat herritan. DONOSTIAKO UDALA.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Urtarriletik martxora emakumeek 1.592 salaketa jarri dituzte Hego Euskal Herriko epaitegietan, indarkeria matxista jasaten ari zirelako. Urteko lehen hiruhilekoan jarritako salaketa kopurua txikitu egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita Nafarroan ere: hurrenez hurren, %6,5 eta %18, 1 egin dute behera, aurreko urteko lehen hiruhilekoaren aldean. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak pandemiaren ondorioei egotzi die jaitsiera. Salaketek ez ezik, biktima kopuruak ere behera egin du: %15,8 jaitsi da Nafarroan, eta %2,8 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Emakumeei ezartzen zaizkien babes neurriei dagokienez, 224 eskaera egin dituzte Hego Euskal Herrian. Horietatik 135 (%60,3) onartu dituzte, eta 89 (%39,7) ukatu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan iazko lehen hiruhilekoan baino %3,7 eskaera gutxiago egin dituzte, eta Nafarroan, %21,7 gutxiago.

Zazpi urteko zigorra

Bestalde, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Nafarroako Probintzia Auzitegiak gizonezko bati ezarritako zazpi urteko kartzela zigorra. Sententzian jasotzen denez, gizona bere bikotekidearen 10 urteko ilobarekin sexu harremanak edukitzen saiatu zen bi aldiz. Bigarren aldian, bikotekideak ikusi zuen. Gainera, ilobarekin bakarrik geratzen zela aprobetxatuz, genitalak ukitu izan zizkion.

Zazpi urteko espetxe zigorra ez ezik, bost urteko urruntze agindua ere ezarri dio epaitegiak, eta 10.000 euro eman beharko dizkio biktimari. Nolanahi ere, zigortuak aukera izango du Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA